Hankak airean

Belgikako Tol Theater konpainiak inauguratuko du gaur gauean World Puppet nazioarteko txotxongilo jaialdia, Donostian. 50 ikuskizunetik gora izango dira asteburuan

Ihintza Elustondo
2016ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Hankak lurrean ordez, airean. Hala ibiliko dituzte Belgikako Tol Theater konpainiako kideek gaur gauean. Txotxongiloen moduan, hezur-haragizko pertsonak zintzilik jarriko dira Donostiako zeruan. Pedaleando hacia al cielo ikuskizuna egingo dute Zurriola hondartzako kai muturrean—gaztelaniaz da jatorrizko izena (Pedalei eraginez, zerura)—, 22:00etan, World Puppet Festival txotxongiloen nazioarteko jaialdia inauguratuz. Aurten, lehen aldiz antolatu dute jaialdi hori Euskal Herrian, Donostia 2016rekin eta Topic Tolosako Nazioarteko Txotxongilo zentroarekin elkarlanean. Gaurtik ekainaren 5era, mundu osoko 30 konpainiak baino gehiagok emanaldiak egingo dituzte Donostian eta Tolosan (Gipuzkoa); haietako batzuk, areto itxietan, eta gainontzekoak, kalean.

Tol Theater musika eta antzerkia uztartzen dituen nazioarteko konpainia da, 1998an sortua. Oso ikuskizun bisualak sortzen dituzte, zuzeneko musikaz eta aktoreen eta dantzarien arteko jolasaz lagunduta. Izan uda zein negu, leku irekietan egiten dituzte zuzenekoak, eta tokian tokiko ezaugarrietara egokitzen dituzte. 2011n ondu zuten Pedaleando hacia el cielo ikuskizuna, Lot Seuntjens zuzendari zutela. Ordutik, mundu osoko hainbat txokotan eman dute, baina lehen aldiz egingo dute Donostian. Gainera, konpainiak ez zuen orain arte inoiz emanaldirik egin Gipuzkoako hiriburuan. «Ohore handia da World Puppet Festival jaialdia inauguratzea Donostian. Ikuskizuna festa handi bat izango da, eta publikoak jai horretaz gozatzea da gure asmoa», azaldu du Wouter de Belder ikuskizuneko musika zuzendari eta aktoreak.

Alderdi Ederren hasiko da emanaldia. Kalez kale ibiliko dira artistak, triziklo erraldoi batzuen gainean, Zurriola hondartzako kai muturrera iritsi arte. Itsasertzera iritsitakoan, garabi handi baten gainean jarriko dira trizikloak, eta gora igoko dira, 15-20 metro zerurantz. Eta, behin airean, festa hasiko da. «Musika, dantza, bideoak eta piroteknia uztartuko ditugu. Publikoaren zentzumen guztiak aktibatzea da asmoa». Ordubete inguru iraungo du ikuskizunak, eta adin guztietako jendearentzat da.

Ez du narrazio lineal bat istorioak. «Abstraktua da». Donostia ageri den irudi batzuk proiektatuko dituzte, bikote batzuk ikusiko dira, aingeru batzuk hegan, akrobaziak, kantu lirikoa, su artifizialak... Baina badu gai zentral bat emanaldiak: «Maitasuna». Irudi eta elementu horiek guztiek maitasuna ilustratuko dute. «Egun ilunetan elkarrekin egotearen garrantziaz hitz egiten du kontakizunak».

Hasieran, pertsonaia femeninoak maskulinoen bila joango dira, eta, elkartzean, gora igoko dira. «Metafora bat da: bikotea elkartu, eta zerura igoko da». Protagonistek zeruaren eta airearen artean dantza egingo dute, eta zabuka ibiliko dira. Pixkanaka, pedalkadaz pedalkada, zerura bidean joango dira, desioei segika. Eta bihotzak saretuko dituzte. «Konfetiak-eta botako ditugu, hiria edertzeko».

Oso ikuskizun «bisuala» da, ikusleekin elkarreragina lortu nahi duena. Egun argiz ere egin ohi duten arren, De Belderrek uste du gauez «hobea» dela. «Gauez preza daiteke bere osotasunean. Bideoa egun argiz ezin da erabili, eta konfetiak, suziriak eta koloreak askoz ikusgarriagoak dira iluntasunean».

Asteburuan, hainbat aukera

World Puppet jaialdiak bederatzi egun iraungo du, eta, tartean, bi asteburu hartuko ditu. Lehen asteburuan, 54 kale ikuskizun izango dira Donostian. Inaugurazioa gaur gauean izango den arren, goizetik hasiko da festa. 11:00etan egingo dute lehen emanaldia, Fishing for Shadows izenekoa, Koldo Mitxelena Kulturunean. 12:00etan, berriz, jaialdia hiri osora zabalduko da, Deja vu, Roulettes, Agaphè, Canelo Show eta El varieté ikuskizunei esker, besteak beste. Kaleak txotxongiloz beteko dira: esaterako, Ondarreta pasealekuan, Katalunia plazan eta Miramar jauregiko lorategietan ikuskizun ugari egongo dira. Igandean ere programazioak ez du atsedenik izango 10:00etatik 20:00ak arte.

Donostiaz gain, Tolosa ere (Gipuzkoa) hartuko du jaialdiak. Han izango da aretoko lehen ikuskizuna, Topicen. Gaur, 18:30ean, Red Earth Revisited taularatuko dute Hegoafrikako Assitej South Africa konpainiak, Herbehereetako Speetheater taldeak eta Euskal Herriko bi txotxongilolarik.

Asteburuan, emanaldi hori baino ez dute izango Tolosan. Baina izango dute bestelako ekitaldirik. Gaur, Aviamaren —txotxongiloen lagun diren hirien elkartea— batzar orokorra egingo dute Topicen, 10:00etan. Batzar Nagusia urtero biltzen da, txandaka Charleville-Mezieres hirian (Frantzia) eta kide den hiriren batean, eta, 2010ean sortu zenetik, lehen aldiz elkartuko dira Tolosan. Elkarteak txotxongiloaren inguruan lanean ari diren mundu osoko hiriak eta tokiko gobernuak elkartzen ditu. 2010ean hasi ziren, Charleville-Mezieres hiriko alkate Claudine Ledoux eta Tolosako alkate ohi Jokin Bildarratzen laguntzarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.