Miren Amuriza.
BIRA

Anfitrioia

2018ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Ustekabea hartu nuen lehengoan Maria Rozalen kantautore albazetearraren El hijo de la abuela (amonaren semea) piezarekin. Migel izeneko gazte baten ibilerei buruzkoa da: Alegian jaio eta 1960ko hamarkadaren azkenetan, Meliton Manzanasen heriotzaren biharamunetan, Gaztela-Mantxako herritxo batean agertu zenekoa. Rozalenen amonaren etxean jo ei zuen atea eta hark segituan zabaldu: «Mutil, ba al daukazu amarik? Ez dakit ez nondik zatozen, ez zer egin zenuen, baina ez izan ardurarik. Teilatupe bat daukazu hemen, plater bat mahai ertzean; etxean zaude, Migel, zeure etxean». Hasieran txarto begiratzen ei zioten auzokoek, harik eta pixkana-pixkana kariñoa hartu zioten arte: inork ez ei zion ezer galdetzen, ez ei zuten ezer jakin gura. «Teilatupe bat daukazu hemen, plater bat mahai ertzean; etxean zaude, Migel, zeure etxean. Ai, egunen batean, nire seme-alabak egoera honetan aurkitu eta inork, inork, inork ere babestuko ez balitu...».

Oxala Rozalenen amonarena egingo nukeela esan ahal banu neuk ere, baina ez dakit... Ez dakit Migelen bat ate-joka baletorkit, birritan pentsatu barik etxean hartuko ote nukeen; Azizou, Hakim, Rebecca, edo Ibrahimen bat. Oxala, baietz esan ahal banu, baina ez dakit noiz bilakatu nintzen, ginen, hain mesfidati; iritsi berriei autobus-geltokiko komunetara udaltzainek lagundu behar izateko bezain mesfidati.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.