Donostia 2016. 'Bitakora kaierak'

Urtearen balantze «korala»

Donostia 2016k eman duenaz gogoetatzeko, 'DSS2016EU. Bitakora kaierak' ireki dute Tabakaleran. Hiriburutza kanpotik zein barrutik bizi izan duten 168 pertsonaren lekukotzak jaso dituzte bideoetan

Egurrezko oholekin banatu dute Tabakalerako 1 espazioa, eta Donostia 2016ko proiektu eta jardueren berri eman dute guneetako bakoitzean, dozenaka bideoren bitartez. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Ander Perez Argote
Donostia
2016ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Aurki idatziko du Donostia 2016k bere ibilbidearen azken puntua. Amaitzear da urtea, eta harekin kultur hiriburutza: iritsi da balantzea egiteko ordua. Ariketa horretara bideratu dute arduradunek kultur urteko azken erakusketa: atzo ireki zuten Tabakaleran DSS2016EU. Bitakora kaierak, kultur hiriburutzak emandakoaren errepaso eta balorazio gisara. Hainbat aretotan zehar, urteak emandakoa azaldu dute xehe, ikus-entzunezko ehunka piezaren bitartez. Gainera, 168 kultur eragile, kazetari, programatzaile eta herritarren iritziak jaso dituzte bideo luze batean. Izan ere, Carlos Rodriguez komisarioak atzo azaldu zuenez, diskurtso bakarretik harago, aniztasunean bilatu nahi izan dute kontakizunerako bazka: balantze «korala» egin nahi izan dute. «Galdera betikoa da: 'Zer utziko du 2016ak?' 'Zer da 2016a?'. Guk esan baino gehiago, esan dezatela 168 pertsona horiek».

Ahots eta bideoen uztarketa da erakusketa. Sei zatitan banatu dute Tabakalerako 1 espazioa, eta kultur hiriburutzaren historia bildu dute sei gune horietan. Atzera egin dute denboran, 2008ra arte, D2016ren ernamuinetik hasi eta gaur egunera arte bidaiatzeko. «D2016ak zortzi urtez utzi dituen irudi guztien bilduma», huraxe da erakusketa, Rodriguezen esanetan. Bat egiten dute leku berean denboran eta espazioan barreiatuta bizi izan diren proiektu eta jarduerek.

Aretoko lehen gunean, kultur hiriburutzarako hautagaitzaren garaia aztertu dute antolatzaileek, eta bideo batean azaldu dute hautagaitza aurkeztu eta 2016ra arteko kronologia. Gainera, espazio horretan bertan, eta Europako kultur hiriburutza zer den azaltzearekin batera, 1985etik hona rol hori jokatu duten hirien berri eman dute, hango eta hemengo irudiak proiektatuz.

Kultur hiriburutzaren hiru itsasargiei dagozkie ondorengo hiru aretoetako bakoitza: Bakea, Bizitza eta Ahotsak. Hainbat pantaila daude horietako bakoitzean: itsasargi bakoitzari lotuta, urte osoan egin diren proiektuak azaltzen dira horietako batzuetan, eta bitartean, besteetan, egitasmo horiekin lotura izan duten pertsonak ageri dira hizketan. Jolas gisara planteatu daiteke bisita, Rodriguezen arabera; uztartzen joan daitezkeelako irudiak, handik eta hemendik datozen ahots eta iritziekin.

Txekhov vs Shakespeare, adibidez, bertako eta kanpoko idazleen arteko gutun trukerako egitasmo gisara garatu zen. Horren irudiak ikus daitezke pantailetako batean, mutu. Bitartean, aldamenean, Harkaitz Cano eta Luisa Etxenike idazle eta programako partaideak ari dira, txandaka. Edo mintzo dira Jorge Gil Munarriz zinemagilea eta Michel Gaztanbide gidoilaria, pantaila Kalebegiak film kolektiboaz ari den bitartean.

Ukipen pantailez bete dute bosgarren aretoa, jendea horietan aritu dadin, eta ikus ditzan Kaiak, Elkarrizketak eta Enbaxadak programek utzitakoak, bideo eta testu modura. Besteak beste, Karta Zuriaz baliatu diren hiru sortzaileen —Esther Ferrer, Jone San Martin eta Anjel Lertxundi— elkarrizketak ikus daitezke bertan.

Morgancrea enpresa arduratu da ikus-entzunezkoen ekoizpen eta sorkuntzaz: bertako kideak dira Rodriguez eta Asun Lasarte, eta biak aritu dira komisario. Hiriburutza izan denaz argazki orokorra egiteko balio dezake erakusketak, Lasarteren ustez. «Gutako bakoitzak hiriburutzaren zati txiki bat ikusi du, baina hona etortzea aukera ona da egindako guztiaren irudi osoa hartzeko».

Legatuaren plaza

Donostia 2016k utzitako legatuari eskaini diote azken eremua, handiena. Zortzi puf daude lurrean, jendea bertan jar dadin. Aurrean, pantaila handi bat, eta bertan, banan-banan, elkarrizketatutako 168 pertsonak. Modu batera edo bestera, barrutik zein kanpotik, hiriburutza bizi duten pertsonak dira. Koldo Almandoz, Bernardo Atxaga eta Aizpea Goenaga, besteak beste. «Ikuspegi positiboz» egin dute bideoa Rodriguezen arabera, baina atzo esan zuenez, ez dituzte ezkutatu era askotako kritikak ere. Biak, laudorioak eta gaizki esanak, bildu dituzte hiru orduko bideoan, askotariko ahotsak batuz. Eta «balantze orekatu bat egiteko modu oso leiala» da hori, D2016ko komunikazio arduraduna den Fernando Alvarezentzat. Elkarrizketa horiek baliatuko dituzte, gainera, Donostia 2016ri buruzko dokumentala osatzeko. Abenduaren 31n aurkeztuko dute lana, Viktoria Eugenian.

Itsasoko elementuekiko metaforan aritu da, urte osoz, D2016ko programa, eta metafora horri heldu zion atzo Xabi Paya programazioaren arduradunak ere, erakusketaren oinarria azaltzeko orduan: «Bidaiaren bukaerara ez gara heldu, baina heldu gara hausnarketa egiteko momentu batera, eta itsasgizon, itsasandre, kapitain, kontramaisu eta denei eskatu diegu bitakora kaiera ekarri, ireki, eta gure aurrean jartzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.