Jose Fran Cid. Mugikortasun eta ingurumen aholkularia

«Azpiegitura berriak egin ordez, daudenak optimizatu behar dira»

Garraio publikoaren eskaintza lekuan lekuko beharretara egokitu behar dela uste du Cidek. Argi du zerbitzuek elkarren osagarri izan behar dutela, baina, dioenez, lankidetza falta da horretarako.

Donostia
2016ko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Hirietako garraio publikoa indartzeko, azpiegitura berriak eraiki beharrean, dauden zerbitzuak hobetzea ezinbestekoa da, Jose Fran Cidentzat (Eibar, Gipuzkoa, 1967). Mugikortasun eta ingurumen aholkularia da, eta garraio publikoaren erronkez aritu zen duela bi aste beste aditu batzuekin batera Donostian, hirian metroa gelditzeko Satorralaia bizilagunen batzarrak gonbidatuta.

Nola aukeratzen da leku bakoitzerako garraio mota egokiena?

Gizartea ohitura batzuen arabera mugitzen da, eta horietan oinarrituta antolatzen da mugikortasuna. Garraio mota ezberdinak ditugu eskura, eta, gure beharren arabera, bat edo beste aukeratzen dugu mugitzeko. Aukeraketa horri banaketa modala deitzen zaio, eta horrek erakusten du nola egituratzen den gune bakoitzean garraio publikoaren banaketa eta eskaintzen den zerbitzua.

Hirien antolaketak zein garrantzi du aukeraketa horretan?

Lurralde bakoitzaren kokalekuak baldintzatzen du aukeraketa; kontuan hartu behar da zer zerbitzu eskaintzen diren, garraio publikorik badagoen eta zein azpiegitura dauden. Lurraldeko azpiegitura eta mugikortasun aukerak aztertu behar dira.

Hego Euskal Herrian nolakoa da garraio publikoaren eskaintza?

Oso errealitate ezberdinak daude horren eremu txikirako. Arabako antolaketa oso bestelakoa da Bizkaikoaren eta Gipuzkoakoaren aldean, eta Nafarroak ere beste era bateko antolaketa du. Gipuzkoan eta Bizkaian populazioaren banaketa antzekoa da, bi nukleo handi daudelako: Donostia eta Bilbo. Lekualdatzeen distantziak ere handiagoak dira, Araban biztanleriaren gehiengoa Gasteiz inguruan biltzen delako. Beraz, lurralde bakoitzean egiten den eskaintza ere ezberdina da.

Zein garraio mota erabiltzen da gehien?

Biztanle gehienak oinez mugitzen dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Baina gizartearentzat ibiltzea ez da garraio mota bat. Gainerako garraioen eboluzioak ikusezin bihurtu du. Baina ingurumen inpaktu gutxiena duen garraioa da, eta osasunarentzat ere onuragarria da. Ia pertsona guztien eskura dago, eta leku gutxi behar duen garraioa eta ingurumena gehien zaintzen duena da.

Hiriak eta herriak prestatuta daude oinezkoentzat?

Gero eta gune gehiago daude, baina oraindik oinezkoei ez zaie behar adina leku ematen. Motorizatutako garraiobideek pisu handiagoa dute, eta hori ondo aztertu behar da. Oinez ibiltzea ere garraiobide mota bat dela sustatu, eta lehentasuna eman behar zaio.

Garraio publiko mota ezberdinak elkarren osagarri al dira?

Elkar zapaltzen dute, eta hori aldatu egin behar da. Garraio publikora bideratutako zerbitzu asko ditugu, eta ezin da etengabeko norgehiagoka batean ibili. Elkar hartuta lan egin behar dute. Erabiltzaileak jarri behar dituzte zerbitzuaren erdian; haiei eman behar diete garrantzia; baina gaur egun ez dute egiten. Garraio mota ezberdinen artean plangintza bat behar da, denen baturatik zerbitzu eraginkorrago bat lortzeko.

Nola egin behar da hori?

Garraio publikoaren atzean gestio eta erregulazio publiko bat dago; horregatik, autoritate batek egon behar du sistema antolatzeko, betiere langileekin harremanetan egonda. Helburua eraginkortasuna lortzeak izan behar du, kalitatezko zerbitzu bat eman eta elkar ez zapaltzeko.

Helburuekin lan egitea proposatzen duzu. Zergatik?

Epe jakin batera zer lortu nahi dugun zehaztea garrantzitsua da, hori lortzeko estrategia garatu ahal izateko. Helburu horiek lortzeko administrazio guztien eta gizartearen elkarlana behar da, eta horrek zerbitzu guztien balorazio osoa egiten laguntzen du. Helburuak jarrita errazagoa da zerbitzuak hobetzea.

Donostian metroa egiteko proiektuak kontrako iritziak azaleratu ditu. Beharrezko ikusten duzu hirian metro zerbitzua?

Donostia ez da hiriburu handi bat, baina auzoak banatuta dauzka ezaugarri topografikoengatik, eta horrek auzoen artean loturak zailtzen ditu. Hala ere, bai Donostian eta bai beste hiri batzuetan, azpiegitura berriak egin ordez, daudenak optimizatu behar dira. Azpiegitura berriak eraikitzera mugatzea ez da nahikoa zerbitzu ona emateko. Etorkizunerako estrategiak zehaztu behar dira. Ez ditut Donostiako metroaren proiektuaren xehetasunak ezagutzen, baina, beste hiri batzuetako esperientzien arabera, Bilboko metroarena, adibidez, ikus dezakegu azpiegitura berriak eraikitzeak ez duela esan nahi jendea autoa utzi eta garraio publikoa erabiltzen hasiko denik. Horretarako, autoaren erabilera gehiago mugatu behar da.

Nola mugatuko zenuke zuk?

Hirian autoari garrantzia kendu nahi badiogu, garraio publikoaren zerbitzua hobetu egin behar dugu. Bezeroak zerbitzuaren erdigunean jarritakoan lortuko du arrakasta garraio publikoak. Azpiegitura berriak eraikitzea edo daudenak hobetzeko handitzea ezin da baztertu, beti kostuak kontuan hartuta. Lanetan inbertitzen badugu, gero ez dugu dirurik izango gestiorako. Mantentze lanetara eta hobekuntzetara bideratu behar da dirua, eta zerbitzuak hobetzeko plangintzak egin behar dira. Pertsona bat, auto bat ideia baztertu behar da, eta gehien erabiltzen diren garraio motei leku gehiago eman: zenbat eta gehiago erabili, orduan eta leku gehiago. Eta, gaur egun, oinez ibiltzea da gehien erabiltzen den garraio mota. Administrazioek egin behar dute hor indarra; haiek dute hori aldatzeko gaitasuna.

Aldaketa gertatzeko, garraio publikoak erronka batzuk izan behar ditu, zure ustez. Zein dira erronka horiek?

Garraio publikoak eraginkorra, segurua eta ingurumen aldetik iraunkorra izan behar du. Pertsonen beharrei erantzun behar die. Ezinbestekoa da integratzailea izatea; krisi sozial eta ekonomiko bat dago, eta garraio publikoak bazterketa soziala eragozteko balio behar du: kolektibo zaurgarriei gizarteratzen lagundu behar die. Hori lortzeko, baina, lan gehiago egin behar da erabiltzaileen fidelizazioan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.