Delitu zantzuak ikusi ditu fiskalak

Mario Fernandez eta Mikel Cabieces inputatzeko eskatu dio Bilboko Instrukzio Auzitegiari.Legebiltzarreko ikerketa batzordea auzi horretara mugatzeko prest da EH Bildu

jokin sagarzazu
2015eko otsailaren 11
00:00
Entzun
Salaketa artxibatuta amaitu zezakeen ikerketa fiskaltzak. Baina ez du hala egin. Areago: ikertzen segitzeko eskatu dio Bilboko Instrukzio Auzitegiari, orain arte eginiko diligentzietan delitu zantzuak antzeman dituelako. Halaber, Mario Fernandez eta Mikel Cabieces inputatzeko eskatu du. Hori galdegin du Carmen Adan Bizkaiko fiskalburuak, aurreko astean ikerketa hasi eta deklarazioa hartu ostean, besteak beste, Kutxabankeko presidente ohiari eta Espainiako Gobernuak 2008-2012 artean Euskal Autonomia Erkidegoan izaniko ordezkariari.

Kutxabankeko egungo zuzendaritzak Fernandezen aurka jarritako salaketa baten harira egin du eskaera fiskaltzak, berri agentzien arabera. Bizkaiko fiskaltzako iturriek ez dute gezurtatu informazioa , eta azaldu dute auziko «alde guztiek» jaso dutela txostena. Fernandez eta Cabiecesez gain, Rafael Alkorta ere inputatzeko eskatu du fiskalburuak. Cabiecesen abokatu bulegokoa da Alkorta, eta, ustez, bitartekari lanak egin zituen.

Kutxabankeko egungo zuzendaritzak Fernandezen aurka duela bi aste aurkeztutako salaketa dago fiskaltzaren erabakiaren oinarrian. Horren arabera, Gregorio Billalabeitiaren lantaldeak 243.592 euroko irregulartasun bat atzeman du bankuaren kontuetan; hain justu, Fernandezek erakundeanagintzen zuen garaikoa da zuloa, eta ustez lotura du Cabiecesen abokatu bulegoarekin zerbitzu juridikoak emateko izenpetutako kontratu batekin. Urtarrilaren 31n, salaketa jakinarazi zen egun berean, Cabiecesek utzi egin zuen PSE-EEko zuzendaritza eta militantzia.

Kutxabanken salaketa tramiterako onartu eta berehala abiatu zituen diligentziak Bizkaiko fiskalburuak, aurreko astean. Kutxabankeko presidente ohiak komunikabideen esku utzi zuen ustez hark fiskalaren aurrean eginiko deklarazioa. Horren arabera, 2012 hasieran jasotako dei batek eragin zuen Cabiecesi «lan irteera bat» ematea. Azaldu zuen «estatu politika» zela Madrilgo gobernuaren ordezkari ohiei lana bilatzea eta ETAren aurkako borrokarekin loturiko «idatzi gabeko lege batean» oinarrituta egin zuela hori, PPko goi kargudun batek eskatuta. Horrekin batera, Fernandezek aitortu zuen hiru urtez hilero 6.000 euro inguru ordaindu ziola Cabiecesi, baina diru hori guztia itzuli egin duela, Billalabeitiak ustezko irregulartasun horien berri emateko harekin eginiko bilera baten ostean, urtarrilaren 12an.

Bizkaiko fiskaltzak ez du eman nahi izan fiskalburuaren txostenaren edukien berri, baina auzitegiari eginiko eskaerek agerian uzten dute delitu zantzuak aurkitu dituela hark. Hortaz, instrukzio epailearen esku geratuko da orain argitzea, besteak beste, Cabiecesek abokatu gisa benetan zerbitzu jakin batzuk eman ote zituen Kutxabankentzat eta Fernandezek ordainketak egiteko agindua eman izanak legezko oinarririk bazuen edo ez.

Lehia politikoa

Auzitegietan ez ezik, esparru politikoan ere jokatuko da auzia. Jaurlaritzak esan du oraingoz «ezer gutxi» duela esateko, baina uste du fiskalaren aurrean eginiko deklarazioak «oso argiak, gardenak, irmoak eta ulergarriak» izan direla. Legebiltzarrean ikerketa batzorde bat sortzeko aukeraren inguruan, berriz, Josu Erkoreka eledunak adierazi du hori ez dela gobernuaren ardura.

Horren harira, oraindik argitu gabe dago nork babestuko duen EH Bilduren proposamena. PSE-EEko Jose Antonio Pastorrek esan du bere alderdiak «dagokion unean» erabakiko duela. Dena den, uste du ez dela «oso serioa» batzordean Cabiecesen auzia eta kutxen bat egitea «nahastea», eta auzitik «etekin politikoa» atera nahi izatea leporatu dio EH Bilduri. Koalizioa, berriz, prest agertu da batzordearen zereginak mugatzeko, baldin eta horrek lantaldea osatzeko babesak lortzea errazten badu. Era berean, jakinarazi du aztertzen ari dela beste talde batzuekin batera auzian akusazio gisa aurkeztea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.