Miren Amuriza.
BIRA

Animaliak

2018ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Gure auzoan ume-umetatik ikusi izan ditugu bildots larrutuak kakoetatik eskegita eta katakumeak jaio ahala, akabatzeko, zakuetan sartuta. Nik neuk inoiz ez dut animaliekiko aparteko sentsibilitaterik eduki eta nekez enpatizatu izan dut besteenarekin ere; hantxe egon nintzen, nora begiratu ere ez nekiela, lagun batek bere txakurraren erradioterapiarena kontatzen zidan artean... Ehiza denboraldia hasten denean osabarekin eztabaidatzera eta armiarmak indultatzera (zanpatu beharrean bentanatik behera botatzera) besterik ez naiz iritsi orain arte. Zer pentsa utzi nau, halere, ikusi berri dudan bideo batek: Euskal Herriko hainbat lekutako jaietan animaliei ematen zaien tratua salatzeko dokumental bat estreinatzekotan da Askekintza eta trailerra zabaldu dute asteon (idi-proba, soka-mutur, entzierro, zezenketa, txerri-harrapatze edo umeentzako erakustaldietako irudiak).

Niri, egia esan, urrun samar geratzen zaizkit antiespezismoaren eta animalien askapen borrokaren aldarriak eta, nago, halatsu gertatzen zaiola inguruko askori ere; zapalduaren lekuan erraz bezain nekez jartzen garelako zapaltzailearenean, geure animaliatasunaren kontzientziarik ez dugulako... Auskalo zergatik.

Denbora kontua izango da agian, nork bere burua ispilu aurrean sakonago aztertu beharra. Denbora kontua... Oraindik, zuriak garela ere deskubritzen ari gara eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.