Ertugrul Kurkçu. HDPko ohorezko presidentea eta diputatua

«Erdoganek bahituta dauzka nire kideak; hau erregimen bat da»

Erdoganek sultan bat izan nahi duela eta sistema presidentzialista ezarri nahi duela uste du Kurkçuk: «Musulmanen buruzagi espirituala izan nahi du Turkian; kalifa herri berri moduko bat aldarrikatu du».

BERRIA.
2016ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
HDP Herrien Alderdi Demokratikoak Turkiako Parlamentuan dituen 59 diputatuetako bat da Ertugrul Kurkçu (Bursa, Turkia, 1948). Baita alderdiaren ohorezko presidentea ere; aurretik presidentekide eta bozeramailea izandakoa da. Sozialista da ideologiaz, eta ezkerreko ekintzaile historikoa; ibilbide luzea dauka erresistentzian mugimendu kurduarekin bat egin aurretik. Mahir Çayanekin eta Deniz Gezmizekin 68ko belaunaldia ikasle mugimendua sortu zuen, eta, ondoren, bat egin zuten Turkia Askatzeko Herri Frontearekin. 1972an, euren kontrako poliziaren ekintza batean, hamar kide galdu zituen Kurkçuk. Kizildereko etxe hartan zegoen, baina onik atera zen bakarra izan zen. Erresistentzia armatuak, baina, kartzelara eraman zuen. Hamalau urte igaro zituen preso, nahiz eta auzitegi militar batek hiru bahiketa egiteagatik bizi guztiko kartzela zigorra ezarri zion —1974ko amnistiarekin zigorra arindu zioten—.

Kartzelan, baina, ez zuen denbora galdu. Kazetaria eta editorea da lanbidez, eta ziegan hainbat liburu itzuli zituen, tartean Karl Marxen biografia. Askatu zutenean, 1986an, bide politikoetatik ekin zion erresistentziari. ODP Askatasuna eta Elkartasuna Alderdiko sortzaileetako bat izan zen, ezkerreko lehen koalizioa. Gerora BDP Bake eta Demokraziaren Alderdiarekin egin zuen bat —eleduna izan zen—, eta haren lekukoa hartu zuen koalizioan dabil egun, HDPn. Bruselan dagoela erantzun ditu, telefonoz,BERRIAren galderak.

Ostiraletik HDPko hamabi parlamentari atxilotu ditu Turkiak. Baita alderdiko bi buruzagiak ere. Zer duzu esateko?

Sarekada bat izan da. Ni Sofian nengoelako libratu nintzen. Recep Tayyip Erdoganek bahituta dauzka nire kideak; hau erregimen bat da. Gobernuak bere burua zuritu nahi du faltsukerien eta distortsioen bidez. Egia da diputatuok uko egin geniola auzitegietara joateari immunitatea kendu zigutenean, baina egia da ezein auzitegik ez gaituela behartu deklaratzera ere. Oraingoan fiskalek agindu dituzte atxiloketak, auzitegiena den eskumena bere gain hartuz; beraz, agerian geratu da ez dagoela botere banaketarik. Justizia eta Barne ministerioak daude operazio honen atzean.

Zein da operazioaren helburua?

HDPren kontra, bereziki, eta kurduen kontra, oro har, kolpe bat ematea legez kanpoko bideetatik. Gure buruzagien izen ona zikindu nahi dute, eta, bide batez, demokratikoki ordezkatutako borondate politiko bat hautsi nahi dute. Barne zatiketa bat eragin nahi dute gurean. HDPk babes zabala dauka kurduen artean, eta babes hori ahultzea da azken helburua, hartara, sistema presidentzialista ezartzeko zirrikitua aurkitzeko. Erdoganek sultan bat izan nahi du, eta, horretarako, sistema presidentzialista behar du. Konstituzioaren erreformarako erreferenduma egingo badu, botoen %51 behar du, eta horregatik ahuldu nahi du HDP. Erdoganen xedeetarako mehatxu bat gara, eta horregatik ari da etengabe gure kontra egiten, herritarren %11k babesten gaitu-eta: legebiltzarrean ordezkaritza izateko %10eko langa gainditzen dugu.

Errepresioa urratsez urrats handituz joan da Erdogan. Zein da bere azken xedea?

