Judy Chicago. Artista

«Museoetan, emakumeok sotoan jarraitzen dugu»

Arte feministaren aitzindaria da, baita irakaslea eta idazlea ere. 50 urteko ibilbidean, emakumezkoen adierazpen askatasunaren alde borrokatu da. Bilbon duen erakusketa aurkezten ari da egunotan.

Bilbo
2015eko urriaren 6a
00:00
Entzun
Judy Chicago (Chicago, AEB, 1939) borrokalari geldiezina da. Bere garaian, gizonek kontrolaturiko arte zirkuituetan, ezarritako molde guztiak hautsi zituen bere artelanekin. Desobedientzia feminista hori dela eta, ez du ibilbide samurra izan. Haren helburuetariko bat historian emakumeek izan ez duten lekua, indarra eta garrantzia berreskuratzea da. Horregatik, emakumeak irudikatzen eta goresten ditu, eta emakumezkoen gaien inguruan dihardu etengabe. Bilbon dago egunotan,Azkuna zentroan ikusgai dagoen Zergatik ez Judy Chicago? erakusketa aurkezten, egilearen obraz eta dokumentuz osatua da. Etzi zabalduko dute, urriaren 8an, eta 2016ko urtarrilaren 10era arte izango da hura ikusteko aukera. Tarte horretan, tailerrak eta hitzaldiak ere izango dira, gaitzat «ikuspegi feministak ekoizpen artistikoetan eta artearen teorietan»harturik.

Egonezina sorraraztea da artearen berezko funtzioa? Arteak desobedientea izan behar du?

Egonezina? Egonezina hitz txikiegia da. Desobedienteak izan diren artistez beterik dago historia. Desobediente izateak giza espiritua ulertzeko modua zabaltzen digu. Denok jasotzen dugu kultura eta historia jakin bat. Gizonak euren aurretiko gizon garrantzitsuek egindakoa ikasiz hazten dira. Baina emakumeek ez dute inoiz emakumezko erreferenterik izan. Beraz, emakumeak historiatik sistematikoki ezabatuak izan direla jabetu nintzenean, gezur horren aurrean nola ez dut ba desobedituko?

Zure artelanek badaukate pornografiatik?

Bai, baldin eta zutik dauden munduko eraikin altu guztiak pornografiko kontsideratzen badira.

Arteak aldaketa soziala sortu dezake? Zenbat botere dauka zure arteak?

Beti sinistu izan dut arteak daukan boterean. The Dinner Party, nire obra famatuena, egin nuenean, konturatu nintzen arteak izan dezakeen botere itzelaz. Obra hau lehen aldiz jendaurrean erakutsi zenean arrakasta ikaragarria izan zuen eta diru mordoa egin zuen museoak. Erakusketa beste leku batzuetara eramatea zen asmoa baina museo askok ez zuten onartu. Hori dela eta, jendea haserretu egin zen eta dirua biltzen hasi zenartelan hau munduko beste toki batzuetara eramateko. Horri esker, milioi bat pertsonak baino gehiagok ikusi zuten. Horrek erakutsi zidan arteak botere handia daukala.Oraindik ere, jendeak gutunak idazten dizkit The Dinner Party ikusi dutela eta zenbat hunkitu diren esanez.Hori lortu dezake arteak, beti ere, desobedientea denean!

The Dinner Party obran historiak ukatu eta ezabatu dituen emakumeei egiten diezu gorazarre, oso modu berezi batean. Historia berridatzi daitekeela uste duzu?

Bai. Eta historia hutsunez beterik dagoela erakutsi nahi dut, gaizki idatzita dagoela. Ez soilik emakumeontzat, beste jende asko ere historiatik kanpo gelditu da.

Zure erakusketek zer-nolako harrera izaten dute leku batzuetan eta besteetan?

Urteotan asko aldatu da kontua. Hasi nintzenean ez ninduten oso ondo ikusten, entzute eskasa neukan. 50 urteko ibilbidean beste edozein artistak baino kritika gogorragoak eta txarragoak jaso izan ditut. Baina asko ikasi dut horretatik: kontrobersia sortu gabe ez dago aldaketa sortzerik. Asko kostatu zait besteek nire lana aitortzea eta daukan balioa ematea, 50 urte zehazki. Iaz 75 urte bete nituen, eta AEB osoan zehar nire artelanak ikusgai egon ziren; harrera paregabea izan zuten. Ospatzeko su artifizialekin ikuskizun bat egin nuen Brooklynen, eta 12.000 pertsona etorri ziren.

Eta orain hemen.

Museotan ez ezik, Azkuna Zentroa bezalako lekuetannire obrak erakusten hasi dira, eta hori pozgarria da. Horregatik darama Zergatik ez Judy Chicago? izenburua erakusketak. Baina zergatik ez dira horrelako erakusketak egiten Guggenheim edo Reina Sofia bezalako museoetan? Horietan gizonezkoen artelanak bakarrik aurkituko ditugu: Richard Serra, Basquiat... Emakumezkoen artelanak noizko?

Artearen munduan, emakumeei emakume izateagatik batzuetan tratu desberdina ematen zaizue. Hori kaltegarria izan daiteke?

Emakumeak garela beti aipatzen ibili behar hori askotan deserosoa bihur daiteke. Egilea emakumezkoa delako artelan bat modu desberdinean ikustea edo interpretatzea... ez litzateke horrela izan behar, baina ematen du askotan ezin daitekeela saihestu. «Hemen dituzue, The Rolling Stones! Mutilez osaturiko rock talde bat!»; hori ez litzateke inoiz esango. Emakumezkoak balira, ordea, emakumeak direla azpimarratuko litzateke. Berdintasun harreman bat lortu behar dugu, hori da erronka. Dena den, ez da erraza. Horren alde lan egiten dut nire artearen bidez.

Emakumeek lortu ahal dute merezitako lekua artearen munduan?

Hemen, mendebaldean, munduko beste leku batzuetan baino zorte hobea daukagu alde horretatik. Aukera gehiago daude eta emakumeei errazago zaie euren pentsaerak, ideiak, artelanak... azaleraztea eta erakustea. Hala ere, oraindik desadostasun handiak daude. Goiko solairuan gizonek jarraitzen dute, eta emakumeek sotoan jarraitzen dugu, gora igo nahian. Guggenheim, Reina Sofia, Tate... bezalako museoetan gizonak dira izarrak. Emakume artistak beti beheko solairuan, beti bigarren, beti atzetik.

Feminismoa gizonen kontua ere bada?

Erabat. Beti esan izan dut matxismoa gizonen arazoa dela. Gainera, oso garrantzitsua da feminismoaren inguruko eztabaidetan gizonak ere egotea. Gizonezko asko lagun handiak dira, oso konprometituta daude eta ekarpen interesgarriak egiten dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.