Maria Jose Beaumont. Nafarroako Presidentetza, Justizia, Barne eta Funtzio Publikoko kontseilaria

«Atsegin ez ditudan gauzak aldatzen lagun dezaket behingoagatik»

Bi asteren buruan goitik behera aldatu zaio bizitza. Aurrean duen erronkak eta izendapenak sortutako ekaitz politikoak ez dute kikildu. Lehen egunotan gainezka egonagatik, gauzak aldatzeko gogoz dago.

IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
joxerra senar
Iruñea
2015eko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
Oso denbora gutxian, goitik behera aldatu da Maria Jose Beaumonten (Artieda, 1956) bizitza. Duela bi aste, lagun batek jakinarazi zion EH Bilduko Adolfo Araizek bere telefono zenbakia nahi zuela. Susmatu zuen gobernuarekin zerikusia izango zuela, baina harrituta azaldu zen Presidentetza, Justizia, Barne eta Funtzio Publikoko kontseilari izateko proposatu ziotenean. Lehen kolpearen ondoren, baiezkoa eman zuen. Erronka profesional eta pertsonal gisa hartu du kargua. Baiezkoa eman zuenetik, ekaitz politikoaren begian egon da. Alta, Itoizko urtegiaren aurkako bataila judizial luzean kikildu ez bazen, UPNren kritikek eta Jorge Fernandez Diezen mehatxuek ez dute lehen kolpean makurraraziko.

Zergatik eman zenuen baiezkoa?

Politikoki, beti oso kritiko izan naiz alderdi batzuekin zein besteekin, gobernuen ekintzekin eta administrazioarekin, oro har. Ezin da bizitza osoa ibili gaizki-esaka. Behingoagatik, lagun dezaket, eta atsegin ez ditudan gauzak modu diferente batean egin daitezen ahalegindu.

Ezaguna zara Itoizko bataila juridikoa eraman zenuelako. Ezagutzen ez zaituztenentzat, zein da Maria Jose Beaumont?

Kargua hartu nuenean argi utzi nuen zehaztasunez identifikatua izatea nahiko nukeela. Ni ez naiz teknokrata, inoiz esan izan baita gobernu hau teknokratena zela. Neure burua bidezko auzien defendatzaile ikusten dut: ingurumenaren eta alor publikoaren defendatzaile. Errepublikano gisa identifikatzen dut neure burua, ezkerrekoa, abertzalea eta feminista. Zuzenbidean profesionala ere banaiz, eta nire funtzioak betetzen ditut, baina beti ezaugarri horiekin.

UPNk Barkosi eskatu zion zure izendapena atzera botatzeko. Eragin dizute erasook?

Irudi lukeen baino gutxiago eragin didate. Hain azkarra izan da dena, ez baitut izan denborarik irakurtzeko. Hasieratik atera zen Uxue Barkos nire defentsan, eraso horien aurka. Hasieratik, babestua ikusi nuen neure burua, eta, ondorioz, esan dezaket ez didatela eragin. Egia esan, ez nuen pentsatu nire aurka joango zirela. Lehen egunean, gobernuko beste kontseilariei esan nien: «Banatu zezaketen apur bat gehiago eta arreta niregan soilik ez jarri». Haiei ere egokituko zaie.

Jorge Fernandez Diez Espainiako Barne Ministroak esan du Foruzaingoarekin elkarlana berrikustea aztertzen ari direla. Zein da zure erantzuna?

Onartezina deritzot herritarren segurtasuna eta polizien arreta auzitan jartzeari. Pentsatu nuen iskanbila horrek oso gutxi iraungo zuela, eta ez nengoen oker. Eraso sutsu horien aurrean, ministroak atzera egin du apur bat, besteak beste, Uxue Barkosek Espainiako Erregearen aurrean horri buruz hitz egin zuelako. Orain dela urte asko, nik administrazio honetan egin nuen lan, eta hemen dagoen jende askok ezagutzen nau. Ezagutzen ez ninduten beste batzuek, berriz, ikusi dute ez naizela leporatzen zidaten hori guztia. Kaleratu den ezerk ez du zerikusirik errealitatearekin.

Kontseilari kargua hartu eta biharamunean, Bardeako tiro eremutik gertu pertsona bat zauritu zuten.

