Arribasen inputazioak begi bistan utzi du Barcina eta Sanzen jarduna

CANek mailegu bat eman zion Burgoseko kutxako presidente ohiari bere enpresa batek kutxa horrekin zeukan zor bat kitatzeko.Kutxen arteko bat egite prozesua hasita zegoen

jokin sagarzazu
2014ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Jose Antonio Arribas Caja Burgoseko presidente ohiaren inputazioak jopuntuan jarri du, berriz ere, CAN Nafarroako Kutxaren gobernu organoen urteotako jarduna. Bi aurrezki kutxa horien, Andaluziako Cajasolen eta Kanarietako Caja Canariasen arteko fusioa egiten ari zenean (Banca Civicaren baitan), Arribas, Burgosko Kutxaren presidente zelarik, larri zegoen bere enpresa batentzako bi kreditu eskatu zizkion CANi, baita jaso ere, CANen Erakunde Sortzaileen Batzordeko eta Batzorde Iraunkorraren oniritziarekin: besteak beste, Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidentearen, Miguel Sanz presidente ohiaren eta Alberto Catalan Parlamentuko presidentearen babesarekin. Bi kredituok -2,44 milioi euro, denera— eta Arribasek egindako beste 40tik gora finantza operazio ikertzen ari da Burgosko 2. Instrukzio Epaitegia, eta inputatu gisa deklaratzera deitu du urtarrilaren 15erako.

BERRIAk eskuratu egin ditu aipatutako kreditu horietako batekin lotura duten CANen Erakunde Sortzaileen Batzordeko eta Batzorde Iraunkorreko bilera batzuetako aktak. Horien arabera, bi batzorde horietako kideek bazekiten zein zen Arribasen enpresaren egoera (Arlazon SA). Alegia, 1,8 milioi euroko lehen kreditua eskatu zuenean, enpresa hori egoera larrian zegoela eta zor handiak zituela —mailegua eman(2010eko azaroan) eta hilabete gutxira, konkurtsoaren aurreko egoeran sartu zen, eta urtebetera, hartzekodunen konkurtsoan—. CANeko bi batzordeetako kideei informatu egin zitzaien horri buruz eta azaldu egin zitzaien, halaber, Arribasek mailegu hori erabili nahi zuela, zehazki, bere enpresak Burgosko Kutxarekin zeukan zor bat berregituratzeko.

Hori guztia hala izanik eta jakinaren gainean egonik ere, euren oniritzia eman zioten operazioari bi batzordeetako kideek —aholku organoak dira—. Eta ez zuten informazio osagarririk eskatu Arribasen enpresaren egoerari buruz, ezohiko operazio bat zela jakin bazekiten arren. Berezia, enpresaren egoeragatik eta Arribasek CANen mailegua erabili behar zuelako, hain justu, berak zuzentzen zuen aurrezki kutxarekin zuen zor bat kitatzeko.

Horren harira, batzordeko kideei azaldu zitzaien mailegua CANen bidez jasoko zuela Arribasek eta ez Burgosko kutxaren bidez, eta espresuki egingo zela hori Gaztela eta Leongo aurrezki kutxen legea saihesteko —lege horren arabera, Arribasek, Burgosko kutxako presidente gisa, ezin zuen krediturik eskatu—.

Lege aldetik, itxuraz, CANek ez zuen oztoporik era horretako operazio bat egiteko, baina CANeko batzordeetako kideek bazekiten, Arribasek mailegua eskatu zuenean, CANek hasia zuela Burgoseko kutxarekin eta beste batzuekin bat egiteko prozesua, eta mailegua eman ziotenean, berriz, fusioa amaituta zegoela. CANetik jasotako bi maileguen berri jakin zenean, Arribasek dimisioa eman zuen, Burgosko aurrezki kutxako zuzendari gisa, 2011ko ekainean. 2013ko otsailean, berriz, epaile batek ebatzi zuen Arlazon SA enpresa likidazioa prozesuan sartzea, eta Arribasek han zeukan kontseilari kargua utzi zuen—2003tik zegoen enpresa horretako zuzendaritzan—.

Zalantzarik gabe

Kutxen fusioa amaitu eta lau hilera onartu zuen CANeko Kontrol Batzordeak Arribasi mailegua ematea. Eta bi hilabete barru, operazioari oniritzia eman zioten CANeko Erakunde Sortzaileen Batzordeko eta Batzorde Iraunkorreko kideek. Prozesu azkarraizan zen, beraz, eta hiru bileretako akten edukia oso antzekoa da. Horiek erakusten dute, halaber,inork ez zuela zalantzarik mahaigaineratu Arribasen maileguari buruz. Halaber, 3.400 eta 8.000 euro arteko dietak jaso zituzten bilera horietan parte hartzeagatik. Dieta horietako batzuk itzuli egin dituzte parte hartzaileetako batzuek, eta beste batzuk ez.

Bi batzorde horien sorrerak sumoak eragin zituen hasieratik bertatik, eta ikerketa iturri ere izan dira, horietan parte hartzeagatik inor inputatu ez duten arren. 2010ean sortu ziren bi batzorde horiek, CANen estatuak aldatu zirenean, eta horren ondorioz politikariek administrazio kontseilua zein beste gobernu organoak utzi behar izan zituzten .

Erakunde Sortzaileen Batzordea CANen estatutuetan jasota zegoen, eta hango kide ziren Nafarroako Parlamentuko eta Iruñeko Udaleko ordezkariak, UPN eta PSNko kideak ordezkatuta. Bigarrena zen legez kontrakoa eta hor parte hartzen zuten, besteak beste, Barcinak, Sanzek eta Catalanek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.