155.a gainetik kentzeko ordua

Generalitateko Aldizkari Ofizialak atzo argitaratu zituen kontseilarien izendapenak, eta gaur egingo dute karguaren zina. Torrak «gobernua berrezartzea» du helburuetako bat

Joaquim Torra, erdian, Kataluniako Generalitateko presidente hautatu zuten egunean. Gaur hartuko dute kargua kontseilariek. TONI ALBIR / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2018ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Kataluniak gobernu berria izango du gaur. Joaquim Torra presidenteak astearte iluntzean sinatu zuen gobernuaren osaketa desblokeatzeko dekretua, eta atzo argitaratu zituen izendapen horiek DOGC Generalitateko Aldizkari Ofizialak. Hala, gobernu berriko kideek 11:30ean egingo duteberen karguaren zina. Kontseilariek zina egin ahal izateko haietako batzuk ordezkatu behar izan ditu Torrak, Espainiak uko egin diolako kartzelan dauden Jordi Turull eta Josep Rull eta erbestean dauden Toni Comin eta Lluis Puigen izendapenak argitaratzeari, «bideragarritasun arazoengatik». Haien ordez, Angels Chacon (Enpresa), Laura Borras (Kultura), Damia Calvet (Lurralde eta Iraunkortasuna) eta Alba Verges (Osasuna) ariko dira Generalitateko gobernuan.

Kontseilariek kargua hartzearekin batera, urritik indarrean den Espainiako Konstituzioko 155. artikulua bertan behera geratuko da automatikoki. Generalitateak asteartean iragarri zuenez, kontseilu exekutiboaren lehen bileran hartuko duten erabakietako bat izango da 155. artikulua «bere osotasunean» inpugnatzea. Gaur egingo dute lehendabiziko bilera hori, kontseilariek kargua hartu orduko. Torrak ez ezik, Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidenteak ere parte hartuko du zin egiteko ekitaldian.

Kontseilari ohiei keinua

Izendapenen dekretua sinatu eta biharamunean Belgikara joan zen Torra, han erbesteratutako kontseilari ohiekin biltzeko. Orduan azaldu zuenez, gobernu berriaren «helburu» izango da aurreko gobernua berrezartzea: «Nire presidentetzako egunik zoriontsuena Puigdemont berriz inbestitzen dugunekoa izango da», adierazi zuen herenegun.

Horretarako, espetxean eta erbestean dauden kontseilari ohiekin noizbehinkako kontaktua mantentzeko agindu die gobernukide berriei; ez bakarrik haien «esperientziaren eta orientazioen» berri izan dezaten, herrialdeak bizi duen «ezohiko egoera» islatzeko keinu bat egiteagatik baizik. Horrez gain, Torrak dei egin die Kataluniako enpresariei elkarlanean aritzeko eta «elkarrizketan inplika» daitezen.

Iazko abenduaren 21eko hauteskundeen emaitzetatik sortuko da gobernu berria. Zazpi hilabete igaro dira ordutik, eta alderdi independentziazaleek hainbat oztopo gainditu behar izan dituzte gobernua osatu eta 155. artikulua deuseztatzeko. Gaur izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.