11 taldek joko dute gaur, Hatortxu Rock jaialdiaren 17. aldian, Atarrabian

Kontzertuak 16:30ean hasiko dira Entrecementerios gunean, eta Vendetta, Esne Beltza, Kashbad, Hesian eta Estricalla ariko dira

Sorkun Kashbadeko abeslaria, joan den uztailean EHZ jaialdian. SYLVAIN SENCRISTO.
Erredakzioa
Iruñea
2014ko abenduaren 27a
00:00
Entzun
Hatortxu Rock euskal preso politikoen sakabanaketa salatzeko musika jaialdiaren 17. aldia egingo da, gaur, Atarrabian. 1999an hasi ziren festibala antolatzen —urteren batean bitan egin da, neguan eta udan—, eta horren hauspotzaileek pentsatzen dute hori aurrera eramateko arrazoiek bere horretan jarraitzen dutela. Horregatik, Bukatuko dira arantzaz beteriko egunak leloa dauka aurtengo aldiak.

Guztira 11 taldek parte hartuko dute, eta festibala 16:30ean hasiko da. Antolatzaileek bi agertoki jarri dituzte Atarrabia eta Burlata arteko Entrecementerios gunean, azken urteetako toki berean. Amaitu dute sarreren aldez aurretiko salmenta, eta gaur 20 euroan eskuratu ahal izango dira txarteldegietan. Antolatzaileek jakinarazi dute 7.000 lagunentzako lekua duela karpak, eta berokuntza sistema bat ezarri dutela.

Vendettarekin abiatuko da jaialdia. Skalariak taldeko kide izandako Jabiero (gitarra) eta Luisillok (baxua) gidatutako ska taldeak ondo pasatzea du helburu, eta hitz aldarrikatzaileak dauzka. Arkada Social (17:45) street-punk taldeak aurrenekoz joko du Hatortxun, eta, ondoren, 19:00etan, Kashbadekoen txanda izango da. Hamabost urte diskorik kaleratu gabe eman ondoren, Arrakala indartsua argitaratu dute aurten. Udaberritik aurrera zuzeneko dezente eman dituzte Sorkunek eta enparauek. Gaurko emanaldiaren ondoren etenaldi bat egitea deliberatu dute.

Hesian taldekoek haien hardcore melodikoa plazaratuko dute 20:15etik aurrera, eta batez ere Hegalak astinduz (Baga-Biga, 2014) azken diskoko kantuak joko dituzte. Kop kataluniarrek thrash metala eta punka uztartzen dituzte (21:30), eta Esne Beltza taldekoek eskaintza multikultural dantzagarria taularatuko dute 22:50etik aurrera. Estricallak (00:05), Fernando Apoa (Kuraia, Corazon de Sapo...) buru duen proiektuak, eztanda eragingo du. Gero, Aspencat (01:10), Narco (02:15), Talco (03:30) eta Izerdi Gorria taldeek joko dute (04:45).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.