Jokin Mitxelena. Ilustratzailea

«Orain inori ez zaio inporta marrazkiak originala baduen ere»

Jaio zen urtea «preskribatua» duela dio behin baino gehiagotan Mitxelenak. Lan egiteko modua nola aldatu den ikusi du urteotan, eta aitortu du aukeran lehengokoarekin geldituko litzatekeela.

GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Araitz Muguruza.
Donostia
2014ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Intentzio handirik gabe ekin zionilustrazioak egiteari Jokin Mitxelenak (Oiartzun, Gipuzkoa, 1962). Gurasoen mantenua behar ez izateko hasieran, eta bizimodua ateratzeko gerora. Hainbat liburu argitaratu ditu; horietako asko, Pello Añorga idazle eta lagunarekin elkarlanean. Alemania eta Euskal Herriaren artean marraztu zuen zubia aspaldi, eta handik hona ibiltzen da joan-etorrian, nahiz eta estudio nagusia Alemanian izan. Zubiaren Euskal Herriko aldean dago egun hauetan, eta Donostiako Aiete auzoko kultur etxeko Ilustratzaileen Txokoan jarri duen erakusketara hainbat bidaia egin ditu. Irailaren 14ra arte daude ikusgai Mitxelenaren lanak.

Zein lan ekarri dituzu Ilustratzaileen Txokora?

Gaurkotasuna duten lanak ekarri ditut. Utzi nituen gaztetako gauzak, estiloak-eta... horiek dagoeneko preskribatuta daude. Marrazkiek hartuko dituzte azken hamar-hamabost urte.

Elkarren antzik badute?

Ez dute kohesiorako punturik. Talde bat bada animalien ingurukoa, beste bat letren ingurukoa, baina ez dauka lan guztiak batzen dituen ideia bat. Liburuetan agertu direnen originalak daude, enkarguz egindakoak, lan propioak ere bai; inon atera gabekoak dira beste batzuk.

Nolakoa izaten da zure sormen lana?

Estilo aldetik oso keinuzkoa da. Badaude oso metodikoak direnak, aurretik zer marraztu behar duten ongi pentsatzen dutenak, eta, gainera, hala ateratzen zaizkie gero marrazkiak; nik horien aurkakoa egiten dut. Oso gutxi prestatzen ditut aurretik; ideia orokor baten gainean marrazten ditut. Normalean ez da bozetorik izaten, ezta prestakuntzarik ere. Zuzen-zuzenean daude eginak, onerako eta txarrerako. Estilo garbia gustatzen zaienentzat, modu kaotiko samarra izango da; adierazkorra gustatzen zaienentzat, berriz, freskoak eta zuzenak.

Gehienbat, Euskal Herriko argitaletxeekin egiten duzu lan, baina Alemanian bizi zarela. Nolako harremanak izaten dira?

Ofizio honetan berdin du fisikoki non zauden, bai gaur, bai lehen. Jaioteguna preskribatua dutenen belaunaldikoa naizenez, marrazki originalak argitaletxera postaz bidali edo pertsonalki eraman behar izaten ziren garaia ezagutu nuen. Originalek, gainera, ongi eginak egon behar zuten, eta akatsik gabe. Hori pasatutako kontu bat da, ordea. Orain inori ez zaio inporta marrazkien originalik badagoen ere. Hala ere, esango dut bastante antigoalekoa naizela, eta eskuz lan asko egiten dudala. Zati batzuk izaten dira digitalak, baina horiek ez dira nabaritzen bukaerako emaitzan.

Pello Añorga idazlearekin elkarlan handia izaten duzu.

Umetako lagunak izateaz gain, badugu sinergia bat, beste egile batzuekin ez daukaguna. Askotan tandem moduan funtzionatzen dugu. Batak eta besteak egiten duenak eragin egiten digu. Beste egileekin distantzia handiagoa izaten da, eta bakoitzaren lana errespetatu egiten da. Pello eta nire artean, ordea, ez; ez dugu ezer errespetatzen. Bata bestearen lanarekin sartzen da; eskubide hori elkarri aitortuta daukagu.

Zerk bultzatu zintuen ilustratzaile izatera?

