Miren Amuriza.
BIRA

Itsaso zikin bat

2018ko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Martin Larralde honelako egun batez hil zen galeretan, begiak zabalik etzanda, agian zerua itsaso zikin bat dela esanez. Hala balitz, zerua itsaso zikin bat balitz, atun-ontzien arrasto zuriak ikusiko genituzke egun oskarbietan, edo petrolio-ontzienak. Eta lantzean arrain-sarda bat hegan. Zerua itsaso zikin bat balitz, atzamarrarekin seinalatu, eta «begira, marmokak!» esango lioke parkeko aitona batek besteari; «marmokak ez, plastikozko poltsak dituk horiek!», erantzungo lioke besteak batari. Lainoak hondakin multzoak izango lirateke, eta euri-egunetan latak, botilak, jogurt potoak etorriko litzaizkiguke burutik behera. Zera gertatuko litzateke zeruarekin itsaso zikin bat balitz: denontzakotzat edukiko genukeenez, inork ez lukeela hura zaintzeko ardurarik bere gain hartu gurako eta lantzean erreskate-ontzi bat sumatuko genukeela, noraezean, ehunka errefuxiaturekin. Zerua itsaso zikin bat balitz nekezago egingo geniokeela ez ikusiarena uretan gertatzen ari denari, alegia: irtengo ginateke arropak eskegitzera eta konturatu egingo ginateke bezperan han goian ikusitako erreskate-ontzia falta dena. Ordea, galtzerdiak zintzilikatzen jarraituko genuke, geure buruari barkuan zihoazenak non amaitu ote duten galdetu barik. Zerua itsaso zikin bat balitz, hildakoak itsasora joaten direla esaten hasiko lirateke umeak. Eta hala ez balitz, ere bai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.