Miren Amuriza.
BIRA

Onena izateaz

2018ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Grazia egiten didate lehiatzear dauden kirolari, bertsolari, musikariek joko-bezperatan kazetarien aurrean esaten dituztenek, ditugunek: inor ez da irabaztera joaten, inoiz ere ez, baizik berea ematera, eginiko lanaren emaitzak erakustera eta (nire faboritoa) gozatu eta gozaraztera. Onena izan gura izatea (onena izan gura duzula agertzea, hobeto esanda) ez baita politikoki lar zuzena eta, geure buruei sinetsarazten saiatzeaz gain, horixe helarazten diegu ondorengoei ere: ume grinatsuen gurasoak, entrenatzaileak izan gura dugu denok (ez ume lehiakorrenak, ojo). Horrexegatik hasi gintzaizkien inportanteena parte hartzea zela errepikatzen. Ordea, beraiek «baita zera ere!» pentsatuz bezala begiratzen zigutenez, berbalizatu ezin den horretaz hitz egiten hasi behar izan genuen (sexuaz ahapeka mintzo diren haurrak nola): irabazteaz. Batzuek gehiago eta besteek gutxiago baina irabazi beti eta denok egiten dugula (esperientziatan eta abar) kontatzen diegu geroztik, porrot bat modu horretan prozesatzeko adina sendotasun eta denbora guztiek edukiko dutela egintzat emanda. Ordea, ez daukanari (gehiengoari) mesede handiagoa egingo ez ote liokeen hainbeste garailerentzako lekurik ez dagoela garbi esan eta bere espazio propioak lehiatik kanpo eraikitzera animatzeak. Orduan zu zergatik zoaz, txapelketara? (Glup) Esan dizuet, gozatu eta gozaraztera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.