Uztailetik aurrera, orduko 30 kilometroko abiadan ibili beharko dute autoek Bilbon

Mugikortasun plana aurkeztu du udalak. Hiriko kaleen %87an ezarriko dute neurria. Mugikortasuna genero ikuspegitik ere aztertuko dute
Pertsona bat Bilboko kaleetan zehar gidatzen.
Pertsona bat Bilboko kaleetan zehar gidatzen. MONIKA DEL VALLE / FOKU

Peru Azpillaga -

2018ko ekainak 6
Ekainaren 30etik aurrera, Bilboko ibilgailuek ezingo dute orduko 30 kilometroko abiadura gainditu hiriburuko kaleen %87an. Besteetan, orduko 50 kilometroko abiadura izango da errespetatu beharrekoa. «Europa osoan parekorik ez duen neurria da», nabarmendu zuen atzo Alfonso Gil Bilboko Mugikortasun zinegotziak.

Hiru urteko lanaren ostean, Bilboko Hiri Mugikortasun Iraunkorraren Planaren behin betiko neurriak aurkeztu ditu Gilek. «Oinezkoak eta haien osasuna» jartzen ditu erdigunean planak; udalaren arabera, lehenbiziko aldia da mugikortasun plan batek ez duela ibilgailuen zirkulazioa hobetzea helburu. Zeharka landuko diren bi gai ditu planak: batetik, Bilbao 30 deitutako egitasmoa, ibilgailuen abiadura moteltzeko eta emisioak murrizteko helburua duena; eta, bestetik, generoaren arloko ekintza plana.

Izan ere, zinegotziak azpimarratu duenez, hirian egindako ikerketen arabera, gizonen eta emakumeen artean mugikortasunean alde nabariak daude. Hain zuzen, gizon gehienek ibilgailu pribatua erabiltzen dute, eta emakumeek, ostera, publikoa. Adibidez, Bilboko autobusak erabiltzen dituztenen %70 andrazkoak dira.

Guztira, 45 neurri barnebiltzen ditu mugikortasun iraunkorreko plan berriak, eta hiriaren hainbat sektore hobetzea du helburu, besteak beste, hirigintza, oinezkoen mugikortasuna, garraio publikoa, edota txirrindularien mugikortasuna. Planetik kanpo utzi dute, ordea, hiriaren sarreretan ordainsari bat ezartzeko aukera. Bilbon sartzen den auto kopurua murrizteko neurri gisara aipatu zuen iaz Alfonso Gilek, baina proposamenak hautsak harrotu zituen. Zinegotziak ez du guztiz baztertu, halere: «Airearen kalitatea ona edo oso ona da egun, eta, hala, ez dago neurri hori martxan jartzeko arrazoirik».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna