Erabakitzeko eskubidea. Elkarrizketa. Andoni Perez Cuadrado. Euskaria fundazioko kidea

«Herriaren askatasuna ez da lortzen museko partida batean»

Andoni Perez Cuadradok hamarkadak daramatza gizarte zibiletik autodeterminazioaren alde lanean. Etengabe lan egiteari, izaera zabala izateari eta argudioak biltzeari garrantzi handia ematen dio.

JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
enekoitz esnaola
2014ko irailaren 2a
00:00
Entzun
Aurtengo ekainaren 8an bezala, lehen ere egin izan dira Euskal Herrian autodeterminazioaren edo erabakitzeko eskubidearen aldeko ekitaldi jendetsuak gizarte zibilak antolatuta. 1992ko urriaren 18an, kasurako, Euskaria, Bai Independentziari, Herria 2000 Eliza, Herrien Liga eta Abertzaleok elkarteek, Autodeterminazioaz burujabetza lelopean, milaka lagun bildu zituzten Bilbon. Euskaria fundazioko sortzaileetakoa da Andoni Perez Cuadrado EAko kidea (Gasteiz, 1926), eta handik ia 30 urte daramatza lanean, euskal herritarrek euren etorkizuna erabaki dezaten.

1992an zer dela-eta batu zineten bost elkarte autodeterminazioaren aldeko manifestazio bat antolatzeko?

Euskaria 1986an sortu genuen. Euskal estatua lortzeko bide gisa ikusten dugu autodeterminazio eskubidea. Ikusten genuen gizarteko beste elkarte batzuk ere ari zirela antzeko lanean, eta Bilboko martxa antolatu genuen haiekin 1992an. 1990eko otsailean ere deitu genuen beste batera, Herrien Ligarekin, Iruñerako.

Gustura geratu al zineten 1992ko manifestazio harekin?

Garai haietan ere ideiak bai, baina dirurik ez geneukan, eta manifestazio nazional bat antolatzeko baliabideak behar dira. Baina ausartu egin ginen. Gainezka egin zigun Bilboko martxak, milaka eta milaka lagun bildu zirelako.

EAJ ez zen joan, Carlos Garaikoetxea (EA) ere ez...

Politikari batzuek oraindik bazuten erreparorik. Nahiz eta manifestazioko edukiarekin ados ziren, pentsatzen zuten indarrik ez genuela gizartean. Garaikoetxea ez, baina EAko beste agintari asko han izan ziren. HBkoak ere bai. EAJkoak ez; izan ere, EAJk pentsatzen du berak ez badu antolatzen manifestazioa horrek ez duela balio. Badakit zer esaten dudan, EBBko kide izan nintzelako, klandestinitate garaietan.

1990ean Eusko Legebiltzarrera autodeterminazioaren proposamen bat eraman zuen Euskariak, baina ez zen aurrera atera.

Lege proposamen bat izan zen, Eusko Legebiltzarrak onartu eta erreforma konstituzionalerako bideari ekin ziezaion, Espainiako Konstituzioan sar zedin euskal lurralde historikoen autodeterminazio eskubidea. Gure eskariak ez zuen aurrera egin, EAJgatik. Aldiz, legez besteko proposamen bat onartu zuen Eusko Legebiltzarrak, adierazpen politiko bat baino ez zena, EAJ, EA eta EEk babestuta.

Gizarte zibilaren protagonismoa aldarrikatu zenuten 1992ko martxan. Zergatik?

Gizarte zibileko erakunde bat da Euskaria, orduko beste deitzaileak bezala, eta herrian sinisten dugu. Gure Esku Dago ere herritarren protagonismoaren aldarria ari da egiten. Autodeterminazioa eta erabakitzeko eskubidea bezalako terminoak gizartean heldutasuna lortzen joan dira, jendeak gero eta gaitasun handiagoa du gauzak antolatzeko, eta hau garai ona dela uste dut.

Eskubide horren aldeko edo hura gauzatzeko lan serioa egin al da Euskal Herrian?

Ez pentsa. 1980ko hamarkadan beste herrialde batzuetako konstituzioak hemengo alderdi batzuei saldutakoak naiz ni, mila pezetatan. Ez zeuzkaten! Autodeterminazio eskubidea beste herrialde batzuetan zertan den aztertzen genuen, baina, antza, alderdi politiko batzuek, ez. Aukera onak galdutakoak ere bagara.

