Miren Amuriza.
BIRA

Intimitatea

2018ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Albert Einsteinek beren-beregi aukeratzen ei zituen pentsatzeko jantziak: praka zaharrak, jertse nasaiak eta zapata erosoak (galtzerdirik barik beti). 1946an, Kaliforniako unibertsitate batera gonbidatu zuten konferentzia bat eman zezan, eta, fisikaz ez-eze, garaiko aktualitateaz ere jardun ei zen: arrazakeria zurion gaixotasun bat dela esan zuen. Artean tolerantziaren ikur moduan ezagun egin zena (adierazpen publiko sarriak egiten baitzituen juduen zein nazismoaren biktima izaniko gutxiengoen alde), oso bestela irudikatu dute Estatu Batuetan argitaratu berri dituzten testu batzuek. 1922tik 1923ra Einsteinek berak idatzitako egunerokoak dira Asian barrena egin zuen bidaia batekoak; zientzia, filosofia eta artearen inguruko gogoetez gain, txinatarrei buruzko komentario arrazista eta misogino ugari dakartzatenak. Ez nituzke iruzkin horiek zuritu gura, ezta gutxiago ere. Ordea, pertsonaia publikoren baten egunerokoa argitaratzen duten bakoitzean estutzen nau hildakoan intimitate eskubidea gal dezakegula pentsatzeak. Eguneroko bat idaztea oka egitea izaten da, ingurukoentzako bezain bidegabea, sarritan, norbere buruarentzako ere. Eta baten bat, 100 urte barru, pentsatzeko arropekin idazten ditudanak kontestuz kanpo irakurtzen imajinatze hutsarekin... Keinuka hasten zait ezker betazala. Bihar bertan imajinatuta ere bai, egia esanda.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.