Miren Amuriza.
BIRA

Pelikanoa

2018ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Inoiz ez da jakiten atentzioa zein txikikeriak emango digun, gure arreta erabat bereganatzerainoko atentzioa. Pelikano hitzak esnarazi ninduen ni orain hurrengoan; desorduetan, zapping egiten niharduela, idazmakina zaharkitu batean p-e-l-i-k-a-n-o tekleatzen ari zen gizonezko baten siluetak. Hegazti haietako bat irudikatu nuen, bere moko luzearen barreneko zakutxoan, bi, hiru, lau arrain zeroatzala. Eta leihotik hur daukadan arrainontziari begiratu nion, erreflexuz.

Leopoldo Maria Panero poeta madrildarrak laurogeita hamarreko hamarkadan Arrasateko psikiatrikoan eginiko egonaldiari buruzko dokumental bat ematen ari ziren telebistan: sei urte ei zeroatzan, ama hil zitzaionez geroztik, bisitarik hartu barik. Horixe omen, poetak zioenez, zoroen gaitzik larriena: inork ez dituela maite. Mandoa utzi, mugikorrari heldu, eta pelikanoaren poema topatu nuen, Eroa lorategiko atetik beha izenekoa: «Gizon arrunt horrek (...), jakizu ez natzala hemen, hilobien artean, pelikanoa hiltzeagatik, baizik ezergatik ere ez, eta ez diodala ezeri, ezpada zoriari, nire hondamendia zor, ez jainkoaren, ez deabruaren ezein borondate sakraturi».

Eta neure burua irudikatu nuen, atosteko eroaren aurrean arruntarenak egiten nituen bitartean, salako leihoa, disimuluan, ondo-ondo ixten; arraintxoak bahituko zizkidan hegaztitzar harekin enparanoiatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.