Albistea entzun

Txirrindularitza. Euskal Herriko Itzulia: eguneko elkarrizketa. Joaquim Rodriguez. Katuxa taldeko txirrindularia

«Ikaragarria da Euskal Herriko Itzulian sortzen den giroa»

Fin dago Joaquim Rodriguez, eta erabat gustukoak ditu gaur Zumarragan amaituko den etapa eta etzi Aian amaituko dena. Itzulia irabazteko faboritoen artean sartu du bere burua.
UNAI ZUBELDIA

Unai Zubeldia -

2015eko apirilak 8 - Bilbo

Afaldu aurretik, hoteleko lasaitasunean egin dio tarte bat BERRIAri Joaquim Rodriguezek (Parets del Valles, Katalunia, 1979). Zalantza dezente zegoen Katuxakoaren sasoiaz. «Baina ondo nago», aitortu du berak, beldurrik gabe.

Zalantza asko zegoen zure sasoiaren inguruan, baina erakutsi duzu oso ondo zaudela.

Bai, bai. Ondo amaitu nuen Tirreno-Adriatikoa, eta ez dizuet gezurrik esango: Kataluniako Voltan lehiatzea zen nire ilusioa, etxeko lasterketa delako. Bigarren amaitu nuen orain bi urte, Dan Martinen atzetik; eta irabazi egin nuen iaz eta 2010ean. Antzekoa zen aurtengo ibilbidea, eta ilusioz gainezka nengoen, uste nuelako aukera polita neukala. Baina zorte txarra izan nuen, eta gaixotu egin nintzen. Bere txarrean, ibilbide aldetik oso egokia da Euskal Herriko Itzulia ere. Azken erlojupekoan ez nuke galdu beharko denbora gehiegi, eta gauza garrantzitsuren bat egiteko aukera eduki dezaket hemen.

Sukarra, goragalea... Zenbat denbora edo lan saio galtzen dira horrelako birus batekin?

Onartu beharra daukat azkar gainditu nuela. Oso gaizki igaro nuen ostiral gaua, larunbatean ere oso ahul nengoen, eta orduan erabaki zuen taldeak hobe zela Voltara ez joatea, argi geratu zelako ez zela janariren baten kaltea, birusa baizik. Baina astelehen-asteartean entrenatzen hasi nintzen jada; lasai-lasai, baina entrenatzen.

Esan egia: zuk zeuk parte hartu duzu Euskal Herriko Itzuliko ibilbidearen prestaketan?

[Barrez] Gogorra da, gogorra da. Baina ibilbidea ez da egokia niretzat bakarrik, beste askori ere mesede egiten die hainbeste aldapa gogor eta motzek.

Hasteko, ondo ezagutzen duzu Zumarraga ingurua.

Hala da, bai. 2011n uste dut irabazi nuela etapa, ezta? Asko gustatzen zait amaiera. Inguru hori ondo ezagutzen dut, Goierri aldean ibiltzen nintzelako Euskal Herrian lehiatzen nuenean. Oso gogorra da Antiguako igoera, eta kokapen lan handia eskatzen du, gainera. Ondoren, oso azkarra da jaitsiera, eta ohartzerako iristen da azken zuzengunea. Antiguan gora tarte polita lortuz gero, helmugara iristeko aukera dago.

Klasikoagoa da Arrateko etapa.

Bai... Baina Arraten, normalean, ez da izaten alde handirik. Aiako etapa izango dugu hurrengo egunean, eta indarrak neurtzea komeniko da ordurako gehienek buruan izango dutelako erlojupekoa ere. Berriz diot, oso gogorra da aurtengo ibilbidea, baina antolatzaileek zentzuz jokatu dute amaierak prestatzeko orduan.

Aia aipatu duzu. Inguru hori ere ondo ezagutzen duzu.

Bai, bai. 2010ean igaro ginen hortik, eta irabazi egin nuen gero Orion. Aurten, gainera, goian amaituko da etapa, Aian bertan, eta niretzat askoz egokiagoa da hori. Ibilbidearen xehetasunak eta bideoak-eta bidali zalea da taldea, eta ikaragarria izan zen 2008an eta 2010ean Aiara bidean zaleek sortu zuten giroa. Hiru igoerarekin eta etapa han goian amaituta, ikusgarria izan daiteke. Pareta bat da azken aldapa, eta zoragarria izango da.

Azken erlojupekoarekin ere ez zara egongo oso haserre, ezta?

Ez, ez. Gogorra da, erritmoa hartzea asko kostatzen den horietakoa. Ez dut uste aproposa denik garapen altuak mugitzeko. Gogoratzen dudanagatik, nahiko teknikoa da jaitsiera, eta norberaren indarrak aginduko du behin goraka hasitakoan.

Ez dago arriskurik ibilbidea gogorregia izateko?

Ez. Euskal Herrira datorrenak badaki zerekin topo egingo duen, Liejara edo Flandriara doanak zer aurkituko duen dakien neurri berean. Ez gaude kexatzeko, gainera, ondo bidean eguraldi ona izango dugulako aste osoan.

Orain hiru urte bi etapa irabazi zenituen hemen, eta bigarren amaitu zenuen gero. Gustatzen zaizu Itzulia, ezta?

