Felipe VI.aren izendapena. Ekitaldia

Aldaketarik gabeko aldaketa

Felipe VI.ak Espainiaren «batasunaren» aldeko hitzaldia eman du Gorteetan egindako koroatze ekitaldian: «Denok dugu lekua».Iñigo Urkulluk eta Yolanda Barcinak parte hartu dute ekitaldian

Letizia erregina eta Felipe erregea, errege jauregira iristen, koroatze ekitaldia amaitu eta gero. JUAN CARLOS HIDALGO / EFE.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2014ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Espainiako koroan egin da aldaketa. Felipe Borboikoak hartu du Espainiako tronua, bere aita Juan Carlos I.ak abdikazioa eman ondotik. 39 urtez Espainiako estatuburu izandakoak semeari eman dio lekukoa. Aginte makila eskuz aldatu dute. Horrenbestez, Felipe VI.a izango da, hemendik aurrera, Espainiako erregea. «Egonkortasuna» ziurtatzeko mandatu argia utzi zion aitak abdikatu zuenean, eta hala egingo duela hitzeman du semeak tronuratze ekitaldian. Espainiaren «batasunaren» alde lan egingo duela agindu du Felipek: «Fedea dut Espainiaren batasunean».

Juan Carlos I.ak abdikatu etahemezortzi egunera izendatu dute Espainiako Gorte Nagusiek Felipe Borboikoa Espainiako errege. Orain arte Espainiako estatuburu izandakoak asteazkenean sinatu zuen abdikazio legea, eta haren semeak biharamunean egin du karguaren zina.

Espainiako errege berriaren koroatze ekitaldia protokolo hertsiarekin egin dute, sinbolismoz beteriko ekitaldi solemne batean. Azken milimetroraino zaindutako protokoloari jarraitu diote, inprobisaziorako tarte txikia utzita. Neurtua izan baita, oso, goizetik eguerdira bitartera luzatu den tronuratzea. Eta segurtasun neurriak zorrotzak izan dira Madrilen egun osoz. Poliziaz eta guardia zibilez josita egon da hiriburua, eta protesta oro debekatu dituzte. Bandera errepublikanoak erakustea ere galarazi dute, nahiz eta herenegun Espainiako Poliziak gezurtatu egin zuen debeku hori zegoela. Besterik pentsarazten du, ordea, Puerta del Solen errepublikaren alde deitutako elkarretaratzea debekatzeak, hiru lagun atxilotzeak eta beste 41 pertsona identifikatzeak. Hala ere, berrehun lagun inguru bildu dira errepublikaren aldeko manifestazio batean.

Kalean, berriz, ez da jendetza bildu monarkiari gorazarre egiteko. Erdiguneko hainbat kale erdi hutsik ikusi dira, Espainiako errege-erreginen autoa igarotzen ari zenean. Orienteko plaza ezaguna, adibidez, ez da osorik bete.

Lehen orduan hasi da koroatzea, Zarzuelako jauregian. Armada nagusiaren kapitainari dagokion zeta gorrizko gerrikoa aitaren eskutik jasota abiatu du Felipek bere mandatua. Lurreko armadaren uniformez jantzita eta gerrikoa jarrita, aita besarkatu du, eta, ondoren, ondoan zituen Letizia Ortiz emaztea, Leonor eta Sofia alabak, Sofia ama, Elena arreba eta Felipe Juan Froilan iloba.

Errege-erregina berriek eta haien familiak Zarzuelatik Diputatuen Kongresurako bidea hartu dute, kotxe ofizialean, han izan baita karguaren zina. Felipe VI.ak zain izan ditu Mariano Rajoy Espainiako gobernuburua eta estatuko agintari nagusiak. Erkidegoetako presidente guztiak ere han egon dira: Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakaria eta Yolanda Barcina Nafarroako presidentea, tartean. Urkulluk, baina, ez du parte hartu kongresutik kanpo antolatutako ekitaldietan.

EAJko eta CIUko diputatuek ere ikusi dute koroatzea, baina uko egin diote Felipe VI.aren hitzaldia txalotzeari —soilik CIUko diputatu Josep Antoni Duran i Lleidak txalotu du—. Kongresuan ez dira egon, ordea, Amaiurreko eta Geroa Baiko ordezkariak. ERC, BNG, Izquierda Plural eta Compromiseko diputatuek ere ez dute parte hartu ekitaldian, monarkiari buruzko erreferenduma aldarrikatzeko protesta gisa. Ez dira ekitaldian izan, halaber, Juan Carlos Borboikoa eta ezta haren alaba Cristina Borboikoa ere. Nazioarteko buruzagiek ere ez dute parte hartu.

«Monarkia eraberritua»

Espainiako Konstituzioaren zina egin ostean, lehen hitzaldia eman du Felipe VI.ak Gorteetan, Espainiako errege gisa. «Errege konstituzional baten erregealdia» hasi dela nabarmendu eta estatuburu «leiala» izango dela hitzeman du, «entzuteko, ulertzeko, ohartarazteko, aholkuak emateko eta interes orokorrak defendatzeko» prest egongo dena.

