Elkartasunaren hogei aurpegi pantailara eraman dituzte

Azkeneko Hatortxu Rock posible egin zuten milaka lagunen artean hogei aukeratu, eta dokumental batean aurkeztu ditu Iñaki Alforja zuzendariak. Gaur aurkeztuko dute, Iruñean

20. Hatortxu Rock jaialdiko boluntarioen lana ekarri du filmak lehen planora. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Ane Eslava.
Iruñea
2017ko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Hatortxu Rock jaialdia 1999an sortu zen, sakabanaketa politika salatzeko, eta presoen senide eta lagunei gastuei aurre egiten laguntzeko. Uztailean20. ekitaldia egin zuten: lau eguneko jaialdia egin zuten, Lakuntzan (Nafarroa),85 talde, sei agertoki eta milaka lagunekin. 6.000 boluntarioren laguntzari esker atera zuten aurrera; Euskal Herrian inoiz egin den jaialdi solidariorik handiena izan zen.

Elkartasunaren eta auzolanaren ideiak oinarri hartuta, Elkarrekin edozer dugu posible izeneko dokumentala sortu du Iñaki Alforja zuzendari iruindarrak. Festan hainbat modutara parte hartu zuten hogei lagunen istorioak bildu ditu ordu bat eta hogei minutu irauten duen filmean.

Hatortxu Rock jaialdiari buruzko «making of-aren ideia alde batera utzi», eta festa posible egin zuten pertsonak erdigunean jartzea izan du helburu Alforjak: «Hatortxu nola egiten den erakusten duten bideo anitz daude; honekin, ordea, beste gauza bat nahi genuen: film bat egin nahi genuen, auzolanari buruzko istorio bat. Lau eguneko jaialdi bat erakusten du, baina ez da kontzerturik agertzen».

Horretarako, boluntario guztiak ordezkatuko zituzten lagunak bilatu zituzten: adin, jatorri eta genero ezberdinetakoak; ikasle bat, abokatu bat, igeltsero bat, erretiratu bat, musika irakasle bat... «Jaialdi honen helburua da sakabanaketa salatzea eta horren kalteak pairatzen dituztenei laguntzea; horregatik, soslai askotako pertsonak bilatu genituen, sakabanaketak edonori egin baitiezaioke kalte», azaldu du zuzendariak.

Horien artean daude Ander soinu eta argi teknikaria, Amaia Izko abokatua, Mohamadu Saharan jaiotako euskalduna, Maider preso ohia, Peio Reparaz musikaria, Oihane musika irakaslea eta Patxi Xabier Razkin Lakuntzako alkatea, besteak beste.

Alforjak, dokumentala egiteko eskaera jaso zuenean, protagonistak bilatzeari ekin zion. Hainbat pertsonari proposatu zien filmean agertzea, eta erantzun gehienak baiezkoak izan ziren; zenbaitek, ordea, eskaera ukatu zuten: «Ez ziren eroso sentitzen kameraren aurrean, haien intimitatean sartuko ginelako», azaldu du.

Dokumentalean beren bizitza erakutsi dutenekin eskertuta azaldu da, eta adibide jakin bat azpimarratu du, Endika eta Amaia bikotearena: «Endika Hatortxu Rockeko antolakuntzan aritzen da, buru-belarri, eta Amaiak seme-alaben eta etxearen ardura hartzen du. Bada, dokumentalean adierazi nahi izan dugu Amaia ere jaialdiaren antolaketaren parte dela. Horretarako, beren bizitza eta intimitatea erakutsi behar izan dute».

Urtebeteko lana

Xochtil Karasatorre euskal preso baten alabaren testigantzarekin hasten da filma. Sakabanaketaren ondorioz pairatzen dituen kalteak azaltzen ditu:astero Albocassereraino (Herrialde Katalanak) joatea, asteburuak errepidean igarotzea eta bidaietako arriskua jasatea.

Bestalde, dokumentalean Hatortxu Rocken antolatzaileek jaialdiaren aurreko hilabeteetan egindako lana azaltzen da: borondatezko lanaldi luzeak, bidaiak, Lakuntzako herritarren prestutasuna... Jaialdiaren aurreko egunetako lan intentsiboa eta irekiera unea ere erakusten ditu: lorik gabeko gauak, telefono deiak, urduritasuna, bilerak eta azken orduko erabakiak, besteak beste.

Orain dela urte bat hasi zirengrabaketa lanetan, festibalaren lehenengo aurkezpenekin batera. «Lakuntzako zelaia hutsik zegoen unetik grabatu genuen, 20. Hatortxu Rock lau egun horiek baino askoz gehiago izan zelako», adierazi du zuzendariak. Harentzat, lanik zailena koordinazioa izan da: «Oso lan luzea izan da, eta pertsona guztien erritmoak eta agendak bateratu behar izan ditugu».

Ekoizpen prozesuan asko gozatu duela adierazi du Alforjak, eta pozik dagoela hainbeste lagun ezagutu izanaz; baina bere gain ardura handia duela gaineratu du: «Egindako lana aurkezteko gogoa dut, baina urduri nago; protagonista batzuen bizitzak erakutsiko ditugulako, eta horrek haiekiko erantzukizuna ematen digulako. Gurekin eskuzabaltasun izugarria izan dute, eta orain emandakoa itzuli nahi diegu».

Jaialdiko argazki bilduma

Dokumentalaz gain, 20. Hatortxu Rockeko irudiak bildu dituzte Elkartasuna, eskuz eskuargazki liburuan. Jaialdiaren aurreko asteetan, festaren egunetan eta desmuntatzeko egunetan euren alea jarri zuten milaka lagunak omendu nahi izan dituzte. «Kultura du aldarrikapen esparru Hatortxu Rockek. Euskal errepresaliatu politikoen eta haien senideen eskubideen defentsa eta sakabanaketaren salaketa. Normalean, musikaren bitartez jaialdi bat antolatuz. Aurten, 20. Hatortxu Rockek hartutako pisua ikusita, beste ate batzuk ere jo ditugu», adierazi dute ekoizleek.

Gari Garaialde, Ander Gillenea, Josu Trueba, Saioa Cabañas Gauilunak, Ibai Arrieta, Eider Iturriaga, Amaia Oca, Zuriñe Alava, Fermin Bidaurre eta Dabid Sanchez argazkilariek egindako 200 argazki bildu dituzte, 150 orriko liburu batean. Diseinu lana Oiartso Los Arcosek egin du, eta Aitor Agirrezabal antolakuntzako kideak idatzi du hitzaurrea.

Gaur aurkeztuko dute, dokumentalarekin batera, Golem Baiona zinema aretoetan, 20:00etan. Bata zein bestea Durangoko Azokan izango dira eskuragai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.