Miren Amuriza.
BIRA

Arantza Zuluetari

2017ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Bagenekien, Arantza, Cadizen zauzkatena 2014az geroztik; kaiorik nekagaitzenak ere, lau bat egun beharko ei lituzke Lekeitioko portutik haraino ailegatzeko. Badakigu gizonezkoentzako modulu batean bakartuta zaudena harrezkero, egunean 20 ordu pasatzen dituzula ziegan eta 4 patio ziztrin batean. Jakin berri dugu patioan gainontzeko presoekin egotea baimendu dizutena eta poztu gara, baina, ai, zertaz poztera iritsi garen pentsatze hutsarekin...

Auzoko agure betilun batek esaten zigun guk ez genekiela zer zen gosea, gerra osteko hura zela gosea eta ez umeok eskolatik bueltan ekartzen genuen tripa-zorria. Eta zuk, hainbaten, pentsatuko duzu guk ez dakigula zer den bakardadea. Izan omen zen basamortuaren erdian dorre batean giltzapetu zuten erregina pertsiar bat. Hainbeste denbora zeroan isolatuta, ezen bere existentzia zalantzan jartzen hasi baitzen. Behin kilimak sumatu ei zituen gerrialdean eta orduantxe konturatu ia ipurdiraino hazi zitzaiola giltzapetu zutenean sorbaldarinokoa zuen adatsa. Handik irtendakoan kontatu zuenez, ileari esker lortu zuen bere izatea berretsi eta bizirautea.

Baduzu zeuk ere, Arantza, bizileku propio bat, zeure-zeurea, azalez estalitako hormak dituena. Eta hortxe, bularrean, sabelean, orkatiletan... usterik gutxien duzun txokoan, topatuko duzubakardadeari aurre egiteko indarra. Hortixe ez zaitzatela atera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.