Literaturako Nobel saria ez dute emango aurten, sexu-abusu kasuek baldintzatuta

2019an bi sari banatzea erabaki du Suediako akademiak. Zazpi urtetan irabazlerik izan ez duen arren, lehen aldia da hautua halako kasu batengatik atzeratzen dela

aitor biain
2018ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Literaturako Nobel saririk ez da banatuko aurten. Azken hilabeteetako sexu jazarpen eta irabazlearen izenen filtrazio kasuek erabaki hori hartzera behartu dute saria emateko ardura duen Suediako Akademia. Hala jakinarazi zuen atzo erakundeak berak, ohar bidez. Erakundearen hitzetan, akademiak «sinesgarritasuna» galdu du jazoera horien ondorioz, eta «ahulduta» geratu da epaimahaiko zortzi kidek dimisioa eman ostean. Bada, erakundeak «denbora beharko du indarra berreskuratu, kide berriak izendatu eta konfiantza berrezartzeko» sariduna hautatu baino lehen. Nolanahi ere, akademiak adierazi du bi sari emango dituztela datorren urtean: aurtengoari dagokiona, eta 2019koa, hain zuzen ere.

Urrian jakinarazi beharko luke akademiak aurtengo Literaturako Nobel saria norentzat izango den. Apirilean, berriz, hemezortzi kideko talde batek proposamenak aztertu eta hautagaiak izendatzen ditu. Kide horietako baten senarrari, Jean Claude Arnaulti, hain zuzen, sexu abusuak egin izana egotzi zioten hainbat emakumek. publikoki egindako salaketa batean, iragan azaroan. Orduan lehertu zen eskandalua. Andre horien arabera, 1997. eta 2017. urte artean izan ziren ustezko gertaerak, eta horietako gehienak akademiaren egoitzan bertan edo hari lotutako Parisko eta Stockholmgo (Suedia) luxuzko apartamentuetan gertatu ziren. Hori gutxi ez, eta beste hainbat iturrik Arnault bera jo zuten 2008ko eta 2014ko saridunen izenak filtratu izanaren erantzuletzat ere.

Gertakariek inoizko krisirik larriena eragin dute Suediako Akademian, eta erreakzio soka luze bat ekarri. Izan ere, dimisioa eman dute saria aukeratzeko ardura duten hemezortzi kideetatik seik, egoerarekin deseroso sentiarazita urteak dira beste bi kidek erabakietan parte hartzen ez dutela, bestelako arrazoiak argudiatuta, eta, beraz, akademia erabakiak hartzeko gutxieneko kiderik gabe geratu da gaur-gaurkoz: hamar lagunekin, hain zuzen.

Erreforma beharra

Suediako Akademiak ikerketa bat abiatu zuen, gertakariak argitu eta erakundearen eta Arnaulten benetako harremana zein zen jakiteko, baina itxitzat eman zuen berehala, frogarik ez zegoela argudiatuta. Orain bi aste, ordea, txostena argitara ematea eta Poliziaren esku uztea erabaki zuen. Ikerketa hark ondorioztatu zuen Arnaultek ez zuela baldintzatu erabakirik akademian: ez saridunak hautatzerakoan, ez eta diru laguntzak onartzerakoan ere. Aitortu zuen, hala ere, Arnaultek jasotzen dituen laguntzak ez datozela bat erakundearen inpartzialtasun arauekin. Izan ere, Arnault literatur klub baten jabe da, eta haren jabekide da Katarina Frostenson haren emaztea ere, akademiako kide izateaz gain. Ikerketak baieztatu zuen, halaber, irabazlearen izenaren konfidentzialtasuna behin baino gehiagotan urratu zela.

Asteon egindako bileran, akademiako gainerako hamar kideek azpimarratu zuten «marko berri bat» garatzeko beharra dagoela. Besteak beste, erakundearen estatutuak berritu beharra nabarmendu zuten. Izan ere, arau horren arabera, akademiako kideek bizi osoko kargua dute, eta, beraz, ezin dira ordezkatu. Erakundearen behin-behineko idazkari den Anders Olssonen hitzetan, kontu honek «epe luzeko lan irmoa» eskatzen du. Hain zuzen, akademiaren babesle den Suediako erregeak jakitera eman du aldaketa horiek aintzat hartuko dituztela aurrerantzean.

Irabazlerik ez zazpi urtetan

Nobel Fundazioak ontzat jo du akademiaren erabakia, baina aitortu du urtero eman beharko litzatekeela. Nabarmen du, halaber, eskandaluak «ondorio negatiboak» izan dituela sarian, baina azpimarratu du ez duela eraginik izango gainerako bost Nobel sarietan. Hala ere, gogorarazi du ez dela saria eman gabe geratzen den lehen aldia. Izan ere, 1901az geroztik, zazpi aldiz ez du irabazlerik izan Literaturaren Nobel sariak: 1914an, 1918an, 1940an, 1941ean, 1942an, eta 1943an ez zen saririk eman, Lehen eta Bigarren Mundu Gerraren ondorioz.1935ean ere, ez zen sariturik izan, hautagairik egon ez zelako. Horrez gain, beste zazpi urtetan 1915ean, 1919an, 1925ean, 1926an, 1927an, 1936an eta 1949an atzeratu egin zen erabakia, «hautagai egokirik» aurkitu ez zutelako. Gehienetan, hurrengo urtean banatu ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.