Marisa Matias. Bloco de Esquerda alderdiko europarlamentaria

«Sakabanaketa amaitu ezean, biktimak sortzen arituko dira etengabe»

Etxerat-ekin bildu diren Europako Parlamentuko ordezkari gehienek argi dute: sakabanaketak senideen eskubideak urratzen ditu, eta amaitu egin behar da. Matias kide den GUE/NGL taldekoak bereziki sentiberatu dira. ­

Aitziber Laskibar Lizarribar.
2015eko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Asteazkenean bildu zen Etxerat-eko ordezkariekin Marisa Matias europarlamentaria (Coimbra, Portugal, 1976), Bruselan. Euskal presoen sakabanaketari buruz aritu zen senideekin, eta Andoni Zengotitabengoaren egoera espresuki aztertu zuten. Lisboan dute preso Elorriokoa, eta bereziki zaila izaten du senideen bisitak jasotzea. Seme-alabek aitarekin egoteko duten ezintasunak alarma guztiak piztu dizkio Portugalgo Bloco de Esquerda alderdiko europarlamentariari.

Etxerat-ekin bildu aurretik, bazenuen euskal presoei ezartzen zaien sakabanaketaren berri?

Bai, ezagutzen nuen egoera, eta lehendik ere bagenituen kontaktu batzuk senideekin, preso horietako bat Portugalen baitago. Haren egoeraren berri izateko hartu-emanen bat izan dugu, batez ere seme-alabek urtean behin soilik ikusi ahal izaten dutelako.

Zer iruditzen zaizu sakabanaketa politika?

Bada oinarrizkoa den gauza bat: presoen senideak errudunak balira bezala tratatzen ari dira, ezeren errurik izan gabe; deliturik egin ez arren zigortzen dira. Sakabanaketaren bidez ukatu egiten da familiak elkarrekin egoteko izan behar duten aukera, eta horrek muga-mugan jartzen ditu presoen eta haien senideen eskubideak. Egia da presoek askatasunerako eskubidea ezabatua dutela, baina gainerako eskubideak bermatuta izan behar dituzte.

Andoni Zengotitabengoaren kasua aipatu duzu. Lisboan dute preso, eta, senideen hitzetan, oso muturreko egoeran dute. Ezagutzen duzu egoera hori?

Ez dut informazio eguneraturik,baina uste dut erabat bakartuta dagoela, ezin duela inorekin kontakturik izan. Egia da justiziak krimenak zigortu behar dituela,baina hemen zigor kolektibo bat ikusten ari gara, familiei ere eragiten diena, gainera. Familiei ere zigorra ezartzen zaie, eta horrek biktima bihurtzen ditu. Argi dago beste aldean biktimak daudela, baina ez dira, horregatik, biktima gehiago sortu behar, kontrakoa baizik: giza eskubideak errespetatu behar dira, eta biktima gehiago sortzea saihestu.

Jimenez Becerril eta Pagazaurtundua europarlamentariek agerraldia egin dute Europako Parlamentuan Etxerat hara joan izana salatzeko. Biktimen eta presoen eskubideak berdindu nahi izatea egotzi diete. Zein balorazio egiten duzu?

Gauzak nahasten ari direla uste dut. Indarrean 25 urte baino gehiago daraman sakabanaketari buruz ari gara. Badakit Mariano Rajoyk gertaera soil bat izango balitz bezala jokatzen duela, baina ezin zaio egiazko bake prozesu bati aurre egin senideek elkarbizitza egonkor baterako duten eskubidea aintzat hartu gabe; batez ere, seme-alabek gurasoekin egoteko eskubidea kontuan hartu gabe. Horrek bermatuta egon behar luke. Diodan bezala, mota askotako biktimak daude, eta bakoitza modu diferentean tratatu behar da. Baina ezin da sortu biktima gehiago, eta horixe egiten ari dira injustizia handi horrekin,egin ez duten ekintzengatik zigortzen ari baitira senideak.

PPkoek eta UPDkoek esan dute Etxerat-ekoekin bildu diren eurodiputatuak ezjakintasunagatik bildu direla haiekin; engainatu egin dituztela.