«Monarkia eraberritua garai berri batentzat». Mezu hori azpimarratu nahi izan du hitzaldian, baina, monarkia zertan eraberrituko den azaltzean, zertzelada gutxi eman ditu. Estatuaren egitura ez dela aldatuko, ordea, argi utzi du. Izan ere, Espainiaren «batasuna» aldarrikatu du errege berriak, eta esan Espainia sentitzeko modu eta molde guztiek dutela lekua han. Esan du Espainiaren batasunak ez duela zertan «uniformetasuna» izan: «Espainia batu eta plural horretan, espainiarren arteko berdintasuna eta herrien arteko elkartasuna oinarri duen Espainia horretan, denok dugu lekua; sentimendu eta sentsibilitate guztiek dute lekua, espainiar sentitzeko modu ezberdinek dute lekua». Eta Euskal Herriko eta Kataluniako auziak aipatu ez baditu ere, haiei buruz aritu da: adierazi du sentimenduek ez dituztela zertan «banaketak, liskarrak edo bazterketak» eragin, «are gutxiago Europa eraikitzen ari garen honetan».

«Aniztasunaren» ideia ere ahotan izan du, batez ere hizkuntzak aipatu dituenean. Haren esanetan, «gaztelaniarekin batera, Espainiako gainerako hizkuntzek ondare komun bat» osatzen dute, eta horiei «errespetu eta babes berezia zor zaie». Eta gogoan izan ditu Gabriel Aresti idazle euskalduna, Salvador Espriu katalana, Alfonso Daniel Rodriguez Castelao galiziarra eta Antonio Machado sevillarra.

ETAren biktimak gogoan izan ondotik, familia barruko ustezko ustelkeriaren mamuak uxatzeko ahalegina egin du. Izan ere, azpimarratu du monarkia parlamentarioak jokabide «zintzo eta gardena» erakutsi behar duela. Konstituzioak ematen dizkion funtzioak «zintzo» beteko dituela ere hitzeman du, hori izango delako monarkia herritarrengandik gertu egoteko modua eta haien errespetua eta konfiantza lortzeko bidea. «Harro nago Espainiaz, eta espainiarrek ere nirekin harro egotea nahi dut».

Gaztelaniaz, euskaraz, katalanez eta galizieraz eskerrak emanez amaitu du hitzaldia. Estatuan koofizialak diren hizkuntzetan esandako hitz bakarrak izan dira horiek. Kongresua lepo betetzen zutenen txalo zaparrada beroa jaso du ondoren —baita hitz egiten ari zenean ere—. EAJko eta CIUko diputatuen moduan, Urkullu lehendakariak eta Artur Mas Generalitateko presidenteak ez dute txalotu Espainiako erregearen hitzaldia, eta biek ala biek keinu zurrunarekin ikusi dute ekitaldia, gonbidatuen palkotik. Espainiako hainbat komunikabidek horren berri eman dute, eta lehendakaritzak polemika saihestu nahi izan du gero. Jakinarazi dutenez, Urkulluk «hainbat aldiz» txalotu du erregearen hitzaldia: Felipe VI.ak gurasoez hitz egin duenean, biktimak aipatu dituenean eta hitzaldia amaitu duenean, «labur» bada ere. Gainera, azaldu dutenez, errege-erreginek gonbidatu guztiak banan-banan agurtu dituztenean, Felipe VI.a «agurtu eta zoriondu» du, eta berekin elkartzeko nahia agertu dio.

«Euskal Herria badoa»

Euskal Herrira ere iritsi da Felipe VI.aren koroatzearen oihartzuna, eta alderdiek argi utzi dute, atzera, monarkiari buruz duten iritzia. EH Bilduko eledun Hasier Arraizek salatu du ez dela «ezer aldatu» monarkian, eta «euskal errepublika» aldarrikatu du. Haren ustez, «askatzen» hasi da Francok «lotuta» utzi zuen estatu eredua, Katalunia eta Euskal Herria «badoazelako».

EAEko PPko presidente Arantza Quirogak, bestalde, adierazidu Espainiako erregearen azken hitzak euskaraz izateak erakusten duela Espainiaren ikuspuntu «plurala» duela, eta ziur da errege berriak «egoerak eskatzen duen bezala» jokatuko duela.

Madrildik mintzatu da EAJ, Aitor Esteban diputatuaren ahotik. Jeltzaleei ez zaie gustatu Felipe VI.aren hitzaldia, haren esanetan: «Etsigarria izan da, betikoa izan da. Ez du keinurik egin, ez ditu nazionalitateak aipatu, ez du ezer esan Kataluniari buruz, baina hirutan esan du Espainia nazio handia dela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.