Bidegabekeria bertatik bertara

Bihar hasi eta hilaren 27ra arte, 53 film aurkeztuko dituzte Donostiako Giza Eskubideen XVI. Zinemaldian. Andreen aldarriei buruzko 'Die göttliche Ordnung' lanarekin hasiko da

Bihar hasiko da Giza Eskubideen XVI. Zinemaldia, Die göttliche Ordnung filmarekin. DONOSTIAKO GIZA ESKUBIDEEN ZINEMALDIA.
Maider Galardi
Donostia
2018ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Aurten beteko dira 70 urte Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala sinatu zenetik. Orduan finkatu ziren bizitza duinak bermatzeko gutxieneko baldintzak, eta, edozein diskriminazioren gainetik, pertsonen askatasuna lehenetsi zen lehenbizikoz. Zazpi hamarkadaren ostean, ordea, agerikoak dira eskubide horien urraketak munduko hamaika txokotan. Norbanakoen eskubideok zapalduak izan ohi dira erlijioagatik, jatorriagatik, hizkuntzagatik, sexuagatik... Bihar hasi eta hilaren 27ra bitarte egingo den Donostiako Giza Eskubideen XVI. Zinemaldian, bidegabekeria horiek bertatik bertara ezagutu ahal izango dira, aretoko besaulkiko erosotasunean. Bakoitzaren barnean kontzientzia astintze deseroso bat eragitea da, ordea, jaialdiaren xede nagusienetako bat. Horretarako, 53 film izango dira ikusgai.

Eskubideen urratze horiek ezagutarazteaz gain, zinema jaialdiko antolatzaileek argitara eman nahi dute hainbat taldek baldintza duinak lortzeko egindako lana. Hain justu, Petra Volperen Die göttliche Ordung filmarekin (El orden divino gaztelaniazko bertsioan) abiatuko dute jaialdia. Suitzako emakumeek boto eskubidea lortzeko egindako borrokaldia kontatzen dute bertan. 1971n parte hartu zuten lehen aldiz hauteskundeetan. Josemi Beltran jaialdiko arduradunaren arabera, emakumeen aldarriei esker eskuratu dira lorpen sozial ugari, eta, horregatik —eta puri-purian dagoen gaia delako—, ikusgai izango dira genero indarkeria lantzen duten beste pelikula batzuk ere: Beauty and the dogs eta A better man, esaterako.

Gaiak gai, «giza eskubideen kultura» sustatzea da jaialdiaren helburuetako bat, Maribel Vaquero Gipuzkoako Foru Aldundiko Bizikidetza eta Giza Eskubideen zuzendariaren arabera. Zinemak pedagogia hori egiteko duen gaitasuna nabarmendu du Beltranek: «Munduan gertatzen diren gauzak era askotan konta daitezke. Zinema da lengoaia horietako bat, oso interesgarria gainera».

Giza eskubideen afera, beraz, hamaika ertzetatik landuko dute ondorengo egunetan. Besteak beste, errefuxiatuen auziari eta azken urteetako migrazio behartuari helduko diote Human Flow dokumentalean. Ai Weiwei artista txinatarra 23 herrialdetan aritu da errefuxiatuen lekualdatzeak filmatzen, urtebetez. Pelikulak bestelako arrazoi batengatik ere badu berebiziko garrantzia: «Zoritxarrez, aktualitateak eta giza eskubideen urraketak bete-betean eragiten die geure egitasmoari», ohartarazi du Beltranek; izan ere, duela hilabete Yaser Murtaja hil zuten Israelgo soldaduek, pelikula hori filmatzeko Weiweirekin lanean aritu zen kamerari palestinarra.

Adierazpen askatasuna

Aurtengo zinema jaialdiko gai nagusietako bat izango da, hain justu, adierazpen askatasunaren urraketa; City of Ghosts AEBetako filma da horren adierazle nagusiena. Gerra garaian herritarren komunikazio sareek informazio blokeoarengan duten eragina azaltzen du dokumentalak. Hari horri tiraka, Amnesty Internationaleko (AI) kide Izaskun Fernandezek salatu du Euskal Herrian ere gertatzen direla oinarrizko eskubideen urraketak: «Bertatik bertara ezagutzen ditugu bidegabekeriak. Hori Mozal legearekin areagotu da, eta batik bat kazetari eta aktibistei eragiten die». Demokrazia prozesuen gainbehera eta estatuen esku hartzea ere izango dituzte hizpide datozen egunetan.

Estatu indarkeria, tortura eta tratu txarrak ardatz izango dituzte hainbat film eta mahai ingurutan. Esate baterako, Ales Paya zinemagilearen La cifra negra ikusi ostean, solasaldia izango da filmeko zuzendariarekin, Paco Etxeberria forentsearekin eta Axun Lasa estatu indarkeriaren biktimarekin. Formatu bera izango du Desde el otro lado del charco filmaren emanaldiak. Carlos Suarez, Isabel Suarez eta Pablo Gimenezek kontatzen dute nola ari diren ikertzen Argentinan frankismoko krimenak. Emanaldiaren ostean, Isabel Suarez zuzendaria, Josu Ibargutxi frankismoaren krimenen aurkako euskal plataformako kidea eta Ana Messuti Argentinako kereilaren abokatua arituko dira solasean frankismoaren biktimen eta justizia unibertsalaren inguruan.

Datozen egunetan, gerraren testuingurua eta muturreko egoerak ezagutzeko eta haien inguruko gogoeta sustatzeko plaza izango da Donostia; aurten, gainera, istorio horietako asko haurren ahotsetik ezagutzeko aukera izango da. Izan ere, antolatzaileek arreta bereziz erreparatu diote umeen zaurgarritasunari.

Begirada haurtzaroari

Aurtengo protagonista nagusiak izango dira haurrak. Gerran, eskolan, harrera etxeetan... Hainbat egoeratan haien bizipenak nolakoak diren jasoko dute dokumentalek eta fikziozko pelikulek. Herbeheretako Alicia filma da horietako bat. Pelikulak Aliciaren istorioa kontatzen du, zeina harrera familia baten etxera bizitzera doan, urtebete duela;eta umezurztegietako eta harrera etxeetako egoeraren berri ematen zaigu filmean. Muhi- Generally Temporary filmak, berriz, Gazako mutiko baten egunerokoa eramango du aretora. Bestalde, Felix Colomerren Shootball filmak Kataluniako zenbait eskoletako sexu abusuen kasuaz dihardu.

Hain justu, ikasgela bera izaten da sarri haurrentzako gunerik gatazkatsuenetako bat, eta eskola jazarpena du ardatz Piluca Baqueroren El silencio roto animaziozko pelikulak. Aurtengo gai garrantzitsuenetako bat izango denez, amaiera ekitaldia ere haur eta nerabeen bizipenak mahai gainean jartzen dituen filmarekin egingo dute, datorren asteko ostiralean: Atelierra, Laurent Cantet zinemagile frantsesaren azken lana. Zuzendaria izango da aurtengo omendua, «zinema egitean ikuspegi soziala» lantzeagatik, eta izandako ibilbide oparoagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.