Miren Amuriza.
BIRA

Erditzeak

2017ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Emagin bat ezagutu nuen lehengoan eta kontatu zidanez, amagai askok erditzea albait arinen amaitzea gura izaten dute. Beldurrak erabat blokeatzen ei die gorputza eta bere egiteko nagusia pazienteak erlaxatzea izaten da prozesua ahalik eta modurik naturalenean egin dezaten. Lagunak ziostanez, gurean medikalizatuegi dago erditzea eta emakumeei beren potentziala ezagutarazi beharra dago, normalean, gorputzari bere lana egiten uzte hutsarekin dena ondo joaten dela gogorazi beharra, alegia. Halaxe ikasi ei zion berak, Mexikon, etxerik etxe ibiltzen zen partera bati.

Gure adiskide batek duela hilabete batzuk eduki zuen umea, ispilu bat jarri zioten erditzea aurrez aurre ikusteko eta hunkigarria izan ei zen; beste batek, ostera, ospitalean «behi baten moduan» sentitu zela kontatu zigun, presaka hartu zutela erizain eta medikuek. Aldiz, gure amari luze egin ei zitzaion; aitak eta Karmele albokoak eroan zuten Gurutzetara, kotxez, eta auzoko Mariak txapako sua egin zion etxeratu zenean. Gure amuma Miren autobusean joan zen ospitalera eta hura noiz iritsiko zegoela, kontrakzioekin, askaurrea erratzarekin pasatzen aritu zen bueltarako lanak aurreratzeko. Potentziala. Gure amama Mariajesusek tonu berberean kontatzen zituen baserriko ezkaratzean laugarrenez erditu zenekoa eta esne-saltzen joaten zenekoa. Gure birramonek... Gura nuke jakin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.