Errua beti oposizioarena da

Autokritikarik egin gabe, «krisitik irteteko Nafarroa tokirik hoberenean» dagoela goraipatu du Barcinak legealdiaren azterketan.Hauteskundeetara deitzeko foru dekretua sinatu du

Yolanda Barcina, atzo, Nafarroako Gobernuaren egoitzan, prentsaurrekoa ematen. JESUS DIGES / EFE.
joxerra senar
Iruñea
2015eko martxoaren 31
00:00
Entzun
«Datuek bakoitza dagokion tokian uzten dute». Yolanda Barcina Nafarroako lehendakariak parlamentuaren jarduera eten eta maiatzaren 24rako foru hauteskundeetara deitzeko dekretua sinatu zuen atzo. Bere agintaldiaren balantzea egiteko orduan, «legealdi zaila eta bizia» izan zela adierazi zuen, baina ez zuen akatsik onartu. «Legealdi honetako datu guztiek erakusten dute krisia gainditzeko eta enplegua berreskuratzeko irteera tokirik hoberenean gaudela. Posturik hoberenetan gaude ere hezkuntza, osasun eta gizarte politiketan». Haren ustez, gobernuaren jarduera «erantzukizunak eta seriotasunak» gidatu du eta «ahalik eta gestio hoberena» egin du. Buruatsegin ariketa hori egin ostean, bere bakardade politikoa gainerako taldeei egotzi zien: «Neurri guztiak bakarrik egin ditugu, oposizioak ez gaitu ulertu eta euren kritiketatik at ez dira gai izan alternatiba bakarra egiteko».

Bere burua oposizioaren oposizioburu izendatuta, beste alderdiak gobernuari enbarazu egiteko jarrera erakutsi dutela saldu du. Haren baloraziotik kanpo geratu da legealdiko gertakari nagusia: Nafarroako Kutxaren galera.

Haren bakardadean zerikusi zuzena izan zuen Roberto Jimenez kargutik bota eta PSN gobernutik kanporatu izanak. Alta, Barcinak «egoera ekonomiko zailari» egotzi dio gobernu krisia. Lehen urtean murrizketa handiak egin behar izan zituen, eta, Barcinaren aburuz, «gobernu barruan oposizioa egiten ziharduen» Jimenezek. Haren ustez, koalizio gobernua «funtzionatu ez zuen formula on bat» zen, eta egoera ekonomikoa hobea balitz, «gehiago iraungo zukeen».

Barcinak legealdi amaierara onik iristea lortu du, eta, haren ustez, esfortzuak etekina emango dio UPNri: «Hala ere, merezi izan du amore eman ez izanak, eta hor daude datuak. Hemen gaude herritarrei zerbitzua emateko, bizi-kalitatea hobetzeko edo gutxienez, ez kalte egiteko».

Datuak alderatzean, beti Espainia hartu du erreferentzia gisa, Nafarroa egoera hobean dela azpimarratzeko. Kontrara, gogora ekarri diote kazetariek inkestetan herritarren gehienek egoera ekonomikoa ezkortasun handiagorekin ikusten dutela, eta talka egiten duela horrek bere analisiarekin. «Nik ez dut adjektiborik jartzen; nik datuak ematen ditut», aipatu zuen eta gaineratu: «Ez dakit zergatik den hori. Gobernu honek gauza bat esaten zuen, eta oposizioko beste talde askok, beste gauza bat. Ahots asko dira, eta gurea bakarra da».

Gipuzkoa eta Bildu

Gipuzkoari eta Bilduri ere etengabe egin dio aipamena. «Datu makroekonomiko horiek ez dira enpleguan islatzen eta herritarrengana iristen, baina espero dut datozen hauteskundeetan datu makroekonomiko horiek enplegura iritsiko direla, eta ez dadila Gipuzkoakoa errepikatu, Nafarroan baino bi bider enplegu gehiago suntsitu baita han». Datu hori etengabe erabili du nahiz eta gezurra izan: 2011ko uztailetik 2015eko otsailera, Gizarte Segurantzako datuen arabera, Nafarroan 15.830 enplegu suntsitu ziren eta Gipuzkoan 14.519.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.