Guk oso ondo dakigu zer dagoen atzean. Nik ez ditut ETAren biktimak gutxiesten. Baina kontua ez da hori. Ezin dira injustizia egoera horiek eragin; senideei ezin zaizkie eskubideak kendu. Eta familia batek 1.200 kilometro egin behar baditu astean bere senidearekin 40 minutuz eta kontaktu fisikorik gabe egoteko, hori, benetan, familia zigortzea da. Haurrak, emazteak, gizonak, ez dira kartzelan daudenek egindako ekintzen errudun. Bestalde, kartzelan daudenek, aske egoteko eskubidea soilik dute ezabatua; hori da kartzelaren zentzua. Baina ezin zaizkie gainerako eskubideak ere kendu, familiarekin egotekoa, esaterako. Eskubideak guztienak dira. Nik ez ditut terrorismoaren biktimak ahazten, baina ez dut ahazten presoen umeek eta senideek ere eskubideak dituztela. Ezin dira zigortu egin ez duten zerbaitegatik.

Zer egin daiteke halako egoerak aldatzeko?

Sakabanaketa amaitu behar da,bestela senideei egiten zaizkien injustiziak areagotzen arituko garelako etengabe. Sakabanaketa amaitu ezean, biktimak sortzen arituko dira etengabe. Senideek bidaiaren kostu ekonomikoak ordaindu behar izaten dituzte, ezin dira familiakoekin egon, umeek ez dute euren gurasoak ezagutzeko modurik... Sakabanaketa da arazo nagusia.

Edozein kasutan, ez dirudi Espainiako Gobernuak politika hori aldatzeko asmorik duenik.

Badakit. Baina uste dut oinarrizko gauzak nahasten ari direla. Bake prozesu bati buruz hitz egin nahi bada, bake prozesu serio bat egongo bada, guztiek parte hartu behar dute horretan, baita senideek ere.

Egin daiteke zerbait Europatik hori bultzatzeko?

Giza eskubideak eta duintasuna oinarrizkoak dira, eta senideekin egiten ari dena ez da duina. Ezin da bakea bermatu, ez bada bermatzen ez dela biktima gehiago eragingo. Eta senideei egiten ari zaiena hori da; biktima gehiago sortzea. Alde horretatik, giza eskubideak eta duintasuna bere ondaretzat dituzten instituzioek bermatu behar dute, benetan, eskubideak eta duintasuna praktika gisara eta ez soilik hitzezko ondare gisa.

Eta, horretarako, zer egin dezakete Europako Parlamentuak edo bestelako instituzioek?

Sakabanaketa Espainiako Estatuaren erabakia da; ez da Europaren erabaki bat, eta gu ezin garatartean sartu. Baina ahotsa kentzen zaienei ahotsa emanda lagundu dezakegula uste dut. Alde guztiak entzun behar dira.

Nola hartu dituzte senideen kontakizunak egoeraren berri ez zutenek?

Nik uste dut beti dela askoz hobea kasuak protagonisten ahotik ezagutzea, kasuak direnak direla ere. Ez gara ari zenbaki hutsei buruz. Bizitza askori buruz ari gara, aurpegia duten pertsonei buruz, izen-abizenak dituzten eta egoera zehatz bategatik sufritzen ari diren pertsonei buruz. Guri ez dagokigu egindako krimenak epaitzea, hori justiziak egin baitu eta justizia eta politika bereizten jakin behar baita. Baina guztienak diren eskubideak bermatzea badagokigu, eta familia hauek eskubideak dituzte.

Zein izan da europarlamentarien jarrera nagusia Etxerat-ekin bildu ondoren?

Gure taldean, senideek hitz egiteko aukera izan zutenean, erreakzio guztiak zentzu berekoak izan ziren: senideekiko elkartasunezko sentipenak izan ziren nagusi. Entzuteko prestutasuna izan zuten guztiek, senideei euren familiekin egon ahal izatea bermatzeko saioak egiteko gogoa, baina, sentimendurik kolektiboena elkartasunarena izan zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.