Bai, bai, asko gustatzen zait. Eta ez ibilbideagatik bakarrik. Ikaragarria da Euskal Herriko Itzulian sortzen den giroa; Belgikan txirrindularitzarekiko dagoen kultura eta pasio horretara gehien gerturatzen den ingurua da Euskal Herria, eta txirrindulariok asko eskertzen dugu hori, noski. Bateko argazkiak, besteko hizketaldiak, bazter guztiak zalez beteta... Zoragarria da guretzat.

Hain faborito argia al da Nairo Quintana?

Oso-oso indartsu dago. Erakutsi zuen Tirreno-Adriatikoan ere. Erakustaldia eman zuen, eta bete-betean egon gabe, gainera. Itzulira are hobeto iritsi dela esaten ari dira. Oso zaila izango da berari aurre egitea, baina, begiratu batera, mendateak ez dira egokiegiak alde handiak ateratzeko, nahiz eta hitz egitea nahikoa den Arraten lasterketa erabakita uzteko. Gu ere ondo gaude, ordea, eta haren maila berean egotea espero dut.

Euskal Herriko Itzulia helburu argia da bere horretan, edo Ardenetako klasikoak prestatzeko lanketa gisa heldu diozu?

Ez, ez; helburu argia da. Apirilean sartuta, ezin dugu barkatu jada. Oso sasoi onean gaude dagoeneko, eta garaipenerako borrokan murgildu beharra daukagu. Gogotik lan egin dugu hilabete honetara puntu-puntuan iristeko, eta, guretzat, primerakoa da Voltaren, Euskal Herriko Itzuliaren eta klasikoen garai hau. Gehigarria izango da lortzen dugun guztia.

Simon Spilak, Dani Moreno eta zu zeu. Hiru aukera on dauzkazue Movistarri aurre egiteko.

Oso talde ona daukagu. Urrutira joan gabe, Spilak laugarren izan zen iaz, eta hauxe da, ia-ia, klasikoetako taldea. Guri ere komeni zaigu aurreko borrokan ibiltzea.

Atzera begiratu txiki bat eginda, gogoan dauzkazu oraindik Euskal Herrian igarotako urteak?

Bai, bai. Gaur, justu, garai hartako lagun bat etorri zait bisitan [ondoan ari da elkarrizketa entzuten]. Oso oroitzapen onak dauzkat, eta beti esan izan dut urte zoragarriak igaro nituela amateur garaian, benetako txirrindularitza zelako hura, txirrindularitza klasikoa. Inoiz ez ditut ahaztuko urte haiek.

Zer izan zen zailena iristean?

Euskara ikastea! [Barrez] Arratsalde on eta horrelakoak esatea. Horrela da, ezta? Esaldiren bat erakutsi zidaten, eta jendearen aurrean esanez ibiltzen nintzen. Harrituta geratzen ziren denak. Kataluniako kultura barneratuta daukat nik, herriko kultura hori, eta antzeko giroa aurkitu nuen hemen ere. Lagunekin ateratzea, txosnak, gauzak taldean egitea... Oso gaztetan etorri nintzen hona, 19 urterekin, eta garai zoragarria izan zen.

Zer esango zenuke euskal zaleei buruz?

Dauden zalerik onenetakoak direla. Ez dute animatzen txirrindulari jakin bat bakarrik. Igoeretan, adibidez, Quintana posturen bat aurretik badoa, hura animatzen hasten dira lehenengo, baina berehala atzean zu zaudela ikusi eta «Aupa Purito» esanez hasten dira. Zoragarria da jendeak izen guztiak dakizkiela sentitzea. Tenerifetik Bilborako hegaldian bertan jada etapei buruz hizketan hasi zitzaizkidan hainbat euskal zale, eta erabat harrituta geratu nintzen. Ikaragarria da.

Zein hiru txirrindulari igoko dira Aiako podiumera?

Koskarik altuenera, ni. Eta nire bi alboetara... Askorik ere ez zait inporta, baina Quintana eta Kwiatkowski ez dira urruti ibiliko.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©IÑIGO URIZ / FOKU

«Igoera lortzea baino modu hoberik ez dago agur esateko»

Iñaki Berastegi

Denboraldia amaitutakoan erretiroa hartuko du Gardek. Osasunako jokalari izatearen «ametsa» bete, eta egin dioten agurragatik «pribilegiatua» sentitu da. Duela bi urtetik hona, harrobiaren koordinatzailea da, eta lan horretan jarraituko du.
Biniam Girmay besoak jasota, atzo, garaipena ospatzen. ©MAURIZIO BRAMBATTI / EFE

Eritreak ikur berria du

Eñaut Agirrebengoa

Girmayk garaipen handia lortu du Giroan. Podiumetik ospitalera joan da zuzenean, xanpainaren kortxoak begian jota. Lopez lider da oraindik ere
Beñat Zubizarreta, Lazkaoko Lapkeko Gazte mailako aurrelaria. ©JON URBE / FOKU

Ez daude barkatzeko

Jon Eskudero

Doneztebeko Errekak eta Lazkaoko Lapkek irabazi egin dute XVII. Berria Txapelketan, eta elkarren kontra ariko dira final-laurdenetan
Ricardo Barkala bere hautagaitza aurkezten, atzo. ©MIGUEL TOÑA / EFE

Barkala: «Goi mailako sei-zazpi teknikarirekin hitz egin dugu»

Berria

Bilboko Portu Agintaritzako buruak ofizial egin du Athleticeko presidente izateko hautagaitza

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...