Venezuelako Gobernuari «gehiegizko indarkeria» erabiltzea egotzi dio NBEk

Tortura eta tratu txarrak antzeman dituzte hainbat testigantzaren bidez. Abenduko bozetan, MUD ezingo da aurkeztu zazpi estatutan

2017ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
Venezuelako segurtasun indarrek manifestarien aurka erabilitako «indarkeria» salatu du NBEk. Ravina Shamdasani ACNUDH Giza Eskubideen Nazio Batuen Goi Mandatariaren bozeramaileak adierazi duenez, herrialdeko egoeraz txosten bat osatu dute Venezuelako hainbat herritarri eginiko elkarrizketekin. Txostenaren arabera, segurtasun indarrek erabilitako «indarkeria gehiegizkoa» izan da: «Atxilotuek jasandako tratu iraingarrien berri izan dugu. Egoera batzuetan, tortura eta tratu txarren kasuak antzeman ditugu». Hainbat atxiloketa «modu arbitrarioan» gauzatu direla adierazi du, eta Luisa Ortega fiskal nagusiaren kargugabetzeak zuzenbide estatua apurtzen duela.

Venezuelako kaleetan gertatutako liskarren ondorioz 124 hildako izan dira, gobernuaren iturrien esanetan. Txostenaren arabera, 46 hildakoren erantzukizuna «segurtasun indarrei» dagokie. Beste 27 heriotza gobernuaren aldeko taldeek eraginda gertatu direla nabarmendu du ACNUDHek. Gertakari batzuetan manifestarien jarrera «bortitza» izan dela esan du. Hala ere, segurtasun indarren jarrera «justifikaezina» dela azpimarratu du.

Tentsioak ez du etenik

Gobernuaren eta parlamentuaren desadostasunek bere horretan jarraitzen dute. Batzar Konstituziogilea bere funtzionamendua zehazten hasi da, eta parlamentuak jarduera «legez kanpokoa» dela esan du. Bestalde, militarrek sarrera debekatu ostean, parlamentuko diputatuek ezin izan zuten atzo beren egoitzara sartu. Julio Borges parlamentuko presidenteak salatu zuen Guardia Nazional Bolivartarra «indarrez» sartu zela parlamentura.

Aldi berean, Ramon Muchacho, Chacao herriko alkatea eta oposizioko kidea, kargutik kentzeko agindua eman du Auzitegi Gorenak, herritarrei Batzar Konstituziogilea osatzeko hauteskundeetan istiluak sortzera dei egiteagatik. Hamabost hilabeteko zigorra bete beharko du. Oposizioak gaitzetsi egin du erabakia.

Urte amaieran eskualdeetako hauteskundeak dira. CNE Hauteskunde Batzorde Nazionalak oposizioko koalizioari zazpi estatutan aurkeztea galarazi dio—MUD Batasun Demokratikoaren Mahaiari—, argitu gabe dauden zenbait auzirengatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.