Patxi Saez. Soziolinguista

«Lan mundua irabazi behar da, euskarazko bizibideak segi dezan»

Euskara biziberritzeko bidean salto bat emateko garaia heldu dela uste du Saezek, eta «elefantea» lan munduan dagoela: mugitu egin behar dela hori. Prozesuaren gidaritza hartzeko eskatu dio Euskaltzaindiari.

Garikoitz Goikoetxea.
Andoain
2015eko urriaren 16a
00:00
Entzun
Interneteko euskarazko lanean ezaguna da Patxi Saez soziolinguista (Beasain, Gipuzkoa, 1964): Erabili.eus atariaren arduraduna da —euskarari buruzko albisteak eta iritziak biltzen dituzte—, eta Twitterren ere goizero egiten du euskarari buruzko albisteen bilduma. Gogoetan eman ditu azken hilabeteak, euskararen aurrerabideaz, eta artikulu batean taxutu du ikuspegia: Euskararen elefantea ikusi. Lan munduan ikusten du elefantea, euskara biziberritzeko bidean mugitu beharrekoa.

Ziklo aldaketa, geldialdia, lausoaldia... Euskarari buruz askotan aipatzen dira azken boladan.

Impasse egoera batean gaude, eta aurrera begira antolatu behar dugu, etorkizun ikuspegiaz jantzi euskalgintzaren jarduna. Etorkizun ikuspegi hori lortzeko estrategiak antolatu behar ditugu.

Zertan nabari da geldialdi hori?

Ez dago faktore bakarra: zantzu asko daude. Batzuek esango dizute: «Gaur egungo euskaldun guztiak erdaltzaleak dira, denek erdaraz egiten dute». Hori, azken batean, etorri zaigun egoera bat da. Ahalegina egin da, batez ere eskolatik, belaunaldi berriak euskalduntzeko. Baina belaunaldi horiek ez dira elebidun orekatuak. Desoreka gaztelaniaren aldekoa da nabarmen. Zer egiten dute elebidun desorekatuek? Astoak egiten duena: bide erosoena aukeratu. Gaztelania da errazena haientzat, eta horregatik egiten dute gaztelaniaz ahal duten guztietan. Gainera, euskaldunok ere elebidunak gara, badakigu gaztelania taxuz. Eta gure gizartean, elebidun izan nahi duen gizarte honetan, badaude elebakarrak, euskararik ez dakitenak. Paradoxa da: nahi dugu gizarte sozialki elebiduna, baina norbanakoak ez dira elebidunak asko eta asko.

Eskolari eman diogu indar asko.

Eman beharreko indarra. Eskolak eman du, ematen du, eta eman behar du. Ez da eten behar eskolaren emana. Baina eskolarekin bakarrik ez dugu lortuko gizartea euskalduntzea. Azken urteetan bete-betean haurrengan, bizitzako lehen 20-25 urteetan jarri dugu indarra: eskola, aisialdia... Eragin beharreko esparruak dira. Baina hortxe bukatzen da gure eragina. Jakina, gaur egungo gizarteei begiratuz gero, ardatza lana da. Gure haurrak prestatzen ditugu ahalik eta bizimodu onena edukitzeko, eta hori lan on batekin lortzen dute. Zer gertatzen da? Lanak erdaraz funtzionatzen duela. Bai, egiten dugu ahalegina gure haurrak eta gazteak euskalduntzeko, baina laneratzen direnean eten bat gertatzen da. Hortik aurrera, erdaraz funtzionatzen dute.

Inbertsioa galdu egiten da, nolabait? Ikasten euskaraz jardun, eta laneratzen direnean, akabo.

Bai, batez ere gune erdaltzaleenetan. Lan munduak erabat zapuzten du aurretik egindako lan guztia. Urteetan aurrera egin ahala galdu egiten dituzte dauzkaten euskalduntasun zantzu horiek. Hala ere, esan behar da gune erdaltzaleetan eskolak emandako euskaldun desorekatu horiek urre gorria direla euskararentzat, zaindu beharrekoak, eta horiei euskarazko bizibidea jarraitzeko bidea jarri behar zaiela. Horregatik, lan mundua irabazi behar dugu euskararentzat, jarraipena emateko euskarazko bizibideari. Jakina, euskaldun horiek jarraituko dute desorekatuak izaten, baina beste komunikazio egoera batzuetan ere aukera izango dute euskara erabiltzeko.

