Miren Amuriza.
BIRA

Collagea

2018ko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Asperdura edo mugikorrean WhatsAppeko kontaktuen profileko argazkiak banan-banan ikusteari ekitea (Internetetik deskonektatuta, noski, inork susmorik hartuko balu ere...).

Hortxe dituzu beren buruaren irudiak jartzen dituztenenak: banakoen lehen plano osoak eta aurpegi erdiak (filtroren batekin neurrian ukituak); maiteminduen binakako selfiak eta lagunkoienen talde-argazkiak. Hortxe beren umetako erretratuak dauzkaten nostalgikoak eta seme-alabenak, lobenak, bilobenak ipintzen dituzten aitita-amama, izeko-osaba eta guraso urguilutsuenak. Nerabeenak, untxi muturrarekin bata, orkatz adarrekin bestea. Hortxe dituzu naturazaleak (oh, beren egunsenti, itsaslabar eta mendi-gailur) eta urbanitak (ai, beren Lisboak, Amsterdamak eta Berlinak). Hortxe animalien maitariak; ikusiko nituzke etxeko txakurrari, katuari, dortokari «txoritxoari begiratzeko» esaten. Baita aldarrikatzaileak ere; atenporalak (Fridak eta Mafaldak), aktualak (esteladak eta «euskaraz bizi nahi dut»-ak) eta atzeratuxe geratu direnak (hurrengo Korrikara arte azkenekoaren logoarekin?). Hortxe dituzu argazki zaharra kendu eta berririk ipini ez duten salbuespenak (krisitxo existentzialak zer diren) eta besteak: kafe kikarak, traktoreak, Athletic-eko ezkuturen bat...

Hortxe zure harreman-sarearen erradiografia edo zure erretratuaren collagea. Denengandik edukiko duzu zerbait.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.