Gertaera larria da. Egia da Defentsa Ministerioarekin praktika horiek egiteko itun bat sinatuta dagoela eta protokoloetan aurreikusita daudela aldez aurretik hartu beharreko segurtasun neurriak.Kasu honetan, ez ziren hartu beharrezko neurriak. Ondorioz, Kataluniako ibiltari bat zauritu zen, eta, zorionez, ez zen besterik gertatu. Bestela, ondorioak larriagoak lirateke. Defentsa Ministerioak ere larritzat jo du, eta eten egin dira tiro praktika horiek irailera arte.Akordio programatiko horren inguruko gehiengo parlamentarioak uste du ituna nahitaez berrikusi behar dela.

Zure departamentuko alorretako bat Justizia da. Zer behar ikusten dituzu atal horretan?

Justiziako kudeaketa baliabide gehiago izatetik harago doa. Diru ekarpenaz gain, Nafarroako Gobernuak Justizia Administrazioari egindako ekarpena hobeto bideratu daiteke. Justizia zerbitzuak berrantolatu behar dira, eta eraginkortasuna hobetu. Horregatik, proposatu dut Justiziak zuzendaritza nagusia izatea gobernuaren organigraman. Oraingoz, ulertzen da garrantzitsua dela, baina lehendakariak adierazi digu organigramak murrizketei erantzungo diela. Murrizketak egin beharko ditugu, zeren, dirudienez, uste baino okerrago gaude finantza aldetik. Dena den, gastua handitu gabe eman dakioke Justiziari garrantzi handiagoa.

Martxoan onartu zen Foruzaingoaren Legea, UPNren eta PPren kontrako botoekin, eta tirabira handiak eragin ditu Foruzaingoaren barruan eta alderdien artean. Zer egiteko asmoa duzu?

Ezinbestean ezarri behar dut legea, atsegin edo ez. Beste gauza bat da kolektiboari lasai entzutea eta legeari buruzko pertzepzio guztiak biltzea. Horren arabera, aldaketak plantea ditzakegu. Falta zait patxada handiagoarekin aztertzea, eta, kolektiboa entzunda, ikustea ea beharra dagoen legea berehala aldatzeko. Agian ez da hain premiazkoa, eta arautu daiteke beste modu batera hobeto funtziona dezan.

Akordio programatikoan badator Foruzaingoa polizia oso izateko eta falta diren eskumenak jasotzeko beharra. Aukerarik badago hori negoziatzeko?

Gai zaila izango da, baina egingarria da. Foru Hobekuntza dugu, eta, ziurrenik, aldatu beharko da, negoziazioak errazte aldera. Edo, oraingoz, Foru Hobekuntza aldatu gabe, beste erkidego batzuek jada badituzten eskumenak negozia daitezke. Haiek badute, guk zergatik ez? Denbora gutxi dago, eta ez dut uste gobernu honekin erraza izango denik. Urte amaierarako, Espainiako Gobernu berria egongo da. Ziurrenik, ez da hau izango. Ikuspuntu orokorrago batetik eta estatuaren kontzepzio desberdin batetik, gobernu irekiago batekin, errazagoa izan daiteke negoziazioa.

Foruzaingoak kalean gehiago egon behar duela diozu. Zergatik?

Niretzat, Foruzaingoa beste zerbitzu publiko bat da, ziurrenik berezia. Hori zabaldu nahi dut,herritarrei laguntzeko zerbitzu gisa ikus dadin, eta ez zerbitzu zapaltzaile baten gisan.

Funtzio publikoaren erreforma da akordio programatikoaren puntu nagusietako bat. Zer irizpide izango ditu?

Hori erronka handia da. Administrazioa barrutik ezagutzen dut, eta beti entzun dut aspaldi onartutako funtzio publikoaren estatutuak eta haren aplikazioak eragiten dituen arazoen berri. Eztabaida handia dago, eta, lehenik, entzun beharko dut, eta batzuen zein besteen arteko elkarrizketa bultzatu. Falta da ikustea beste modu batera nola egin daitekeen, estatutuaren aplikazioaren inguruko informazio handia dutenen artean. Hori bideratu nahi dut. Ez dakit Foruzaingoaren Legea aldatu behar den, baina hau bai. Argi dut aldatu beharra dagoela, egoera hobeki ezagutzen dudalako. Lan handia eskatuko du, baina ez dut presarik. Lehenik sustatzaileen artean hitzartu behar da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.