Joe Lynch zinemagilearen 'Mayhem' filma saritu du Fant jaialdiko epaimahaiak

Rubin Stein zuzendariaren 'Bailaora' eta Aitzol Saratxagaren 'Ziren' film laburrak ere saritu dituzte. Gaur lan sarituak proiektatuko dituzte

Inigo Astiz
2018ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
«Duen zuzentasun ezagatik, zonbien generoa modu originalean berraztertzen asmatzeagatik eta kapitalismoaren kritika basatia daraman espazio itxiko eszenifikazioagatik». Arrazoi horiengatik erabaki du Bilboko zinema fantastikoko Fant jaialdiak aurtengo sari nagusia Joe Lynch zinemagile estatubatuarraren Mayhem filmari ematea. Epaimahaiaren ustez, hori izan da XIV. jaialdiko sail ofizialean lehiatu diren hemezortzi film luzeen artean onena, eta 3.500 eurorensaria jasoko du. Beste sari sorta bat ere eman du epaimahaiak, eta gaur lan saritu guztien proiekzioa antolatu dute BBK aretoan. Bi saiotan bereizi dituzte filmak: 18:00etan eta 20:00etan.

Film laburren artean, Rubin Stein zinemagilearen Bailaora lana nabarmendu du epaimahaiak, eta Aitzol Saratxagaren Ziren lanari eman diote Euskal Film Laburrik Onenaren Saria. «Genero proposamena izan arren, erritmo geldoa ematen asmatzeagatik, eta arimaren existentziari buruzko gogoeta egiten ausartzeagatik». 3.000 eta 2.000 euro jasoko dituzte, hurrenez hurren.

Publikoaren iritzia

Ez da epaimahaiarekin bat etorri publikoa. Ikusleen iritziz, Alberto Pintoren eta Caye Casasen Rip filma izan da jaialdiko laburrik onena, eta Issa Lopez mexikarraren Tigers Are Not Afraid, berriz, film luzerik onena.

Sail ofizialetik kanpo ere izan dira sari gehiago. Panorama izeneko atalean, adibidez, Andres Goteiraren Dhogs filmak irabazi du film luzerik onenarenasaria (2.250 euro), eta Lorene Yavoren À Chacun Sa Malédiction izendatu dute laburrik onena (1.500). Epaimahaiak, bestalde, aipamen berezia egin dio Pablo S. Pastorren Bye Bye Baby film laburrari.

Aurten lehen aldiz, euskal film laburretan izandako antzezpenik onenaren saria ere antolatu du Euskal Aktoreen Batasunak, eta Fernando Albizu aktoreari ematea erabaki dute, Aprieta pero raramente ahoga filmean egindako lanagatik. Tigers Are Not Afraid filmak jaso du Euskal Gidoilarien Elkarteak ematen duen gidoirik onenaren saria, eta Rainer Sarnet saritu du Fas zineklubak zuzendaritza lan onenaren sariarekin, kasu honetan, November filmean egindako lanagaik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.