Miren Amuriza.
BIRA

Irakaslegaia

2018ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Klase ertain-altuko seme-alaba; karrera amaitu (kimika, matematikak, filologia zein ingeniaritzaren bat) eta krisi existentzial sakon samarrean trabatua: «Nor naiz, nora noa, non dago Wally?». Aukera bi mahai gainean: motxila hartu eta Hego Amerikara abiatzea edo DBHn eta Lanbide Heziketan irakasle gisa aritzeko master ez-presentzialean matrikulatzea.

Bigarrena egin zuen. Ez zen bere ametsetako lana izango, akaso, baina gaztetxoekin aritzeak gogobete zezakeela pentsatzen zuen, soldata ona eta egutegi erosoa edukiko zituela eta batez ere, masterra amaitzen zuen artean behintzat, gurasoek bakean utziko zutela (probetxuzko zerbait egiten ari zelakoan egongo baitziren). Ondorengo hiru, sei, bederatzi hilabeteak ordenagailuari itsatsita pasatu zituen: nerabeen arteko gatazketan zelan esku hartuko zukeen foroetan komentatzen (ikasgela batean inoiz egon barik), entzute aktiboa lantzeko sekuentzia didaktiko baten egitura webcam-ari deskribatzen, lagunek pasatutako memorietatik copy-paste eginda practicumen txostenak osatzen... Eta lau hilabete eta delegazioko dei bat geroago, hantxe, esku bat aurrean eta bestea atzean-da, 24 ikasle (gehi euren familiak) bere ardurapean zituela: «Nor naiz, non nago, non dago Wally?».

Master bera egitekotan zebilela-eta deitu zion handik laster kuadrillako batek. «Ondo pentsatu», esan zion irakaslegaiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.