Ez zen gauza planeatu bat izan. Orain, pentsatzen dut umetan izan nahiko nuela pirata, astronauta, suhiltzailea edo antzeko zerbait, baina espontaneoki gertatu zen gauza bat izan zen marraztea. Arte Ederrak ikasi nituen, eta ikasketa haiek nolabait ordaintzeko hasi nintzen margotzen. Garai hartan bazen halako jarrera bat, esaten zuena ez zenuela gurasoen kontura bizi nahi —gero gezurra izaten zen, noski—. Baina saiatzen ginen, orduan, gure kontura lantxo batzuk egiten, eta horietako bat izan zen irakasle batzuentzat beren metodoetarako behar zituzten marrazkiak egitea. Haiek agindurako marrazkiak egiten nituen, eta gaizki-gaizki ordaintzen zidaten. Hura izan zen abiapuntua; denborarekin, gero, argitaletxeak ezagutu, eta amaitu dut lan hau egiten.

Nola marrazten da istorio bat, zein ezaugarri hartzen dituzu kontuan?

Konstelazio asko sortzen dira hor. Autore batzuek hasieratik dakite zer nahi duten; beste batzuek, aldiz, libre uzten zaituzte. Niretzat lan zailena izaten da testua hartu eta hari dagokion erregistro bat bilatzea. Erregistro bakoitzak marrazki aldetik ere tonu berezi bat behar du, eta hori da, batzuetan, gogorren egiten zaidan lana.

Badago marraztu ezin duzun zerbait?

Ez, marraztu ezin dudan ezer ez dago. Kasurik zailena autore edo editoreekin konpontzea izaten da. Ideia finko bat edukitzen dute batzuetan, eta horrelakoetan sortzen dira gaizki-ulertuak. Egoera izaten da zailagoa.

Galtzagorri elkartean biltzen zarete haur literaturako idazle eta ilustratzaileak. Nolakoa da ematen dizueten babesa?

Ni kide soila naiz; ez dut parte hartzen modu berezian; baina bai, bada guretzako babesa. Zenbait gertaeraren harira, elkarteak laguntza handia ematen du. Azkenengo instantzia moduan, norberaren errekurtsoak amaitzen direnean, beti dago Galtzagorri, eta hori garrantzitsua da. Eta horretaz gain, elkarteak ematen ditu beste hainbat baliabide: ikastaroak direla, argitalpenak direla...

Adinak gora egin ahala, liburuetako ilustrazioak gutxitzen doaz, harik eta ilustrazio gabeko liburuak irakurtzen diren arte. Helduen liburuetan ere beharrezko ikusten dituzu ilustrazioak?

Irakurle naizen aldetik, neronek ere ilustrazioak dituzten liburu gutxi erosten ditut. Badago halako protesta bat, guregandik datorrena, helduek ere ilustraziodun liburuak erosteko adierazten duena: «Ez dakizue zer galtzen ari zareten», esango bagenu bezala. Horrekin, ordea, guk bakarrik daukagu arazoa, publikoak arazorik gabe erosten baitu merkatuan dagoena, eta dagoen hori publikoak eskatzen duelako dago; argitaletxe guztiek dakite. Helduentzat ateratzen dituzten liburu ilustratuak luxuzko produktuak dira, eta oso publiko txikia, mikroskopikoa dute. Horregatik, argitaraldi txikiak egiten dira, eta liburu garestiak izaten dira; ilustratzaileei oso gutxi ordaindutakoak, bide batez. Ofizioko desabantaila guztiak batzen dira helduentzako liburu ilustratuen barruan. Publikoaren jokaerak berak esaten du zergatia.

Ilustrazioek helduei haurrei bezainbeste ez dietela transmititzen esan nahi duzu?

Umetan eragiten digun bizipena oso indartsua da, emozioak ere indartsu sartzen direlako. Marrazkiek oso justifikazio ona dute garai horretan. Helduentzat, ilustrazioak ikustea ariketa intelektual bat da; haurrentzat, berriz, oraindik oso sentsuala da, zentzumenetatik zuzenean tripetara sartu eta burutik irteten zaie.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.