Bidean jasotakoaren bilduma

Bigarren lana argitaratu du Bidelapurrak taldeak: 'Gorriak eta bi'. Bikote zena zazpikote izango da, diskoa «apaindu eta osatzeko». Folk estiloko abestiak dira gehienbat

Bidelapurrak taldea bikote bat zen orain arte, eta zazpikote bihurtu da disko berrian. Irudian, zazpikotea, entsegu batean. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
aitor biain
Gasteiz
2018ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Bergara (Gipuzkoa) eta Gasteiz arteko bidean bizi dira Bidelapurrak. Joan-etorrian, noizbehinka, edo orain hemen eta gero han, beste hainbatetan. Bide horretan jasotakoak bildu nahi izan ditu Ander Solozabalek eta Ekaitz Aranberrik osatutako bikoteak Gorriak eta bi diskoan, Bidelapurrak taldearen ibilbideko bigarren lanean. Bidea, ordea, luzea bezain aberasgarria izan daiteke. Izan ere, lau urte pasatu dira taldeak bere lehen lana argitaratu zuenetik (Zenbat negar baztarretan). Bigarren lana, baina, «apurka-apurka» eta «presiorik gabe» egindakoa izan dela adierazi dute. «Beste disko bat egin nahi genuen, eta sortze prozesua luzea izan bada ere, emaitza baino garrantzitsuagoa da guretzat bide horretan bizi izandako esperientzia», aitortu du Solozabalek. Hori bera jaso nahi izan dute diskoan.

Bidelapurrak bi dira, eta zazpi aldi berean. Bikote gisa ekin baitzioten hasieran, baina beste bost batu zaizkie bidean. Talde moduan jardun baitute bigarren lana osatzeko. «Oinarrian, bikote izaera dugu oraindik. Disko hau egiteko gugandik gertu dauden lagun batzuk hartu ditugu, kantak apaindu eta osatzeko, besterik gabe». Taldea alboan izango dute zuzeneko kontzertuetan ere. «Talde moduan osatu ditugu kantak, eta musika aldetik nabari da hori. Baina ez nuke esango ezer galdu edo irabazi dugunik. Gure lanari ekarpen bat egiten diote, besterik gabe». Eragin nabarmena izan du horrek soinuan. Solozabalek eta Aranberrik sortu dituzte kanta guztiak, baina gainerako taldekideek ere jarri dute beren alea. «Aldatu egin dira bakoitzaren ekarpenarekin. Guretik badute kanta hauek, baina baita haienetik ere; haiek ere badira bidelapurrak».

Gorriak eta bi «ikusi eta bizi» dituzte bigarren lana osatzeko orduan, baina ez da «kostatako» disko bat izan, Solozabalen esanetan: «Su txikian egindako lan bat da. Lasai hartu dugu, eta apurka-apurka sortu ditugu kantak; ez dugu presarik izan aldehorretatik». Bidelapurrak ez baita talde «konbentzional» bat: «Momentuan datorrena datorrela egiten ditugu gauzak guk. Kantak entseguetan sortu ditugu, lasai antzean». Prozesuak luze jo badu ere, gustura gaude emaitzarekin. Autoekoizpena da bigarren diskoa ere: Arrasateko (Gipuzkoa) Shot Estudioan grabatu zuten iragan azaroan, Ander Barriusoren gidaritzapean, eta Azpeitiko (Gipuzkoa) 2noisy estudioan masterizatu.

Disko «heterogeneoa» dela iritzi dio Solozabalek, musika estilo asko uztartzen dituena. «Folk zein rock estiloko abestiak uztartzen ditu, batez ere. Diskoa ixten duen abestia gospel bat da, esaterako; denetarik dago». Lehen diskoarekin alderatuta, «oso bestelakoa» da, baina bidelapurren «barne ahotsa» mantentzen du disko honek ere. «Landuagoa da, akaso, baina desberdina harekin alderatuta». Lehen lan hura «countryagoa» zen; bigarrenak, ordea, «gehiago du folketik». «Gure betiko ildoari jarraitu diogu, baina ez dugu aterik itxi bidean. Erreferentziak izan ditugu, noski; musikari izanagatik ere, musikazale ere bagara, eta horrek badu eraginik sortze prozesuan». Solozabalen ustez, halere, eragin horiek zuzenean ez dira kantetan nabari; «zeharka, akaso, bai». «Norberak ez ditu bere influentziak aukeratzen, sortzeko orduan ateratzen dira, besterik gabe».

Bide luzerik ez

Solozabalek eta Aranberrik osatu dituzte abestien hitzak ere, entseguetan gehienak. «Entseguetan egiten ditugu maiz hitzak, bion artean. Modu erraza da guretzat, eta hori da bion arteko sorkuntza eredua». Izan dute kanpoko ekarpenik ere, Irati Majuelo, Ane Zuazubiskar eta Julen Zulaika baitira, Adibidez, Harraparia eta Noraezak jota kantuen hitzak.

Abesti bakoitza gai desberdin bati buruzkoa da, baina oro har, «abstraktuak» dira, eta interpretazio askea dute hitzek. «Letretan indiferentziari kronika ironiko bat nabarmentzen da. Ironia gehiago du disko honek. Aurrekoarekin alderatuta, letrek errima gehiago dute baita ere». Badira, nolanahi ere, poltsa berean sardaitezkeen gaiak. «Badaude belaunaldi ezberdinetako hainbat pasarte diskoan irudikatu nahi izan ditugunak. Gure ingurukoen belaunaldi horien bizipenen ispilu izan nahi du bai disko honek, baita taldeak ere».

Horren adibide da, esaterako Joxe Arrospide kanta. Inor ez da Joxe, baina bada norbait Arrospide. «Asmatutako izen bat da, baina badu nortasun bat izen horren atzean». Frankismoko pasarte bat islatzen du, lehen eskola egunean jasotako kolpeen ondorioz euskara ahantzarazi zioten gazte batena. Arabaman kanta da beste adibideetako bat. «Araba man, Araba ama... Ekaitz eta biok ere Gasteizen ezagutu genuen elkar. Bestalde, beti esan izan da arabarrak ez direla euskaldunak, baina Koldo Zuazok beste hipotesi bat du. Badu sasoi batean Debagoienetik Gasteizera egiten zen bide horren arrastoren bat ere».

Diskoarekin ez dute «bide luzea» egiteko asmorik, nolanahi ere. Oraingoz, otsailaren 17an Bergarako (Gipuzkoa) gaztetxean joko dute, eta martxoaren 23an Donostiako Dokan; lotzen ari dira hurrengo hitzorduak. Diskoaren aurkezpenarekin udara arte aritzea aurreikusten dute, gehiago ez; udan ez dute kontzerturik ematen eta. «Udazkenean ikusiko dugu zer egin, beste formatu batekin jarraitu ala ez; erabakitzeke dugu oraindik. Berriro kobazulora sartuko gara beharbada».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.