Miren Amuriza.
BIRA

«Barkatu baina»

2018ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Banoa, Bilbon, Correo kaletik Areatzarantz eta non ikusten ditudan emakume bi, itxuragatik modu onekoak, horma-kontran zeuden dozena-erdi saltzaileetako batekin negoziatzen: andrazkoetako bat, eskuan Chanelen imitaziozko poltsatxo bat zeukala, 15 euroan barik 10ean utz ziezaiola eskatzen ari zitzaion saltzaileari. Pausoa moteldu nuen (zutabeok idazten ditudanetik, kontagarria iruditzen zaidan edozein egoeratan aktibatzen zaizkit antenak: lehenik ezkerrekoa, iritzi emailearena, eta ondoren, automatikoki, eskumakoa, epailearena).

Egoera hura borobildu zezaketen irakurketa posible bi otu zitzaizkidan boteprontoan: duela egun batzuk Madrilgo Lavapies auzoan, poliziarengandik ihesean zihoala, bihotzekoak jota hil zen manteroaren kasua ekar nezakeen eta kale-salmentaren despenalizazioa galdegin (baina oportunista samarra izango nintzatekeen) edo fokua biratu eta gure indiferentzia interpelatu uste dugun baino arrazistagoak, klasistagoak garela iradokiz (horrekin ere aportazio berririk ez, ordea). Ez nekiela zer esan, alegia.

Etxerakoan, sarean begira hasi eta Madrilgo Manteroen Sindikatuko kide baten txio argigarria: «ez dugu inork gure partez hitz egiterik nahi». Egunotan egin dituzten protesten harira elkarrizketatu behar ei zuten irrati batean eta konexioa egitear zeudela, «barkatu baina...». Denbora barik geratu zirela esan zioten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.