joxerra senar
Krisia Nafarroako Gobernuan. Analisia

Partida hastera doa

2014ko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Dena alda daiteke istant batean. PSNk zentsura moziorik ez babesteko erabakia hartu ondotik, Nafarroan hareazko erlojua oso motel zihoan, eta mundu guztiak, alderdiak eta komunikabide guztiak barne, begirada hamabost hilabeteko zeharkaldi luzerantz jarria zuten. Hala ere, oso ezohikoa izanagatik ere, kalkulu politikoetan inoiz ezin da ustekabearen aukera baztertu. Eta Idoia Nievesek astearte arratsaldean parlamentuan hareazko erloju hori irauli zuen. Dena aldatu da, dena azkartu da.

Espainiako eta Nafarroako eskuinaren beldurra, adibidez. Berehala jarri dute haizagailua martxan. Ohiko mamu eta mezu apokaliptikoak astintzeaz gain, konspirazioaz ere hitz egin du inork. Konspirazioa? Asteartean parlamentuan izan ginenok ziurta dezakegu alderdi guztietako eledunak tentsioz, isil eta harrituta entzun zutela Nievesen kontakizuna. Edo Oskar saria jasotzeko moduko aktoreren bat dago legebiltzarkideen artean (eta ez dago), edo guztia erabaki pertsonal ausart bezain erabakigarri baten emaitza izan zen. Nafarroako jokaleku politikoa goitik behera aldatu du lurrikarak. Hainbeste ezen bi protagonista nagusiak ere, Yolanda Barcina eta Lourdes Goikoetxea, ustekabean hartu dituela, bien patua elkarri lotuz. Ez, inoiz ez dira ustekabeak baztertu behar. Nafarroan ez bederen.

Salaketa hain larria izan da ezen PSN ere posizioa aldatzera behartu duela, Barcina boterean mantentzearen kostu politikoa jasanezina baita sozialistentzat. Ez zuen beste erremediorik. Logikoki, PSNko zuzendaritzak ez zuen erabakia bere kabuz hartu. Hartara, duela 11 hilabete hauteskundeak ez aurreratzeko agindua eman zuen Rubalcaba berak oraingoan oniritzia eman zuen. Ferrazen eta Genovan Nafarroako tirabira politikoak hirugarren mailako auzia dira, estatua auzia bihurtzen diren arte. Xantaia hori ondo baliatzen badaki aspaldidanik eskuinak: PSOEk zein PPk inoiz ez dute Nafarroa Espainiaren aurretik jarriko. Inoiz. Elena Valencianoren hitzek sozialisten dardarizoa islatzen dute. Burua altxatu ezinik dabilen PSOEk bere konplexutasun guztiak adierazten ditu Nafarroako Gobernuaren gainbehera estatu auzi bihurtu nahi dutenen presioari aurre egin ezinik.

Hala ere, PSNk ezin du atzera egin orain. Egingo balu, bere amaiera litzateke. 2007ko abuztuko amore emateak 2011n %30eko boto galera eragin bazuen, oraingoan ezdeus bihurtzeko tenorean legoke. Horregatik, eurek jarritako hamabost eguneko epe hori amaituta, bozak aurreratzeko asmoz zentsura mozio baten alde egitea dirudi orain logikoena. Martxoaren hondarrean amaitzen da hauteskundeak aurreratzeko epea, eta tentsio handiko egunak datoz. Alderdi guztiak horretara jarri dira.

Hasteko, UPNk ezbai zaila du. Barcina Goikoetxeari lotu zaion bezala, UPN Barcinari lotu zaio. Hain garai zailean publikoki desadostasunak adieraztea eragingo lukeen kaltearen jakitun, sektore kritikoa isil dago. Barcina da euren hondamendia, baita euren azken itxaropena ere. Hondamendia da haren gestio txarrak eragin dezakeelako ustelkeriazko erregimenaren amaiera. Azken itxaropena da hiru hilabeteren faltan beste hautagai baten alde egin eta erdibituta agertzea, porrotarako biderik azkarrena litzatekeelako. Mugituko dira, bai. Zerrendak osatzeko ahalmen osoa du Barcinak, eta presio egingo diote sektore horretako ordezkariek tokia izan dezaten. Adimena badu, Barcinak boterea administratzen jakingo du.

PSNren kasuan, hauteskundeen aurrerapenak erabakia erraztu die. Eztabaida galanta zegoen alderdi barruan udazkenean nola izan behar zen hautagaia aukeratzeko prozesua: militanteen eskuetan utzi edo herritarrei aukera ireki. Bigarren kasua orain ia-ia baztertuta dago, eta, hala, aparatuaren hautagaia izendatuko da. Lurralde Batzordean desadostasunak badaude azken urtetako norabidearen inguruan, baina UPNri gertatu bezala, nekez egingo dute militanteek aparatuak babestuko ez duen hautagai baten alde. Beste gauza bat da nor izango den hautagai ofiziala. Jimenez politikoki higatua dago, baina era berean ez dago denborarik Maria Txibite edo beste hautagairen baten alde egiteko. Ezinbestean PSN Jimenezen figurari lotuta dago.

Koalizio abertzaleei eta Ezkerrari, berriz, egiaren ordua iritsi zaie. UPNren aurka egotea erraza da, baina alternatiba eraikitzea zailagoa. Ardura handia dute bere gain. Dena den, aspaldi ikusi gabeko baldintzak ematen dira. EH Bilduk argi dio bere aukera sendoa izateak ahalbidetuko duela aldaketa. Geroa Bain Uxue Barkos izango da hautagaia ziurrenik, eta Ezkerra PSNren ahulaldia profitatzeko irrikan dago. PSOEk hareazko erlojua berriro mugitzen ez badu, fitxak azkar mugituko dira. Partida hastera doa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.