Miren Amuriza.
BIRA

Igande goizak

2018ko martxoaren 11
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Lehen, norbait ezagutzen nuenean, lanbideaz, adinaz, zaletasunez galdetzen nion. Gerora, datu horiek denak esaldi bakarrean laburtzeko modua otu zitzaidan; nobelaren lehen kapitulu aspergarriak irakurri ordez, kontrazalera jotzeko modua. Eta igande goizetan zer egiten duen galdetzen hasi nintzaion jendeari: lo, aste barrurako jatekoak, garbiketak, mendira joan, mezatara, egunkariak irakurri, arrainei ura aldatu...

Gaurkoa lako igande goiz batean alde egin zuen Mary Poppinsek bankstarren etxetik: aita lanpostuz igo zuten bankuan, amak bertan behera laga zuen militantzia sufragista eta seme-alabek kolpetik ahaztu zuten beren zaintzaile izanikoa. The End.

Familia tradizionalak bere onera itzularaziko zituen laguntzaile lez aurkeztu ei zuten 1964an Poppins andereñoa, eta Pamela Lyndon Traversek (jatorrizko liburuaren idazleak) negarrez alde egin ei zuen estreinalditik Disneyk istorioa zelan manipulatu zuen ikusita. Mende erdi geroago, rol bertsua jokatuko du Poppinsek Gabonetarako prestatzen ari diren bertsio gaurkotuan; halaxe zabaldu zuten Oscar sarien galan emaniko trailerrean.

Horrexegatik galdetzen diot jendeari igande goizetakoez, gehienok geure egoera naturalera orduantxe itzultzen garelako. Eta, halere, erdiei sinetsi ez; esandakoetatik egindakoetara, Disneyren bertsiotik Traversenera besteko aldea egoten da-eta askotan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.