jakes goikoetxea
Europako hauteskundeak. Analisia

Tori eta tati

2014ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Paradoxikoa da. Egun berean iragarri dute idazkari nagusi kargua utziko dutela PSOEko Alfredo Perez Rubalcabak eta PSNko Roberto Jimenezek. Egun berean iragarri dute sozialisten antzokia utziko dutela —ez dakigu politika utziko duten— Madrilgo nagusiak eta haren Iruñeko eskumakilak. Eta paradoxikoa da bakarrik geratzen ari zena Barcina izatea, kargutik kendu behar zutena Barcina izatea eta joango dela esan duena Jimenez izatea.

«Nafarroan PSOE ni naiz», esan zuen Roberto Jimenezek otsailaren 13an, Yolanda Barcina gobernutik kentzeko saioa babesten ari zela. Hilabete geroago, ordea, Jimenezek erakutsi zuen bera ez dela izan, ez PSOE, ez PSN. Eta Jimenez gutxienez PSN izan zitekeen, baina horretarako aurre egin behar zion PSOEri. Funtsean, Perez Rubalcaba izan da sabeliztuna eta Jimenezek ahoa mugitu baino ez du egin, herritarrek hitz egiten zuena bera zela sinesteko.

Dena den, Perez Rubalcabaren eta PSOEren agintekeriak ezin du ezkutatu Jimenezen arduragabekeria. Izan ere, gobernuan ardurak izan ditu eta oposizioan gobernuari ez dizkio eskatu ardura guztiak —CAN auzian batez ere—. Gainera, Nafarroaren eta PSNren aurrekariak ikusita, 2007koa gogoan, nola iragar daitekezentsura mozio bat aurkeztuko dela ziurtatu gabe eta oposizioko alderdiekin hitz egin gabe?

Jimenez artista izan da tori eta tati egiten. Barcina, UPN, jotzeko imintzioa egin du, baina ez da ausartu. Asko jota Nafarroako Gobernua utzi du eta exekutiboa aurrekontuak luzatzera behartu du. Hortik aurrera Perez Rubalcabaren eta PSOEren estatu arrazoiaren altzo txakurra izan da, Barcinari zaunka egin, baina hortzak Bilduri erakusteko.

Kargua uzteko orduan ere Jimenez ez da ausartu PSOEri aurre egiten. Aurrena onartu egin zuen Barcinari zentsura mozioarekin hordagoa jo eta PSOEk salduta uztea. Gero, martxoaren 2an dimisioa aurkeztu arren, ametitu egin zuen karguan jarraitzea, alderdiari hauteskundeetan «kalterik ez egiteko».

Eta zer gertatuko da Perez Rubalcabarik gabeko PSOEn eta Roberto Jimenezik gabeko PSNn? Zerbait ikasi badu, PSOEk errespetatu egin beharko ditu batzorde federalak, haien iritziak eta haien lurraldeetako egoerak. Madrilgo egunkarien titularren beldurrik gabe. Bestela, erantzuna zein izango den badaki: botoak galtzea, ezkerrean sortu diren beste hautagaitzen mesedetan.

PSNk, zerbait lortu nahi badu, erabaki propioak hartu behar ditu. Bi aukera ditu: bata, UPNren makulua izaten jarraitzea, orain oposizioan, gero gobernuan; bestea, UPNri aurre egiteko ezkerreko alternatiba osatzea. Bildurekin. Konplexurik gabe.

Ez daukate galtzeko askorik. Gainerako aukerak probatu dituzte, Jimenezek denetik egin baitu: koalizio gobernuan egon da, oposizioan gogor plantak egin ditu, oposiziorik gabeko oposizioa egin du eta baita zentsura mozio bat iragarri ere. Azkenean, baina, emaitza sinesgarritasunik gabeko PSN ahula izan da.

Martxoaren 7an Jimenez eta Rubalcaba elkarrekin agertu ziren, Ferrazen. Erru guztia Barcinari egotzi zioten. «Egoera kafkarra da», esan zuen Jimenezek, «sozialistek ordaindu behar izatea Nafarroako Gobernuaren krisi bat, gauzak aldatzen saiatzeagatik». Egoerak kafkarra izaten jarraitzen du, baina krisia batez ere sozialista da. Eta arriskua dago gauzak aldatzeko, guztiak berdin jarraitzeko, Iruñean eta Madrilen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.