Maialen Olabe Agirre. EGK-ko presidentea

«Gazte gehiagok EGK ezagututa, gure ahotsa pluralagoa litzateke»

Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko buru gisa, ikasten ari dela dio Olabek. Gazteen ahotsa kontuan har dadin nahi du, eta gazte gehiagok parte hartzea, ahots hori indartsuagoa eta askotarikoagoa izan dadin.

Bilbo
2016ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
EGK Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko presidente kargua ekainean hartuta, lantoki berrian hartu du BERRIA Maialen Olabe Agirrek (Plentzia, Bizkaia, 1993). Haren ustez, EGKren lorpen handiena izan da Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erakundeek 16 eta 30 urte bitarteko pertsonen behar eta iritziak aintzat hartzea, eta jarraipena eman nahi dio horri.

Lau urte iraun ohi dute agintaldiek, baina 2013an presidente izendatutako Itsaso Anduezak kargua utzi zuen ekainean, 31 urte betetzean. Martxoan hauteskundeak egin arte, Olabek hartu du haren lekua. Gogor lan egiten, ikasten eta gozatzen saiatzen da, eta jarraitzeko asmoa du.

Zein izan duzu kargua hartzeko motibazioa? Zer ekarpen egiteko asmoa duzu?

Oraingoz, kokatzen ari naiz, EGK gehiago ezagutzen, eta dagokidan batzar eta ekitaldietan parte hartzen, ikasten. Anduezaren ildoari jarraituz, gazteen eskariak entzutea eta elkarlana sustatzea izango da ildo nagusia. EGK gazte gehiagok ezagutzea eta pluralagoa izatea ere nahi nuke. Orain arte, Bizkaiko Gaztetxoen Koordinakundean begirale eta boluntario lana egin dudalako izan dut harremana EGKrekin. Nor irtengo da gazteen defentsan? Zer baliabide, zer aukera ditugu? Horretarako gazteok dugun bideetako bat da EGK, eta oso interesgarria da haren parte izatea. Gainera, unibertsitateko ikasketak bukatu ditut, eta lan eta etxebizitza arloetan badakit zein direngazteok emantzipatzeko ditugun gabeziak.

Hortaz, gazteen arazo nagusia lan arlokoa dela uste duzu?

Bizitza burujabeak sortzeko aukera behar dugu. Horretarako, enplegu duina ezinbestekoa da, eta ahalegin handiak egin ditugu gazteok enplegu duina izan dezagun; garrantzi berezia eman diegu lan eta bizi baldintzei. Gazteon prekaritatea jolasa ez dela salatzeko, Prekarioka aurkeztu genuen; bertan genioen larria dela aukera gehienak langabezia, praktika ez laboralak, bekak, soldata baxuak, formazio kontratuak edo kontraturik gabeko lanak izatea. Lan emigrazioaren inguruan, SOS Gazteak kanpaina egin genuen, atzerrira baitoaz gazte asko. Halere, doazenek sarri ez dituzte ezagutzen hemen dauden aukerak. Ekintzailetza da haietako bat, eta hori ere landu dugu. Gure proposamenak eta datu esanguratsuak Gazteon errezetak. Gazteontzako enplegu planak sukaldatzeko txostenean bildu ditugu.

Udako jaietan izan diren eraso matxisten egile asko gazteak dira. Zer larritasun du gaiak?

Ezetza ezetza da, eta indarkeria matxistaren aurka gaude. Hobetu eta landu beharreko esparruak dira berdintasuna eta aniztasuna. EAEko emakumeek jasandako erasoen aurrean, indarkeria matxistaren aurkako protokoloa hainbatetan jarri behar izan dugu martxan. Berdintasun diagnosia ere egin zen EGK-ko gazteen artean, eta berdintasun plana txertatu nahi dugu elkartearen egunerokoan. Indarkeria LGTBIfobikoaren kontrako protokoloa ere erabili dugu, adibidez, LGTB harrotasun eguneko erasoa salatzeko. Manifestu anitza eta Gune Anitza zigilua ere sortu ditugu berriki, sexu aniztasuna babesten duten tokiak identifikatzeko. Gaur8 berdintasun taldea arduratu da gaiok lantzeaz; horretarako eratu genuen, martxoan.

