Munduan kokatzeko trepeta

Nazioarteko zortzi itzultzaile euskaratik abiatuta lan egiteko trebatuko ditu 'Itzultzaile berriak' programak.Euskal Herrian ikasi eta euskal literaturako liburuak itzuliko dituzte

Aizpea Goenaga (Etxepare Euskal Institutua), Xabier Paya (Donostia 2016) eta Iñaki Iñurrieta (EIZIE), atzoko aurkezpenean. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Juan Luis Zabala
Donostia
2015eko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Donostia 2016ren Ahotsen Itsasargian integratua, Itzultzaile berriak programak nazioarteko zortzi literatur itzultzaile aukeratuko ditu, euskara ikasi, euskaraz trebatu eta euskaratik abiatutako itzulpenak egin ditzaten. Hastapenean, zortzi itzultzaile horietatik lauk ez dute euskaraz jakingo, eta beste lauk euskararen oinarrizko ezagutza baino ez dute izango. Atzo zabaldu zuten deialdia programaren antolatzaileek eta laguntzaileek: Donostia 2016k, Etxepare Euskal Institutuak eta EIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak.

Hautatutako zortzi itzultzaileek Euskal Herrian egonaldiak egingo dituzte, 2015eko ekaineko bigarren hamabostaldiaren eta 2016ko martxoaren amaieraren arteko epean, oraindik zehaztu gabeko datetan, beren euskararen ezagutza hobetzeko.

Euskaraz ez dakiten lau itzultzaileek sei hilabeteko egonaldia egingo dute; oinarrizko ezagutza duten lau itzultzaileek, berriz, hilabetekoa. Itzultzaile guztiek ikastaro intentsibo batean parte hartuko dute, barnetegi batean, ahal den neurrian denek data bertsuetan.

2016ko udazkenean, programarako hautatutako zortzi itzultzaileek EIZIEk antolatutako itzulpen tailer batean parte hartuko dute, Tabakaleran, haietako bakoitza euskal idazle batekin elkarturik, itzultzaile-idazle bikoteak osatuz gisa horretan. EIZIEk azken urteotan Idazlea itzultzaileen lantegian izenburuarekin antolatu duenaren gisakoa izango da tailer hori, baina itzultzaile eta idazle gehiagok hartuko dute parte. Jendaurreko ekitaldi bat ere egingo dute itzultzaileek eta idazleek, elkarrekin, itzulitako tailerrean gertatutakoaren berri emateko.

Lau libururen itzulpenak

Horrez gain, sei hilabeteko egonaldia egiten duten itzultzaileekdiru laguntza bat jasoko duteeuskal literaturako liburu bana gaztelania ez den beste hizkuntza batera itzuli eta argitaratzeko.

Sei hilabeteko egonaldirako deialdira aurkeztean, hautagaiek adierazi beharko dute zein liburu itzuliko luketen, zein hizkuntzara eramango luketen, eta emaitza non argitaratuko luketen.

Egitasmo honen bidez, euskaraz sortutako liburuen itzulpena bultzatu nahi dute Donostia 2016, Etxepare Euskal Institutuak eta EIZIEk, ekinaldian itzuliko diren liburuak argitara emateaz gain euskaratik munduko beste hizkuntzetara itzultzeko gaitutako itzultzaile sare zabal bat sortuz eta indartuz. Deialdia zabaltzeko beren kontaktuen sarea erabiliko dute Donostia 2016k, Etxepare Euskal Institutuak eta EIZIEk.

Literatur itzulpenaren garrantzia nabarmentzeko, Bernardo Atxagaren adierazpen bat ekarri zuen gogora Xabier Paya Donostia 2016ren kultur zuzendariak, atzo, Itzultzaile berriak programa aurkeztean. Zergatik idazten duen hizkuntza minorizatu batean galdetu ziotelarik, honela erantzun zuen behin Atxagak: «Ez du axolarik idazten duzun hizkuntza minoritarioa edo txikia izateak. Bada trepeta bat, itzulpena deitua, edozein hizkuntza munduan kokatzen duena».

Egitasmoaren antolatzaileek eta bultzatzaileek uste dute hautatutako itzultzaileek barnetegian egingo dituzten egonaldiak ez direla laburregiak izango lortu nahi diren helburuetarako. Batetik, kontuan hartu behar da euskara itzulpenaren jatorrizko hizkuntza izango dutela, eta ez xede hizkuntza; eta, gainera, zalantzak argitzeko laguntza izango dutela hasieratik. Bestetik, hautatutakoak ibilbide bat egina duten nazioarteko itzultzaileak izango dira, eta eskarmentua eta motibazioa lagungarri izango dituzte.

Euskara hizkuntza zaila dioen aurreiritzia deuseztatzeko, Larry Trask hizkuntzalari, irakasle eta euskaltzain ohorezko zenak esandakoa ekarri zuen gogora Payak: «Ez nuke nik esango euskara ikastea beste edozein hizkuntza ikastea baino zailagoa denik. Are gehiago kontuan hartuta munduan hainbat hizkuntza daudela, eta horietariko askok euskararekiko gertutasunak izan ditzaketela. Euskarak, gainera, ahoskera erraza dauka, hitzen banaketa nahiko sinplea du, eta ez dauka genero gramatikalik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.