Eren Keskin. 'Ozgur Gundem' egunkariko zuzendari ohia

«Eraso egin didate, preso egon naiz, baina sekula ez dut ikusi halakorik»

Turkiako estatu-kolpe saialdiaren osteko egoerarekin kezkatuta dago giza eskubideen ekintzailea; uste du oposizioa dela larrialdi egoeraren biktima, eta, dioenez, orain kurduak dira benetako oposizio bakarra.

BERRIA.
Istanbul
2016ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Eren Keskin (Bursa, Turkia, 1959) IHD Giza Eskubideen Elkarteko zuzendariordea da egun. Hark sortua da Segurtasun Indarren Etxean eta Kartzeletan Izandako Sexu Gehiegikeriak eta Bortxaketak Artatzeko Bulegoa. Ozgur Gundem egunkariko zuzendaria izandakoa ere bada. Turkiak hura atxilotzeko agindua eman badu ere, bulegoan hartu du BERRIA.

Joan den astean itxi zuten Ozgur Gundem. Zu atxilotzeko agindua ere eman zuten.

Hiru urtean izan nintzen zuzendari, duela sei hilabete arte. Nire aurkako 99 auzibide judizial daude zabalik, eta bakoitzagatik hiru urte eta bederatzi hilabete eskatzen dituzte. Zenbat da 99 bider hiru urte eta bederatzi hilabete?

Gogorra, ezta?

Zerbait egitea erabaki genuen, eta egun batez zuzendari jardunean aritu dira kazetari eta intelektualak, modu sinbolikoan, eta, egun, haietako asko auzipetuta daude.

Non harrapatu zintuen itxierak?

Diyarbakirren. Ama zaintzen duen emakumeak deitu zidan, eta esan etxera oldarrean sartu zitzaiela terrorismoaren kontrako talde berezi bat. Asko ziren, buruko estalki eta guzti, eta kaleak itxi zituzten; eraikineko teilatu aldea okupatu ere egin zuten. Istanbulerako lehen hegaldia hartu nuen. Bitartean, egunkariaren abokatuarekin hitz egin nuen, eta hark kontatu zidan zer gertatu zen, nola atxilotu zituzten 22 kazetari; baita editore burua eta zuzendaria ere, haiek atxilotzeko agindua zutelako. Asli Erdogan ere zerrenda hartan ageri zen, administrazio kontseiluko kide zenez gero; hura bere etxean atxilotu zuten.

Zu atxilotzeko agindua zegoen.

Bai. Biharamunean abokatuarekin hitz egin nuen; deklaratu egin nahi nuen. Eta hark fiskalarekin hitz egin zuen, eta esan zion ni ez nintzela egunkariko zuzendaria. Fiskalak zera esan zion: «Eren andrearen izena, ordea, egunkariarekin lotzen dute». Telesail amaiezin bat da. Fiskalak ahal duenean deklaratuko dut. Komedia hutsa da. Begira non nagoen; badakite hemen nagoela, eskuarki etorri ohi naizela bulego honetara, eta ez datorkit inor bila.

Etxera joan ziren zure bila...

Bai. A zer-nolako miaketa?! Ikusgarrizko operazioa egin zuten, auzo osoa izutzeraino. Nire amak 85 urte ditu, eta gaixorik dago. 1990eko urteetatik nabil giza eskubideen aldeko borrokan; eraso egin didate, preso egon naiz, baina sekula ez dut ikusi halakorik. Estatu-kolpe saialdiaren osteko larrialdi egoera honetan ari dira gertatzen halakoak. Lehen ministroak berak esana da larrialdi egoera hau ez dela deklaratu herriaren kontra, gure [gobernuaren] kontra baizik. Jakina, ez diegu hitz erdirik ere sinetsi. Guk ondotxo genekien progresistak direla larrialdi egoera honetako benetako biktimak, haiek direla oposizio benetakoa. Eta, oraintxe, kurduak dira benetako oposizio bakarra. Baina, oraintxe, bada beste arazo bat ere: kartzelak lepo daude. Ikerketarik egin gabe ari dira atxilotzen jendea, guztiek parte hartu izan balute bezala estatu-kolpe saialdian. Ez daukate jendea non sartu; hainbeste atxilotu dituzte! Lehendik ere bazituzten arazoak; txandaka egiten zuten lo presoek. Toki egiteko, bada, amnistia bat eman berri dute, halakotzat izendatu ez badute ere. Dekretu bat da. Eta ez dago nahikoa fiskalik eta epailerik. Epaitegira jotzen baduzu, ez dago epailerik; beraz, ez dute egiten auzi saiorik.

Eta zer diozu estatu kolpeaz?

Kolpea armadako bi sektoreen artekoa izan zen; behintzat, hala uste dut nik. Gerra bat dago. Fehtullah Gulenen aldekoak batetik eta kemalistak bestetik, baina, sakon-sakonean, estatuak armadan dituen aparatuak dira sektore biak. Gobernu horrexek berak eta armadak predikatzailearen sektorea antolatu eta baliatu zuten herri kurduaren kontra. Orain diote estatuan infiltratu den erakunde bat dela. Bai zera! Estatua bera ere bai baitira kideak. Kapital islamistako sektore bien arteko gerra bat ere bada hori guztia. Eta, orain, batzuk besteak kartzelatzen ari dira; lagunak, familiakoak ziren, barren, oraintsu arte.

Eta zein da kazetarien egoera?

Epaiketa egingo diete, eta horrek ez du izenik. Agintariei aurre eta eraso egiteaz akusatu dituzte, eta guztiz alderantziz gertatu zen: irudiak ere badaude poliziek nola erasotzen dieten kazetariei. Autobus barruan ere joka jardun zitzaizkien, eskuburdinak ipinita, eta batzuk eskaileretan behera bota zituzten. Hiru kartzelan daude, tartean Asli Erdogan. Herrialde honetako eleberrigilerik onenetako bat da. Hitzik gabe utzi nau hura kartzelatu izanak. Osasunez oso larri dago. Ez dakit nola iraungo duen bizirik, ez dakit… Tortura hutsa da.

Pasaportea kendu zizuten zuri.

Pasaportea banu ere, ez nintzateke irtengo. Hau da nire herrialdea, eta hementxe egon nahi dut. 2000. urtean, Sabino Arana Fundazioak sari bat eman zidan giza eskubideen alde egindako ibilbidearengatik. Eta Bilbon izan nintzen. Huraxe izan zen Europara egindako bidaiarik onena. Bilboko kaleetan, etxean banengo bezala sentitu nintzen; halakorik, ordura arte, Diyarbakirren bakarrik sentitua nintzen. Fundaziokoen kariñoa ere sentitu nuen, baita abokatuena ere. Bihoazkie, hemendik, nire eskerrik beroenak egun zoragarri apartak pasarazteagatik ordu hartan, eta besarkada bana denei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.