Nolatan ez zegoen lehenago berdintasun talderik EGKn?

Denbora luzez ibili gara horren atzetik, eta Emakunderekin egindako hitzarmenari esker eduki dugu lantaldea sortzeko aukera. Izan ere, diru laguntzen menpe gaude, maila batean.

Menpekotasun horrek eragina izango du, akaso; nolako harremanak dituzue erakundeekin?

Udalekin, hiru aldundiekin eta Jaurlaritzarekin harremanetan gaude. Bertan ezagutarazten ditugu gazteen interesak, eta entzun gaitzaten lortu dugu; lorpen handia da hori. Legebiltzarrean urtero memoria aurkezteaz gain, gazte politikak diseinatzen direnean EGKren aholkularitza beti dago hor. Erakundeek gure lantaldeen txostenen berri dute, eta Gazteen Euskal Behatokiarekin ere lankidetzan ari gara. Hainbat egitasmotan, EGKren bitartekaritza ezinbestekoa da; esaterako, Gasteizko Udalarekin Gazte Plana egiten ari gara, eta Bilbokoarekin, Gazte Olinpiadak antolatzen. Urteetan lan handia egin delako, errazagoa dugu orain erakundeetan parte hartzea. Elkarlanari garrantzi oso handia ematen diogu. Topagune autonomoa gara, baina egia da EGK Eusko Legebiltzarrak sortu zuela.

Hain zuzen, maiatzean 30 urte bete zituen EGK-k. Zer ikasi duzue esperientziari esker?

Europan gazte kontseiluak eratzeko joera zegoen garaian egin zuten EGK. 1986an, intsumisioa zen orduko gazteen kezka. Egoera politikoa asko aldatu da, baina gazteen ahotsa entzunarazi nahi dugu; hori da gure leloa: Gazteok egina, gazteentzat. Horretarako, hiru egoitza ditugu, eta teknikariak lantalde bakoitzean. Bilbon daude presidentetza, berdintasun eta hezkuntza teknikariak eta administrazioa; Gasteizen enplegu eta etxebizitzaz eta parte hartzeaz arduratzen direnak; eta Donostian, bake eta bizikidetza eta komunikazio arduradunak.

Baina ezagutzen al dute gazteek EGK? Ordezkatuta daude? Ados daude egiten denarekin? Parte hartzen dute?

Lan handia egin da gazteen interesen alde, gazteen eskubideen defentsan. Lan gehiena barruan egin da, ezkutuan, eta egia da gazte askok ez dutela EGK ezagutzen. Baina 58 elkarte dira EGK-ko kide, eta bi gehitu berri zaizkigu; dinamikoak gara. Elkarteak askotarikoak dira, haien kideen izaera eta adinari begiratuz gero; askotariko ordezkaritza dugu, beraz. Halere, gazte gehiagok EGK ezagututa, pluralagoa litzateke gure ahotsa. Kirol taldeak erakarriz lor dezakegu hori. Gazteen ahotsa izan nahi dugu: ongietorriak dira parte hartu nahi dutenak. Interesa duten pertsonek eta eragileek aukera dute lantaldeetan ere ekarpenak egiteko; irekita gaude.

Jende gehiagok daki euskaraz, baina gutxik erabiltzen dute; hizkuntza arloan, zer proposatzen duzue?

Euskara EGK-ko hizkuntza nagusia da, eta ikasketak osorik euskaraz egiteko aukera faltak bereziki kezkatzen gaitu. Eredu izaten saiatu behar dugu: euskaraz aritu, obligazioa izan gabe eguneroko hizkuntza dela erakutsi, eta jendea dinamika horretan sartu.

Alferkeriarekin, inplikaziorik ezarekin edo teknologia berriekin lotzen dira maiz gazteak. Aurreiritziak dira?

Nagusiek ere erabiltzen dituzte sare sozialak; egunerokoan daude, eta komunikatzeko erabiltzen ditugu. Oro har, helduek askotan ez dute ikusten gazteek ez dutela aukeratu beren egoera, eta horregatik ez dira gai gazteak ulertzeko. Gazteak badaude politikan sartuta, baina modu ez-konbentzionaletan. EGKn ere parte hartzea handitzen ari da; interesa badago. Gazteon ahotsa behar da gazteen arazoak konpontzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.