Miren Amuriza.
BIRA

Talde terapia

2018ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Larunbat bazkalondoa: kafea, kopa eta kantu-liburuxkak. Hau dek, hau den, hau dek umoria! Bost, hamar, berrogeita hamar lagun mahaiari kolpeka: egun da Santi Mamina, baina guretzat berdin dira astea eta jaia! A, a, a, gu euskaldunak gara; tra-lara-la-la, tra-lara, lepoan hartu eta segi aurrera. Hemen gaude, ogi-bolatxoak egiten ditugun bitartean, berbaz esango ez genituzkeenak abesten: hemen gaude eta poztutzen naiz, eta maitatzen zaitudalako kantatzen dizut zuri... Ai, Antton, Ai, Antton... Hobe duzu kopa bete, badator-eta... Agur, Xiberua, bazter guztietako txokorik ederrena; agur, sorlekua, zuri ditit ene ametsik goxoenak (heldu kopari!). Bihotzaren erditik... (oraintxe, tragoa!). Eta segi, letra osorik bazeneki lez: ...zu utziz geroztik bizi naiz tristerik. Baina har ezazu arnasa. Zergatik, zergatik, zergatik, zer-ga-tiiiiik? Galderak egin behar dituzulako: nooon hago? Zer larretan, Urepeleko artzaina? Haurra, zer egin haute holan agertzeko? Izenik eman al duk? Esan ezak egia! Egia da, bai, neuk ikusi dudalako, askoren gogoa aldentzen dela jantokitik tabako, ron eta kanelaz girotutako arratsetan: nork bere bidaia egiten du mendian gora, kalian behera, horma zahar arraituetan, itsasoari begira... Eta, kanta bakoitza amaitzean, bost, hamar, berrogeita hamar lagunek topo egiten dute berriz elkarrekin, hantxe, mahaiaren bueltan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.