'Parot doktrina'. Estrasburgoren epaia

Espainiak uste du epaiak ez duela «doktrina orokor bat» ezartzen

Espainiako Gobernuak dio Estrasburgoko erabakia aplikatzea justizia auzitegien esku dagoela orain

Edurne Begiristain.
2013ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuarentzat, «zoritxarrekoa» izan da Estrasburgoko auzitegiak 197/2006 doktrinaren gainean emandako epaia. Hala esan dute Alberto Ruiz Gallardon Espainiako Justizia ministroak eta Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak ebazpena ezagutu eta gutxira elkarrekin emandako prentsaurrekoan. Argi utzi nahi izan dute, hala ere, Europak emandako ebazpena Ines del Rioren «kasu zehatzari» buruzkoa dela, harena zelako helegitea, eta ez duela presoen gaineko ondorio kolektiborik izango edo «doktrina orokorrik» ezarriko. Gallardonek azpimarratu duenez, justiziari dagokio orain ebazpena aplikatzea, baina hori beti ere «kasuz kasu» erabaki beharko du: «Auzitegi Nazionalak erabakiko du balizko eskaerekin zer egin. Kasuz kasu erantzun beharko die».

Erabaki juridikoa izan dela eta,beraz, erantzun juridikoa izango duela nabarmendu du Gallardonek: «Justiziari dagokio erabakia aplikatzea, ez gobernuari». Estrasburgoko epaiak Ines del Riori ez ezik, beste preso batzuei ere eragiten ote dien epaitegiek erabaki beharko duela berretsi du ministroak. Fernandez Diezek ere justiziaren esku utzi du azken erabakia, baina gaineratu du «kontuan hartzeko moduko [preso] kopuruari» eragingo diola.

Justizia ministroak argi utzidu epaiak ez diela eragiten 1995eko Zigor Kodearekin epaituak izan ziren presoei, 1973ko kodearekin zigortutakoei baizik. «Juridikoki iraganeko kontu batetaz ari gara, ez baitago horrelakorik berriro gertatzeko aukerarik». Era berean, bizi guztiko kartzela zigorra babestu du Gallardonek, espresuki esan ez badu ere: «Gobernuak lan egingo du gertatu dena berriro gerta ez dadin. 1995eko Zigor Kodean zigorrak arintzeko aukera hori kendu zen».

Bestelako epaia desio zuen Gobernuak, eta orain arte Parot doktrina babestuko zuen erabaki baten alde lan egin duela gogoratu du Justizia ministroak. Bere esanetan, Estatuko abokatuek «lan izugarria» egin dute doktrinari eusteko, eta Espainiako Gobernuak «baliabide guztiak» erabili ditu Auzitegi Gorenak eta Konstituzionalak babestutako erabakiari eusteko. «Gobernuak doktrina defendatzeko lan egin du, uste dugulako justua dela biktimekiko, eta eraginkorra terrorismoaren aurkako borrokan», erantsi du Barne ministroak. Ordea, Estrasburgok ez dituela Espainiako Gobernuaren arrazoiak bidezkotzat jo onartu du.

Europako erabakia Estatuarentzat bete beharrekoa ote den galdetuta, Gallardonek gogoratu du Konstituzionalak ebatzi zuelaauzitegi horren epaia aintzat hartu beharrekoa zela espetxe zigorrik izanez gero, eta oraingo honetan, gainera, epaian «interpretazio» bat dagoela eta Estatuaren botere guztiei eragiten diela.

Edonola ere, abisua bidali du Barne ministroak presoen balizko kaleratzeen aurrean egin daitezkeen ongi etorriekin. Gobernuak «zuzenbide estatuaren barruan» jarraituko duela lanean eta ez duela «inpunitaterik» onartuko ohartarazi du: «Adi egongo gara ez dadin egon ez terrorismoaren goratzerik ez biktimekiko umiliaziorik». Areago, Barne ministroak azpimarratu du Gobernuak ez duela aldatuko ETAren aurkako politika: «Epaiak ez du aldatzen muina. Lanean jarraituko dugu ETA erabat desegin arte. Gobernuak ez du negoziatu eta ez du negoziatuko ETArekin». Espetxe politikan ere ez du aldaketarik ekarriko ebazpenak, eta presoek zigorrak betetzen jarraituko dute, ministroaren arabera.

Espainiako Estatuak Ines del Riori eman beharreko kalte-ordaina 30.000 eurokoa dela ere zehaztu du Estrasburgok. Horren inguruan, Justizia ministroak esan du bere garaian Del Riok ez zituela biktimei zor zizkien kalte-ordainak ordaindu, eta, beraz, «biktimei zor dien milioietatik deskontatuko» zaizkiola 30.000 euro horiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.