Miren Amuriza.
BIRA

Arma hizkuntza

2018ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Kongoko Errepublika Demokratikokoa da Alain Mabanckou idazlea (frantsesez dihardutenen artean onenetarikoa askorentzat), Emannuel Macroni zuzendutako gutun ireki bat argitaratu berri duena bera: uko egin dio, presidenteak eskatu bezala, frantsesaren zabalpenean laguntzeko proiektu batean parte hartzeari, eta autokritika egiteko eskatu die potentzia frankofono nagusiei. Idazlearen ustez, horiexek dira diktadore afrikarren sostengurik sendoena eta era berean, hizkuntza da, gaur egun, Frantziak bere kolonia ohien gaineko kontrola berresteko erabiltzen duen tresnarik indartsuena.

Baina tresnei, menperakuntzarako direnean, arma esaten zaie, ezta? Dron bat eremu bonbakatu baten gainetik pasatzen denean, edo arbitro bat jokalarien hizkuntza eskubideen gainetik; militar batek setiatutako auzoan argindarra moztea proposatzen duenean, edo alderdi batek hizkuntza koofizialak administrazio publikoko lan-eskakizunetatik kentzea; objektibo batek eskola bat enfokatzen duenean, edo murgiltze eredu bat estatu batek...

Ondorioak konparagarriak ez diren arren, kausa bertsuengatik (erasorako edota defentsarako) erabili ohi dira biak ala biak, armak eta arma hizkuntzak. Estatu frantsesa eta espainola su-eten linguistikoa iragartzetik urrun daudenez gero, geuk ere, hizkuntza, ama moduan bainoago, arma moduan birpentsatu behar ez ote genukeen, alegia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.