Miren Amuriza.
BIRA

Arrunt

2018ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Gauza arruntei arrunt izaten utzi behar geniekeela uste dut, gutxiagotan aipatu behar genituzkeela gauza arruntak, korrienteak, ohikoak. Orain ia dena baita ahaztezina (nola ez gogoratu mugikorrarekin zernahi betikotzen badugu?), ia dena da paregabea edo, gutxienez, berezia.

Gauza bereziak bi motatakoak dira: bereziak direnak eta bereziak direla esaten dugunak. Zortzimilako baten gailurra zapaltzea, Picassoren Gernika aurrez aurre kontenplatzea edo elefante bati bizkarra laztantzea, esaterako, ezohikoak lirateke gutako edonorentzat. Aldiz, igande goiz batean liburu bat irakurtzea, irratian kanta bat entzutea edo kaƱa bat, ardo bat, te bat hartzea gauza normal-normalak dira nahiz eta kontatzen, erretratatzen, txiokatzen ditugun moduagatik berebizikoak eman lezaketen.

Jendeari esperientzia gogoangarrien kontakizunak baino entzuten ez dizkiodalako irudipena daukat aspaldion; bizimodu emozionantea edukitzeko presiotxoa daukagulakoa (zer esanik ez opor egunon bueltan). Horrexegatik uste dut gauza arruntei arrunt izaten utzi behar geniekeela, ez plazer txikiak ospatzeari, baizik ospatzen ditugun aldiro ia zuzenean erretransmititzeari: jendaurrean goraipatzen ditugun bakoitzean beren izatea, enkantua maskaltzen zaielako (sekretuak inori kontatukoan sekretu izateari uzten dion lez) eta, batez ere, trankiltxoago biziko ginatekeelako hala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.