Musulmanen buruzagi espirituala izan nahi du Turkian. Kalifa herri berri moduko bat aldarrikatu nahi du, eta mundu islamikoa menperatu Ekialde Hurbilean. Baliabide naturalak kontrolatuko lituzke horrela, baita ekonomia eta geopolitika ere. Erdoganek promes hori egin zion ustela eta harroputza den klase kapitalista bati, hain zuzen, aberastasuna hari zor dion klase bati. Presidentea pertsonalki arduratu da aberastasunaren transferentzia talde hauei egiteaz, eraikuntza, energia, meatzaritza eta merkataritzaren bidez, eta talde hauek, ozen esan beharra dago, urrea petrolioagatik trukatzeko operazio klandestinoetan sartuta daude. NBEk eta AEBek Irani jarritako zigorrak saihestu dituzte horrela. Erdoganen atzerri politikatik ere onurak atera dituzte talde hauek, limurtu egin baititu bere fantasia espantsionistekin, bere politika islamiko-nazionalistekin, nahiz eta fantasia horiek desafio bat diren errealitatean.

Egoera eta eraso horiei nola erantzuten diete Turkian?

Turkian zaila da protesta egitea, poliziaren jazarpena itzela baita, baina, hala ere, milaka lagun atera dira egunotan kalera, indarkeriari aurre eginez. Istanbulen, Ankaran eta Izmirren manifestazioak egin dituzte, baina oraindik ez dute poliziaren erregimen bat birrintzeko bezainbesteko indarra, nahiz eta gero eta zabalagoak izan, bereziki Ipar Kurdistanen.

Hala ere, agerian utzi behar da hau ez dela soilik kurduen kontrako erasoa. CHP Herriaren Errepublikaren Alderdia, oposizioko liberalak, horien kontra ere gogor ari dira, baita kazetari eta gulenisten aurka ere. Cumhuriyet ezkerreko egunkariko bederatzi kazetari eta editore atxilotu zituzten ostiralean, gure kideak atxilotu zituzten egun berean. Erdoganen kontrako estatu kolpe saioaren ostetik, uztailetik, ez da giro; oposizioko ahots guztien aurka ari da erregimena, etengabeko iraina da.

Eta Europan? Oihartzunik izan al dute atxiloketek?

Hainbat hiritan manifestazioak egin dituzte: Parisen, Londresen, Kolonian, Stockholmen... Kurduen diaspora oso zabala da, eta alebiekin eta erbestean dauden turkiarrekin batera atera dira kalera. Diputatu ugari ere atera da, ezkerreko eragile eta alderdiak ere.

Hala ere, agerikoa da, beste behin ere, gobernuen eta erakundeen isiltasuna jazarpenaren aurrean...

Turkia errefuxiatuen exodo masiboaren balazta izateko nahi dute. Muga bat ezartzeko. Horixe da nazioarteko komunitatearen kezka bakarra, eta horren truke igual zaio demokrazia babesten den eta giza eskubideak errespetatzen diren. Europako herrialde gehienen jarrera da hori, baita AEBena ere. Horren da handia euren kezka, ez ikusiarena egiten dute kurduen kontra egiten ari diren basakerien aurrean, politikari kurdu gorenak atxilotzen badituzte ere. Eta horixe bera da Erdogan kurduen eta turkiarren eskubide demokratikoen kontra horren harro eta zital jokatzeko arrazoietako bat: inork ez diola ezer esaten.

Horren aurrean zer eskatuko zenioke nazioarteari?

Konpromiso batzuk dituela. Betebehar batzuk dituela. Espero dugu ezkerreko alderdi demokratikoek euren gobernuak presionatzea. Bada garaia Erdogani sostengua kentzeko eskubide demokratikoak eta giza eskubideak urratzen dituen bitartean. Ildo horretan, eredugarria izan da sindikatu ingelesek atera berri duten ebazpena herri kurdua babestuz. Europako Kontseiluan eta Europako Batasunean Turkiak dituen aliatuek badute zeresana, baita Segurtasun Kontseilukoak ere. HDP alderdiaren kontrako atxiloketak eteteko eta parlamentariak askatzeko aldarrikapenak egin behar dira, kurduen kontrako operazioak gelditzeko, demokrazia babesteko... Giza Eskubideen Europako Konbentzioa, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala eta NBEko Konbentzioak onartutako herrialdeez ari naiz. Koherente izan daitezela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.