Oraingo egoerari begiratuta, zail dirudi pausoak ematen hastea, batik bat gune erdaldunetan.

Zaila... Orain 50 urte, ia ezinezkoa zen ikastolak martxan jartzea. Guraso batzuek sinetsi zuten hori egin behar zela, eta sinestea ahal izatea da maiz. Antzeko zerbaitetik abiatu beharko genuke, nahimen horretatik, euskaltzaleen indarretik. Nondik? Arnasguneetatik has liteke, eta zabaldu. Euskal eskolarekin egin zen bezala: ez zen arnasguneetan soilik jarri martxan; erdalguneetan ere bai, han zegoelako behar larria. Enpresa kontuak ere orokortu beharko lirateke. Erdalguneetan ere euskaraz funtzionatzen duten enpresak sortu, eta dinamikak eratuko lituzkete, komunikazio egoera batzuk. Jendeak ikusiko balu lan munduak euskaraz funtzionatzen duela, beste balio sozial bat emango lioke euskarari, eta gaitasun komunikatiboa gehiago landuko luke.

Lan mundua euskalduntzeko, noren lankidetza beharko da?

Eragile guztiak elkarlanean jarri behar dira. Ezinezkoa da ezer egitea eragileak elkarren artean borrokan badabiltza. Hizkuntza politikak adostasuna behar du. Kasu honetan, eragile guztiak beharko genituzke: sindikatuak, langileak, enpresa jabeak... Denak.

Eta agendetan badute euskara?

Aipatzen dute behintzat. Baina beste taxu batekin heldu behar zaio gaiari, beste garrantzi bat eman, benetako bideak jarri. Askotan, euskara aipatzea apaingarri izaten da. Inor ez dago euskararen kontra. Egoera konkretuetara iristen garen arte. Egoera horiek adostu egin behar dira.

Euskaltzaindiaren lidergoa aipatu duzu artikuluan. Zergatik?

Orain dela 50 urte mugarri bat izan zen, euskara batuarekin. Orduan bazegoen lidergoa: Euskaltzaindiak hartu zuen aginte makila. Urteetan Euskaltzaindiak lidergo hori eraman du aurrera, eta funtzionatu du: euskal gizarteak aintzat hartu du hark esandakoa. EAEn eta Nafarroan legez aitortua dauka erakunde aholku emailea dela. Egia da akademia klasikoen bidetik jo duela Euskaltzaindiak, corpus plangintzatik. Euskarak behar duena lidergoa da, eta estrategiak. Euskaltzaindiari proposatzen diot lidergoa har dezala, eta bere baitan antola ditzala estrategiak euskalgintzako eragile guztien adostasunarekin. Gero, adosten diren estrategia horiek erakundeetara eraman, eta hizkuntza politika hortik bideratu.

Nolabait, Euskaltzaindiaren babesean foro bat sortzea, beraz?

Bai. Euskaltzaindiak baditu euskaltzain osoak, urgazleak... Dei ditzala lanera, eta horien bidez egin. Euskarak inoiz ez du izan gaurko euskaltzale jende jantzia. Historian inoiz ez du izan halako gaitasunik. Hori baliatu beharra dago.

Eta hori dena lortzeko, girorik ikusten duzu eragileen artean?

Giroa sortu egiten da lanean hastean. Ilusioa sortzen da norbaitek mahai gainean jartzen duenean eta jendea konbentzitzen denean: hori egin behar da, garaia iritsi da, garrantzitsua da, une historikoa hau da. Jendeak hori ulertzen duenean, bere onena ematen du.

@Patxi Saezen artikulua eta jasotako erantzunak ikusi nahi izatera, jo webgune honetara:

www.erabili.eus
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.