Miren Amuriza.
BIRA

Sanchez, guapo!

2018ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Pedro Sanchezi buruz eztabaidatzen aritu ginen lagun bat eta biok; ez Katalunian edo espetxe politikan izan lezakeen eragina aurreikusteko, baizik guapoa den ala ez erabakitzeko. Esan nion lagunari: hogei urteko atzerapenarekin iritsi izan ez balitz, Nire Bizitzako Gizonaren bertsio hobetua zatekeen (altua eta beltzarana, ilea orraztuta eta haginak zuri-zuri eroan ohi dituena, txaketarekin baina gorbatarik gabe ibiltzen dena eta garajean deskapotabletxo bat edukiko duena). Eta ez naiz hala ikusten duen bakarra, antza: «Pedro Sanchez, Espainiari hazten lagunduko dion guapoa», zioen The Times-en lerroburuak; BBCren arabera «ekonomialari fotogenikoa» da, Financial Times-ek «Mr. Handsome» (ederra) ezizena jarri dio eta Daily Mail-ek Antonio Banderasekin konparatu du. Sanchezen kordako jaun iritzi-emaileak mindu egin ditu, noski, Erresuma Batuko egunkariek presidentearen curriculumeko datuak bainoago, bere itxurari buruzko iruzkinak azpimarratu izanak. Neuri ere botako lidakete, agian, ea «Sanchez, guapo!»-ka zer demontretan ari naizen. «Lore bat baino ez da-eta!» erantzungo nieke, «ezin zaizue ezer esan, gero! Ala jeloskor zaudete zeuek ere Nire Bizitzako Gizonaren bertsio hobetua izan gura zenuketelako? Barbie eta bion Ken deskapotabledun harena...». Jaun iritzi-emaileek eurek esan ohi dizkigutenak erantzungo nizkiekeela, alegia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.