Poliziaren Biktimen Legea garatuko du Jaurlaritzak, etenda ez dauden ataletan

Jonan Fernandezek esan du Espainiako Gobernuak jarritako helegiteak ez duela oinarri juridikorik, aitzakia bat dela biktima horiek ez aitortzeko

Bizikidetza idazkaritzako Jonan Fernandez eta Monika Hernando, atzo. J. U. / ARP.
jokin sagarzazu
Donostia
2017ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
«Aitzakietan» oinarrituta dago Espainiako Gobernuak poliziaren gehiegikerien biktimak aitortzeko Eusko Legebiltzarrak onartutako legeari jarritako helegitea, Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Bizikidetzarako idazkari nagusiaren arabera. «Esaten ez duena esanarazten dio legeari; jarraian, [Espainiako] Konstituzioaren aurkakoa dela esateko», salatu du. Haren ustez, Madrilen jokamoldearen oinarrian dago «biktima jakin batzuk ez aitortzeko nahia».

Fernandezek agerraldia egin du Donostian, Espainiako Gobernuak Eusko Legebiltzarrak iazko uztailean onartutako legearen aurkako helegitea aurkeztu eta bi egunera, Jaurlaritzaren balorazioa egiteko eta aurrera begirako urratsak jakinarazteko. Besteak beste, legea garatzen jarraituko duela esan du, helegiteak geldiarazi ez dituen ataletan; eta Espainiako Auzitegi Konstituzionalean defendatuko dutela legea.

Fernandezek gogoratu du ez dela araudi osoa bertan behera gelditu. 21 artikuluetatik hamar punturi eragiten diela helegiteak, eta, beraz, haiek direla etenda daudenak. Konstituzionalak azken erabakia hartu arte bi urte baino gehiago pasa daitezke, baina bost hilabeteko epean erabaki beharko du artikulu horiek behin-behinean bertan behera uzten dituen edo ez.

Osorik eten ez arren, araudiaren muinaren kontra jo du Espainiako Gobernuak. Polizia Gehiegikerien Biktimen Legeak aurreikusten du Balorazio Batzorde bat eratzea biktimak zein diren eta zein ez erabakitzeko, eta Madrilek hor ikusi du, neurri handi batean, helegitea aurkezteko arrazoia.

Helegitearen argudio nagusia da epaileek egin beharreko lanak bere egiten dituela batzorde horrek, eta hori Espainiako Konstituzioaren kontrakoa dela. Jaurlaritzaren iritzian, ordea, batzordearen atribuzioak «administrazio esparruan» kokatzen dira, «ez esparru penalean». Fernandezek nabarmendu du legean espresuki adierazten dela hori. Azaldu duenez, batzorderen egitekoa argia da: modu «objektiboki eta arrazoitu batean» erabakitzea ordaina eskatzen duen pertsonak betetzen ote dituen legeak berak biktimatzat aitortua izateko ezartzen dituen baldintzak. Hori, eta ez besterik

Fernandezek, halaber, nabarmendu du administrazioen beharra dela biktimei laguntza ematea, «zigor arloak ezarritakoak gorabehera». Alegia, babesa eskuratzeko ez lukeela zertan derrigorrezkoa izan zigor epairik izatea pertsona baten biktima izaera frogatzeko, nazioarteko araudiek dioten moduan. Hala ez balitz, ohartarazi du «ehunka» pertsona aitortzarik gabe geratuko liratekeela, epai irmo bat izan arte edo epairik ez dutelako hori frogatzeko.

Horretaz gain, kalte-ordainak arautzeko ahalmena ere ez dio onartzen Madrilek Jaurlaritzari; zehazki, biktimei laguntza medikoa ematea. Horrek Espainiako Osasun Sistema Nazionalaren arautegia urratzen duela dio.

«Bide luzeko lasterketa»

Fernandezek hitzeman du Jaurlaritzak «irmo» jarraituko duela lanean, eta legea garatuko duela, «geldiarazita ez dauden esparru guztietan». Halaber, iragarri du Jaurlaritzak legearen «segurtasun juridikoa eta konstituzionaltasuna» defendatuko duela auzitegietan, eta biktimak «zuzenean eta gardentasun osoz» informatuko dituztela.

Fernandezek aurreratu duenez, Jaurlaritza harremanetan jarriko da, halaber, Euskal Herrian eta nazioartean giza eskubideen eta biktimen alde lanean ari diren instituzio, erakunde eta elkarteekin, haien babesa lortze aldera. Ez du zalantzarik helegitea gaitzetsiko dutela, eta horrekin «berme garrantzitsu» bat lortuko duela legea garatzeko. «Ziur naiz biktima guztiak aitortzeko bidea topatuko dugula».

Fernandezen hitzetan, «bide luzeko lasterketa bat da» giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktima guztien aitortzaren «kausa», baina «bide onetik» ari direla azpimarratu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.