Erantzunak, norberak bereak

'Jesusen eskola-egunak' liburua kaleratu du Meettok argitaletxeak, Coetzeeren azken nobelaren itzulpena, eta aurrekoaren jarraipena. Aritz Gorrotxategik euskaratu du

Hainbat sari jaso ditu Coetzeek bere ibilbidean, besteak beste, Literatura Nobel saria, 2003an. EFE.
Julen Aperribai.
Donostia
2017ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
The Childhood of Jesus argitaratu eta hiru urtera idatzi zuen, iaz, John Maxwell Coetzee idazle hegoafrikarrak The Schooldays of Jesus, haren jarraipena. Lehen lana bezala, bigarrena ere euskaratu du Aritz Gorrotxategik, Jesusen eskola-egunak izenpean (Meettok).

Lehen nobela amaitzen den puntu berean hasten da bigarrena. David, Simon eta Ines familiako kideen ihesaldia berrartzen du. Hirurak Estrella izeneko herrira iritsi, eta bertan bizimodu berri bati ekingo diote, aurrekoarekin errotik hautsiz. Protagonisten iragana ez da zehazten, aurreko nobelan egiten ez den bezala. Zantzu batzuk badaude, irakurlea eramaten dutena ondorioztatzera zerbaitengandik ihesi doazela, eta haientzat arrotza den leku batera iristen direla. Hiru ahizpa jabe dituen baserri batean hartuko dute ostatu, eta laborari lanetan hasiko dira bertan. David haurra dantza akademia batean sartuko dute. Dantza eginez matematika irakatsiko diote han.

Bizimodu berrian, iraganarekin nolabaiteko lotura mantenduko duen bakarra izango da David, eta azkar antzemango diote berezitasun hori, bai baserriko ahizpek eta bai akademiako irakasleek. «Ez du ohitu nahi, ez du leku berrira egokitu nahi; lehengoarekin gogoratzen da, eta badirudi lehengoarekin lotura handiagoa duela», azaldu du Gorrotxategik.

Nobelaren erdialdera jazoko den krimen batek aldatuko du istorioaren ordura arteko norabidea, eta, aldi berean, gertaerak zipriztindutako Dmitri pertsonaiak garrantzi berezia hartuko du. Hark justizia sistema bera jarriko du zalantzan, eta baita berez gizarteak onartutzat dituen hainbat funtzionamendu ere; hala nola, krimen baten aurrean, nork duen legitimitatea krimenaren larritasuna kartzela urteetan neurtzeko. Justiziak biktimari eman beharreko ordainaren inguruko dudak ere azaleratuko ditu. Hala, Coetzeeren asmo nagusia gorpuztuko du Dmitrik, Gorrotxategiren arabera: «Jakintzat ematen ditugun asmoak edo konbentzio gisa onartuak ditugun gauzak hankaz gora jartzea».

Idazlearen «estilo argi eta zuzena» goraipatu du Gorrotxategik, aldatzeko eta esperimentatzeko duen grina nabarmentzeaz batera: «Normalean, idazle kontsakratuek gaztaroan egiten dituzte esperimentuak. Coetzeek alderantzizko bidea egin du. Apustu bat egitea erabaki du». Galdera irekiak planteatzen dituela azaldu du. Batzuei irekiegiak ere irudi dakizkiekeen arren, ezaugarri horrek berak aukera ematen die irakurleei euren erantzun propioak emateko: «Irakurleak atsegin badu idazlearen lana osatzea, eta, nolabait, idazleak idatzitakotik bere ondorioak eta bere teoria propioak ateratzea, nik uste dut irakurle horrek gozatuko duela».

Hala ere, Gorrotxategiri deigarria egin zaio idazleak lehenengo nobelatik bigarrengora denboran jauzi handiagoa egin ez izana. David haurrak 6 urte ditu lehenengoan, eta, 7 urte, aldiz, bigarrengoan. «Nobela bakoitzarekin haur horren bizitzaren urte bat hartzen badu, eta 33 urtera arte iritsi nahi badu, lan handia dauka». Benetan hori den bere asmoa edo pertsonaiaren bizitzako etapa jakin horretan zentratu nahi duen; zalantza hori baduela onartu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.