Durangoko 46.Euskal Disko eta Liburu Azoka. Unai Iturriaga. Idazlea

«Umetatik 'Ipurbeltz' irakurri dut, oso komikizalea naiz»

CONNY BEYREUTHER / ARGAZKI PRESS.
Durango
2011ko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Udaberri Ankerrena 36ko gerraren inguruko komikia plazaratu du Elkarrek. Gidoia Unai Iturriagak idatzi du eta irudiak Alex San Vicentek egin ditu.

Nortzuk dira Marieta Martin?

Mari 10 urteko neskatoa eta Martin 6 urteko mutikoa, umezurtzak biak, aitaita Eleuteriorekin batera, Durangora bidean doaz izekorenera tropa faxistak Intxortako frontearen kontrako azkeneko erasoaldiari ekitear direla. Martxoaren 31.enean faxistek errukirik gabe bonbardatuko dituzte Elorrio eta Durango, gure protagonistak sarraskiaren lekuko direla. Gure herriak gogoratzen duen udaberririk ankerrena izan zen 1937ko hura. Oraindino eta ankerragoa haur baten begietara.

'Elgeta' trikitilaria ere hor nonbait ibiliko zen...

Aitaitaren pertsonaia egiteko, Jazinto Rivas Elgetatrikitilarian oinarritu naiz. Hura beti zebilen etxerik etxe apopilo, bertako semeei soinua jotzen irakasten. Bidaia lagun aproposa iruditu zait.

Zure lehen komiki liburua idazten gustura?

Umetatik Ipurbeltz irakurri dut, oso komikizalea naiz. Xabiroi komiki aldizkarian aritzen naiz Sanvirekin, oso marrazkilari ona da. Komikia loraldian dagoela dirudi, eta niri asko gustatzen zait egitea. 12 urtetik gorako irakurle heldu batentzakoa da. Komikiaren bidez errazago hel zaitezke zenbait jenderengana.

Udaberri Ankerrena-ren amaieran sortze prozesuaren bilakaera azaldu duzue.

Bai, itzelezko lana da, eta interesgarria iruditu zaigu pausoz pauso azaltzea nola egiten den horrelako komiki bat. Ikastetxeetan irakasteko tresna aproposa da.

Durangarra izanda nola moldatu zara istorioa kontatzen?

Nire herrian gertatutakoaz Martxoak 31 musika taldearen bidez ezagutu nuen. Ikastolan ez ziguten irakatsi. Durangon isiltasun handia egon da gai honen gainean. Duela lauzpabost urte hasi ziren herrian garai hartako kaltetuak oroitzen. Gerrako irabazleei galdetu beharko diegu ea zergatik ez duten gaia aipatu ere egin. Sasoia zen horrelako zerbait egiteko; baina agian berandu da omenaldietarako, euretako asko hilik baitaude.

Durango 1936 kultur elkartea izan duzue lagun.

Grabatutako zenbait testigantza pasatu dizkigute. Gerediagatik laguntza handia jaso dugu. Jon Irazabalek historialari legez zuen informazioa eman dit, eta Esther Garciak dokumentaziokoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.