Adibidez?

1991n, esate baterako, Baltikoko mugimendua zela-eta aste oso batez ekitaldiak antolatu genituen euskal hiriburuetan, eta Aleksandras Stromas katedratikoa ekarri genuen. Haren aita SESB aurreko Lituania independenteko buruetako bat izana zen. Aleksandras Stromas New York-en bizi zen, eta esan zigun bazuela sarrera Nazio Batuen Erakundean eta Etxe Zurian, eta nahi genuenean egingo zituela saioak Euskal Herriarentzat. Ez genuen baliatu aukera hura.

Saioak saio Espainiako Estatuak kontsulta egiteko baimenik ematen ez badu, zer?

Desobedentzia. Ez da denbora asko Espainiako armadara ez zirela joan milaka euskal gazte, eta lortu zen soldadutza kentzea. Geuk, Euskariako kideok, desobedentziaren alde egiten dugu, aurrerabiderako beste aukerarik ezean. 1990eko hamarkada hasieran, Baltikokoen independentzia garaian, Garaikoetxeak esaten zigun estatuak galdeketa bat egitea debekatzen bazuen akordioren bat erdiesteko nahikoa izango zela Eusko Legebiltzarrean parlamentarioak itxi eta gose grebari ekitea, horrek sekulako oihartzuna izango zuelako nazioartean.

Ez da egin halakorik.

Akordiorik ere ez baita izan autodeterminazioaren aldeko indarren artean. Gainera, halako neurri batek sakrifizioa eskatzen du...

Sakrifikazioaz gain, zer?

Lan asko egin behar da, harreman asko, izaera irekia izanda. Aldarrikapen honen alde etenik gabeko lana egitea da gakoetako bat, segitu eta segitu, borroka ez eman galdutzat, ez egin atzera. Guk beti esan izan dugu batasuna behar dela baina ez uniformitatea, eta, filosofia horren baitan, autodeterminazioaren alde daudenekin lan egin dugu azken 28 urte hauetan. Maltzagako bidea sustatu genuen, Arantzazun topaketa bat ere bai, hitzaldiak antolatu izan ditugu, elkarrizketak jende esanguratsuarekin... Autodeterminazioari buruzko txostenak-eta egin edo bildu izan ditugu, eta material handia daukagu gordeta. Baliatu egin behar. Herri baten askatasuna ez da lortzen museko partida batean. Batzuek sufritu egiten dute, sakrifikatuak beti daude, era batera edo bestera.

Euskal alderdien artean erabakitzeko eskubideari buruzko akordio bat lortzeko aukerarik ikusten al duzu?

Saioa egin beharra dago, behintzat. Gizarte zibilak alderdiak horretara animatu, lagundu, bultzatu behar ditu. Gainera, gizarte zibilak behar du instituzioetan lidergo bat. Eskozian Salmond egiteko erabakigarria betetzen ari da, esaterako. Europa aldatu egin da. Zer egin behar du Espainiak orain, Katalunian tankeak atera?

Baina Euskal Herrian zer itxura?

EAJn ez dut ikusten ilusiorik burujabetzaren biderako erabakitzeko eskubideari eusteko. Oso eroso dago bere tokian. Jose Antonio Agirreren lanen bolumenak irakurri berri ditut, eta ikustekoa da EAJ nola joan den bere eskakizunen maila jaisten. Abertzaletasun terminoetan hitz eginda, EAJn ez da egon Agirreren-eta belaunaldia ordezkatu duenik. Espainiako Gerran, kasurako, gure herriaren alde bizia jokatu zuten eusko gudariek eta Jaurlaritza hartakoek. Sortuko gazteek ere hori jakin eta baloratu beharko lukete; alde horretatik, kritikoa naiz haiekin.

Zer moduz ikusten duzu erabakitzeko eskubidearen aldeko herri mugimendua gaur egun?

Ondo dabil. Ekainaren 8ko giza katean ikusi zen; 150.000 lagun. Ez dago lo Gure Esku Dago. Segitu egin behar da. Geuk, Euskariaren izenean, ia 30 urte daramatzagu aldarri horrekin. Txosten bat osatzen ari gara orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.