Miren Amuriza.
BIRA

Xuhurra

2018ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Badugu lagun bat, zera, xuhur samarra dena, diruari buruz dezimaletan hitz egiten dutenetarikoa: «Menu ederra eman ziguten hamaika koma laurogeita hamabost euroan», eta abar. Grazia egiten dit, egia esanda, lotsabakoa bainoago, edukazio onekoa baita: umetan, adibidez, Game Boy bat oparitu zioten, eta errazena «ez dizuet uzten» esatea izango zukeena, makinatxoa itzalita zegoela jolasten irakatsi zigun pilarik ez gastatzeko.

Hain da neurtua eta, era berean, neurtzen hain eskasa, ezen bera izaten baita lehenengoa albo kalteak jasaten ere: taldean gabiltzanetan, esaterako, ez du boterik ipintzen «denok berdin jaten, edaten ez dugulako». Ordea, desiratzen egonik ere, egundo ez da albokoonak probatzen ausartzen (geuk ere hurrengo bueltan eska ez diezaiogun, noski) eta inbidiatan geratzen da. Bere burua salatzen dutenetakoa da gure lagun hau, azalpenak eskatu barik ematen dituztenetakoa: baten bati opariren bat egin behar diogunean, adibidez, beti aurkitzen du besteok proposatutakoa baino aukera merkeagoren bat sarean (orduetako bilaketaren ondoren) eta bera aurreztaile ona dela esanez eskusatzen da.

Klinex bat, txikle bat, patata bat eskatzen diogun bakoitzean mekanismo horiek guztiak aktibatu eta masailak gorritzen zaizkiolako egiten dit grazia. Horregatik eta, batez ere, ingurukooi oharkabean pasatzen zaigula pentsatzen jarraitzen duelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.